Maiana Aguerrek (Baiona, 1997) 10 urte zituen bakarrik, Itsasuko biolin irakasleak kabalkadan aritzeko proposamena luzatu ziolarik, 2007ko udan. Lehen esperientzia horrek utzi zion arrastoaz oharturik, pozik osatu du orain herriko lagunekin, 2019ko kabalkada antolatzeko taldea. Herriaz, gazteriaz eta tradizioaz aritu zaigu, eta zenbait aurreiritzi hautsi ditu ere bide batez.
Zure izena eta aurpegia ezagunak dira Itsasun. Herriko jardueretan inplikatzea inportantea da?
Bai niretzat biziki inportantea da. Gaztetatik hasi nintzen Itsasuko Ataitze dantza taldean eta musika jotzen hasi nintzen ere dantza taldearekin zein Itsasuko beste musikari batzuekin. Hamasei urterekin, festa komitean sartu nintzen; hastapenean, festen denboran ostatuan eta beste jardueretan laguntzen nuen eta orain dela hiru urte hasi nintzen musika arloaz arduratzen, programazioa egiten, taldeak kudeatzen. Horretan gustura ari naiz lanean orain, zeren musika maite dut eta horri esker inguruko musika taldeak eta ikusgarriak so egiten ditut, herriko festetan gero, denen gustuko programazio bat osatzeko.
Elkarrizketaren bideoa
Zein da zure errezeta festa politak antolatzeko?
Ez da lege arruntik. Baina guk kode batzuk atxikitzen ditugu; larunbatetan kontzertu batzuk egoten dira beti, saiatzen gira hemengo taldeak ekarrarazten, musika estilo ezberdinekoak, euskaldunak. Igandean festa herrikoia da, dantza ikusgarri batekin, sorkuntza izan ala hemengo beste talde bat eta azkenik, kantaldi bat, kontzertu bat edo dantzaldi txiki batekin bukatzen dugu. Azkenik festak zikiro batekin bukatzen dira beti. Egun bakoitzak badu bere ezaugarria eta euskal giroa atxikitzen saiatzen gira, hemengo jendea ibili arazteko.
Herriko festak inportanteak dira herritarrentzat?
Herritar guztiak ateratzen dira festen denboran, ez denak ber egunetan, bakoitzak bere egitaraua osatzen du, baina denak agertzen dira.
Zaila da denen izenean erantzutea baina baietz errango nuke, gazteentzat behintzat biziki inportanteak dira. Festa komitean hasteko berrogei gazte inguru ari gara, gaztetxean ere berdin eta komitetik pasa den jende andanak laguntzen gaitu beti festen antolakuntzan. Giro ezberdineko gazteak biltzen gara eta ez ditugu beti ideia berdinak; ni adibidez, biziki sartua naiz herriko gaietan, dantzan eta abar… baina bestalde badira horrelako proiektuetan sekulan sartzen ez diren jendeak. Horrek ez du kentzen toki batzuk edo momentu batzuk egon daitezkeela, non mundu ezberdineko jendeak gurutzatzen ahal giren, elkarrekin aditzeko eta gauzak elkarrekin egiteko, ideia ezberdinak izanik ere. Nik musika egitaraua eramaten dut eta batzuetan beste batzuek ideiak ekartzen dituzte eta egitaraua elkarrekin muntatzen dugu. Adibidez aurtengo bestetan DJ bat badugu asteartez zeren Tolosan ikasten ari den komiteko batek bertako DJ bat ezagutu eta ekartzea proposatu digu. Ideia ona iruditu zaigu gauza berri bat proposatzeko eta gure egitarauan sartu dugu.
Gero, herritar guztiak ateratzen dira besten denboran, ez denak ber egunetan bakoitzak bere egitaraua osatzen du, baina denak agertzen dira.
2019 urterako, emanaldi berezia prestatu duzue.
Bai herriko festen igandearekin, kabalkada antolatu dugu. Orain dela urte bat eta erdi dantza taldeko lau gazte hasi ginen ideia horrekin eta lortu dugu proiektua aitzina eramaten.
10 urte nituen lehen kabalkadan parte hartu nuenean eta hor lehen aldiz piztu zen nire baitan musikarekiko zaletasuna eta Itsasun inplikatzeko gogoa.
Itsasun, kabalkada, laurogeita hamargarren hamarkadan berpiztu zen. Garai batean, duela aspaldi antolatu omen zen baina gero, ehun bat urtez gelditu zen. Laurogeita hamar urteaz geroz, gazteak berriz lotu dira eta geroztik hiru antolatu dira Itsasun. Azkena orain dela zazpi urte gertatu zen. Orain arte gazteegi ginen segida hartzeko eta ez ginen gai sentitzen proiektu hain handia kudeatzeko. Orain, gure harremanak sendotu dira eta gogoa piztu da gure artean, dantza taldea berriz mugiarazteko batetik eta bistan dena herria berpizteko, kabalkadaren inguruko giroa berrezagutzeko.
Orduan hasi gara gure artean dantzak asmatzen eta programazioa egiten. Berria hedatu bezain laster herriak baikorki erantzun du, jende andana etorri zaigu lan egiteko gogoarekin. Gero errepikak hasi dira, antzerki lanak; kantuak herriko lagun batek idatzi ditu eta sorkuntzetan parte hartu duten musikariak ere herrikoak dira.
Zein dira kabalkada sortzeko behar diren osagaiak?
Horrelako proiektu bat eramateko, jende anitz ari denez, talde finko bat behar da, erregularki lanean ari dena. Gu lau gara kudeaketa talde horretan eta gero ardura bat jarri diegu hainbat herritarreri. Adibidez musika kudeatzaile bat dago eta hura arduratzen da hamar musikarien lanaz. Elkarrekin musika idazten dute eta gero, pertsona hori guregana heldu da zer dantza egin nahi dugun edo zer musika nahi dugun galdegiteko. Gauza bera da antzerkiarentzat, gutariko bat arduratzen da lau pertsonez osaturiko antzerki taldeaz eta gero elkarrekin aipatzen dugu antzerkia, materiala eta abar. Dantzan aldiz, guk dugu dena deliberatu eta dantzak asmatu, kurtsoak ere guk ematen ditugu eta gero aitak, ottok eta familiakoek erreleboa hartu dute. Izan ere kabalkadan ehun eta hogeita hamar dantzari ditugu eta hogeita hamar bat pertsona inguru antzerkian. Egiten du jende eta kudeaketa ainitz baina jendea hor da laguntzeko eta zinez biziki giro goxoan ari gira.
Gazte izanik ere, jendeari ohartarazi diogu gai garela horrelako proiektu bat kudeatzeko eta jendeak motibaturik erantzun du.
Hastapenean egia erran, jendeari kabalkada antolatzeko asmoaren berri eman geniolarik, batzuk pixka bat beldurtu ziren, jadanik gazte ginelako. Aitzineko kabalkadako antolatzaileek erran ziguten lan anitz zela, biziki antolatua izan behar zela eta haiek ez zutela ardura hori hartu nahi, aurreko edizioan pisuegi izan zitzaielakoan. Egia erran, hastapenean beldurtu gintuen horrek. Gero anitz hitz egin genuen gure aita-amen belaunaldikoekin; haiek dantzari gisa bizi izan zuten eta zinez baikor ziren eta motibatu gintuzten. Azkenean, gure artean indarrak hartu eta kabalkadaren proiektua aurrera eramatea erabaki genuen. Niretzat, horrelako zerbait hasteko, zinez gure arteko harreman sendoa izan behar zen. Gero jendeari erakutsi genion programazioa egina zela eta erakutsi baita ere gazte izanik ere, gauzak antolatzen bagenekiela, ez zela bakarrik asmoa bat airean, ohartu ginela diru mailan zein antolakuntzan lan handia bazela. Azkenean jendeari ohartarazi diogu gai ginela horrelako proiektu bat kudeatzeko eta ondotik, jendeak motibaturik erantzun du.
Itsasun erakutsi dugu anitz gazte mugitu dela eta herria ere mugitzen ahal dugula, gure ahalekin.
Bestalde, dantzak leku anitz hartzen du. Kabalkada bat muntatzeko, behar dira dantza berriak sortu, nahiz eta Ataitze dantza taldean, euskal dantza tradizionalak, mutxikoak modu tradizionalean eskaintzen ditugun. Guretzat, euskal tradizioa atxikitzea inportantea da, beraz mutxiko luze batzuk ematen ditugu gogoz, lehenengo pausuekin, kodeak atxikitzen ditugu dantzak modu tradizionalean eskaintzeko. Gero fandangoa eta arin-arina sorkuntzak dira, gabota ere moldatu dugu baina entseatzen gira pausoak diren bezala atxikitzea.
Dudarik gabe, sorkuntza handiena antzerkia da, toberak, hor zerotik hasi gira. Helburua da Itsasuko istorioak aipatzea, izan diren gertakariak, pixka bat zailtasunekin aipatzen diren kontuak, manera batez agertzea. Herriko lau antzerkilarik idatzi dute elkarrekin, sekulako lana egin dute zinez.
Musikalki ere sorkuntzak behar dira. Dantza berriek musika berria eskatzen dute. Musika tradizionalak ere aberasten saiatu gira.
Kostumentzat azkenik, berrikuntza batzuk ekarri ditugu kanpoko jantziak galdeginez beste dantza taldeetan eta Itsasuko taldearen jantziak atxiki ditugu, erreberrituz.
Musikari izateak lana gehitu dizu?
Musika jotzen dut normalean eta aitzineko kabalkadan musikan aritu nintzen ikusgarri osoan. Baina aldi honetan, antolakuntzan dagoen lan handia ikusirik, musika taldean ez parte hartzea erabaki dut eta sorkuntza lanetan ere ez dut parte hartu. Taldekoek egin dute horien artean, ni ondoan egon naiz baina ez dut parte hartu.
Gu gizartean aitzinatzen ari gara, gure ideiak aitzinatzen dira, beraz lehengo gauzak atxikitzea ongi da baina gureak gehituz.
Nire lehen kabalkada 2007koa, hamar urterekin egin nuen biolin jole gisa. Urte hartan hasi nintzen biolin klaseak hartzen eta nire irakasleak eraman ninduen kabalkada jotzera, bikaina izan zen. Agian garai hartan lehen aldiz piztu zen nire baitan musikarekiko zaletasuna, baita Itsasun inplikatzeko gogoa, eta kulturalki egia da niri musika tradizionala jotzea gustatzen zaidala, euskal musikak eta bereziki dantzak. Nire ustez nire irakasleak ekarri ninduen horretara, hamar urterekin kabalkadara eramanez biolina jotzera.
Itsasutik kanpo ari zara ere musikan.
Bai orain dela urte bat hasi nintzen Zarena Zarelako konpainian. Musikalki ainitz aberasten naiz horiekin. Taldean hamabost neska gira. Musika arloan, denak dira gure sorkuntzak. Proiektu polita eta aberasgarria da, bereziki niretzat. Izan ere orain arte ez nuen inoiz konposatu eta euskal musikaren eremutik ez nintzen ezta atera ere. Hor, doinuak ez dira bortxaz euskaldunak, ez dute tinbre berezirik. Nahi genuen musika sortu dugu, momentuko gogoaren arabera.
Proiektu hori biziki maitatu dut, bakoitzak ahal duena ekarriz, besteen ekarpenekin osatzeko...Biziki aberasgarria izan da.
Ondare immateriala zaintzea inportantea da?
Nire gustuko bai musikan zein dantzan, atxiki behar da tradizioa den bezala, kode batzuk errespetatuz. Bestalde, berrikuntza ere behar da, horrek du biharko tradizioa sortuko. Gu aitzinatzen ari gara gizartean, gure ideiak aitzinatzen dira, beraz lehengo gauzak atxikitzea ongi da baina gure gauzak gehituz.
Gehitzekotan, tradizioa ez dugu hausten, moldatzen baizik eta hori beharrezkoa dela iruditzen zait, aitzinatzeko eta denborarekin gauzak transmititzeko ere.
Errango zenuke gazteak aski inplikatzen direla kultura herrikoian?
Atzematen dut Itsasuko gazteria mugitu dela biziki kabalkadarekin. Hasteko dantza taldeko gazteek, ikasleek, ideia bikaina atzeman dute, nahiz eta gazte izan, hamabost, hamasei urte ingurukoek, parte hartzeko gogoa agertu dute berehala. Hogei urte pasatxo dituzten gazteak aldiz ez ziren bortxaz biziki motibatuak hastapenean, baina errepikak hasi eta herria mugitzen hasi denean, dinamika bat agertu da eta gazte horiek ere ikusi dute herri osoa mugitzen ahal zela, harremanak berriz sortzen zirela jendartean. Guk herritarrak ezagutzen ditugu baina ez dugu bortxaz harreman handirik herrian; kabalkadari esker, harremanak denen artean sortzen dira, gazteak mugitzen dira eta zaharrak are gehiago. Gaur egun egia da anitzetan entzuten dela gazteak ez direla mugitzen, ez direla proiektuetan inplikatzen. Itsasun erakutsi dugu anitz gazte mugitu dela eta herria ere mugitzen ahal dugula, gure ahalekin.
Zein da zure musika errepertorioa?
Nik biolina jotzen dut; etxean ikasi dut, hemengo musikari irakasle batekin. Hastapenetik argi nuen mutxikoak, hemengo dantzak eta hemengo kantuak gustuko nituela. Euskal errepertorioan finkatua naiz bakarrik, ez dut sekulan klasikorik hunkitu ez naiz horretara inoiz hurbildu. Bestalde Irlandar musika, beste herrietako musika tradizionalak jotzen ditut ere. Musika horiek gustuko ditut eta gustura jotzen ditut.
Jakin behar da hemengo musika tradizionalean biolina maiz jotzen zela lehen. Mutxikoak eta beste jauzi guztiak biolina eta ttunttunarekin jotzen ziren. Beraz biolinista gutxi bagara ere, zinez badugu gure tokia eta jotzeko manera. Orain esku soinu, trikitilariak eta horrelakoak nagusi dira euskal kulturan baina lehengo musikak eta garai bateko partiturak hartuz, biziki goxoa da biolinistentzat.
Muga maiz zeharkatzen duzu?
Egia erran ez naiz iparraldetik anitz ateratzen. Gero hegoaldeko musikariekin ibili naiz orain dela gutxi, Arkaitz Minerekin hain zuzen, bereziki euskal musikan ibiltzen dena. Beste parada batzuk izan ditut baina ez naiz gehiegi ibiltzen.
Bordelen egon zara ikasketentzat. Esperientzia ona izan da?
Bordelen hiru urtez egon nintzen ikasketak egiten. Egia erran zaila izan zen niretzat hemendik urruntzea, nire oinarriak uztea. Baina nire gustuko, edonorentzat on da hemendik ateratzea, beste giro bat, bizitzeko manera bat ikusteko. Horri esker ohartu naiz gainera hemen baditugula zinez gauza biziki aberatsak, dantza, musika, pilota, antzerkia eta beste gauza anitzetan, alegia, Bordelen bortxaz ikusi ez ditudan gauza anitz. Handik sartu naiz gogo handiagoarekin hemen gauzak egiteko, dinamikak sortzeko, proiektuak eramateko; enbeia gehiago sortu dit hemen egoteko eta hemen gauzak egiteko.
Bordelen, faltan bota nuen ere euskaraz mintzatzea, hizkuntza hori, euskarari esker eguneroko bizian dugun harreman hori.
Bordelen, faltan bota nuen ere euskaraz mintzatzea, hizkuntza hori, euskarari esker eguneroko bizian dugun harreman hori. Atzematen dut ere kantuak edo musikak bizitasun bat sortzen dutela gure artean, nortasun bat dugula kantuan hasten garelarik, kantari edo musika bati buruz ari garenean; herri ttipietan atzematen dut bakoitzak duela bere nortasuna eta bere rola. Hiri handietan aldiz, uste dut nortasun hori galtzen duzula. Horregatik diot ez garela gauza handi bat mundu honetan baina herrian sartzen garelarik eta proiektuetan sartzen garelarik, hor badugu izateko manera bat, eta horrek on egiten du.
Lanean euskaraz ari zara?
Erizain lanetan ari naiz Kanbon, biziki euskaldun gutxi gara lanean eta askotan adineko jendearekin euskaraz ari naiz. Frantsesa dakite ere baina euskara heien ama hizkuntza da eta ikusten dutelarik Maiana deitzen naizela, berehala euskalduna naizen galdegiten didate. Horri esker harreman berezi bat sortzen da gure artean, errexkiago aipatzen dituzte horien zailtasunak, behar dituzten gauzak eta artatzeko ere balio du hizkuntzak. Euskaraz harreman hori sortzea lanean biziki aberasgarri da bai.
Beste proiekturik, ametsik buruan?
Ideiak ez dira falta baina momentuko ez dut beste proiektu finkorik. Musikan gustura arituko nintzateke Irlandar talde batekin eta musika estilo desberdinak landuko nituzke. Baina ez dut urrunago begiratzen, nahiko lan badut momentuz. Gainera biziki gustura ari naiz esku artean ditudan proiektu guztiekin, musika ez nuke sekulan utziko, Zarena Zarelako ere biziki maite dut. Proiektu horiek naute aberasten momentu honetan, horrekin ontsa naiz, geroan gerokoak.
Orain arte pausatu ez dudan galderarik erantzuteko gogorik?
Ez itzulia egin dugu, denak erranak dira.