Zango bat musikan bestea bideogintzan, Maia Iribarne-Olhagaraik (Donibane Garazi, 1995) Garazi aldeko Xofaldia Prod. taldeko lagunekin martxan jartzen ditu burutik pasatzen zaizkion proiektu artistikoak. Ideia bat izatetik, proiektu bat nola gorpuzten den errealitate bilakatu arte ikasi du Bañolet proiektua eramanez. Euskararen lekuaz, auzolanaren balioaz eta determinazioaz zenbat jakitate bereganatu ditu ere sortzaile nafartar gazteak.
Nolakoa izan da 2021 urtea Maia Iribarne-Olhagarairentzat?
Biziki kargatua izan da izan ere dokumentalgintzan formakuntza bat segitu ahal izan dut Ardèche eskualdean eta ber denboran Bañolet film proiektua eraman dugu Paxkal Irigoien lagunarekin. Udan grabatu dugu Eiheralarren eta gero muntaketa lanekin segitu dugu Bidarrain, seriearen partaide den Kanalduderen egoitzan. Musika ere guk sortu dugu eta horrek are denbora gehiago hartu digu. Lan handia izan da.
Elkarrizketaren bideoa
Nola iritsi da serie baten egiteko ideia?
Paxkal Irigoienekin beste proiektu ezberdinak kudeatu genituen jada, bereziki musika alorrean, herriko dantza taldean ere eta hor beste zerbaiten egiteko gogoa genuen. Hastapenean ez genekien batere zer forma hartuko zuen proiektu berriak eta emeki bideratu zen serie baten ideia. Uste dut horrelakorik ez dela egina izan lehenagotik. Istorioa idazten hasi ginen eta gero musika sortzen eta horrela, urratsez urrats hasi zen proiektua gorpuzten 2019 urte bukaeran.
Musika eta bideoa, ttipidanik dudan tira-bira da.
Ondoko udan, Eiheralarreko familia eta lagun batzuei proiektua aipatu genien eta hasi ginen entsegu batzuen plantan ematen; 2020ko udan bi kapitulu grabatu genituen froga gisa. Guretzat biziki urrats inportantea izan zen serieko pertsonaietan sakontzeko, grabatzeko moldeak aurreikusteko, eszenak lantzeko eta abar. Horren ondotik, idazketa erabat transformatu zen eta diru laguntzak, partaidetzak bilatzen hasi ginen. Egia erran urrats hori biziki zaila eta pizua izan zen, desesperatzeko modukoa, baina azkenean gure maneran egiteko determinazioa nagusitu zenean, opari gisa iritsi zen Durangoko Azokaren sari ederra. Horri esker plantan eman ditugu 2021ean egin ditugun grabaketa lanak. Bi astez, Bañolet serieko hamabost minutuko lau kapituluak grabatu ditugu. Gero muntatu eta musika guztia ere sortu eta grabatu dugu, disko bat ateratzeko asmoz. Guztia 2021eko urte bukaeran atera da.
Musikak, ikus-entzunezkoak, zeinek erakartzen zaitu gehien?
Ttipidanik dudan tira-bira da hori. Ama musikaria izanik, ahizparekin biziki gazterik hasi ginen musikan. Ni zazpi urterekin hasi nintzen biolina ikasten, Garazi aldetik Baionako kontserbatoriora eramaten ninduen amak astero, ez nuen besterik buruan. Gero modu informalagoan segitu dut jotzen, herriko dantza taldean, lagunen musika taldeetan, etxean.
Filmatzearena ere ttipitik dudan zaletasuna da; aitak anitz grabatzen gintuen etxean eta horrek anitz erakartzen ninduen, grabatu nahi nuen nik ere eta fite muntaketa txikiak egiten hasi nintzen etxean. Lizeotik landa, musika anitz jotzen nuen ezker eskuin baina ez nuen horretan bakarrik aritu nahi, orduan ikasketak ikus-entzunezkoetan egitea erabaki nuen eta lau urtez Aretxabaletako ikus-entzunezkoetan egon nintzen. Gaur egun, biek leku parekatua dute nire bizitzan. Aurten formakuntza segitu dut dokumentalak egiten ikasteko; musikari doakionez, 2019an Habia hirukotea osatu dugu Bastidako Lagunarte konpainiaren babespean. Ingurumen horrek gogoeta biziki interesgarriak edukitzera eramaten gaitu, ondarearen inguruan, musika herrikoiaren inguruan eta abar. Sekulako formakuntza eta koadro profesional batean aritzeko parada ematen digu eta hortaz bizitzeko aukera ere bide batez.
Musika eta bideoa gauzak erakusteko eta jendearekin partekatzeko forma ezberdinak dira, nik bien arteko oreka maite dut.
Bañolet proiektuan ere musika eta bideoa uztartu ditugu kasik hein berean. Bideoak denbora gehiago hartu digu agian, jende eta antolakuntza gehiago galdegiten duelako baina musikan ere indarra eman dugu eta zinez goxo zen. Biek ekartzen duten oreka maite dut nik. Musikak badu zerbait bizirik dena, kontzertu guztiak ezberdinak dira eta hori gustatzen zait. Bideoak aldiz, zuzeneko bizipen hori grabaketa denboran badu eta gero objektu bat sortzen da; hori jendearekin partekatzea ederra da ere, zinez. Biak gauzak erakusteko eta jendearekin partekatzeko forma ezberdinak dira eta nik bien arteko oreka hori maite dut.
Bañolet bisita dezagun orain.
Bañolet testuinguru berezian bizi den herria da, alegia Frantziak garai batean kolonizatutako herriek, Euskal Herria, Bretainia, Korsika eta beste herri okupatuek lurrak berreskuratu eta herri berriak sortu dituzten garai batean. Luixa serieko protagonista eta bere lagunak herri horretan handitzen dira eta bertan herritarrek, ohitura bat dute, haurtzarotik heldutasunera pasatzeko garaiarekin lotua. Pasarte hori markatzen duen besta handi bat prestatzen dute, herriko leienda zahar batean oinarritua. Herrian, bada eihera zahar bat, herrikoentzat leku sakratua dena misterioz eta istorio zaharrez inguratua. Testuinguru horretan haurren abenturak kontatzen ditu Bañolet filmak. Testuinguru hori plantatuz, identitateari, hizkuntzari, populu zapaldua izateari buruzko gaiak jorratu nahi izan ditugu; seriearen istorioarekin aldiz, haurtzaroa eta heldutasunaren arteko pasarte delikatu hori, botere harremanak, hunkitu ditugu. Gero, Bañolet biziki herri eroa denez, beste gai eta egoera absurdo anitz nahasi ditugu, giro berezia eta irri egiteko asmoa betez.
Nola pasatu da seriea egiteko prozesua?
Dinamika orokorra sekulakoa izan da, zinez hori niretzat proiektuaren oinarrizko zutaberik inportanteena izan da, hor sortu den giroa. Hastapenean, Eiheralarreko lagun eta familia batzuei komentatu genien proiektua eta bestalde, Garazi aldeko sortzaile ezberdinak biltzen dituen Xofaldia izeneko lagunei ideia komentatu eta segidan piztu zen horren inguruko giro bat eta egiteko gogoa.
Prozesu guztia osoki euskaraz eramateak sortu du dinamika biziki ederra.
Udako grabaketetan ere ageri zen giro eder hori. Eiheralarre zentroan herriko eskola utzi ziguten bilgune gisa erabiltzen, plaza guztia okupatzen genuen eta aktore lanetan nagusi diren haurrekin ere sekulako giroa piztu zen, mandilkerietan ari ziren bizikletaz herri guztia inarrosten. Sekulako laguntzaile sarea osatu da ere behar zen guztian laguntzeko prest eta dena euskaraz egina.
Bestalde prozesu guztia osoki euskaraz eramatea gure ardatz nagusi bat zen hastapenetik eta hor sortu den dinamika biziki ederra izan da, biziki kontent ginen. Orotarat 150 pertsona inguruk parte hartu du udako grabaketetan, ekipa teknikoan, zirkulazioa egiten, sukaldatzen, apainketan eta figurazioan ere jendetza bildu da.
Bañoleti musika ekartzeko prozesua ere polita izan da. Orain asmoa genuke hori zuzenean emateko, Paxkal Irigoien eta beste musikari batzuekin. Proiektuari segida baten emateko, zine-kontzertuak ematea pentsatzen ari gira ere, musika eta bideoa hein berean uztartzeko.
Zer ekarri dizu zuri proiektu horrek?
Jadanik buruan duzun ideia gauzatu ahal izatea sekulako lorpena da, hortaz biziki kontent naiz.
Buruan duzun ideia gauzatu ahal izatea sekulako lorpena da.
Bestalde, eginez ikasteaz, gauzak praktikara eramateaz pozik atera gara, izan teknikoki, proiektuaren antolaketan, gauza anitzetan, profesional zein laguntzaileez inguratua, udako grabaketetan, anitz ikasi dugu. Bestalde ekarri dautan beste gauza bat, ongi pasatzea izan da. Noski ez da beti errexa izan, hainbat problema ukan ditugu, gauzak pentsatu genituen bezala ez dira atera beti baina sekulako momentu onak pasa ditugu.
Ondare immateriala atxikitzea inportantea da zuretzat?
Hasteko ondare immaterialak leku handia hartzen du Euskal Herrian.
Gure eginkizuna da ondareaz birjabetzea eta horrekin aitzina joatea, tresna baliosak dira, erresistentzia tresnak dira.
Ahoz edo gorputzez transmititzen diren gauzak erresistentzia tresnak bezala ikusten ditut, euskaldun gisa irauteko tresnak alegia, denboran nor garen ulertzeko tresnak. Orduan erran gabe doa inportantea dela horren bizirik atxikitzea, transmisioaren erronka sekulakoa da, eta gauzak nola transmititzen diren oinarrizkoa da ere. Ez da bakarrik ondarea kontserbatzea, euskarri batean grabatzea edo pausatzea, erronka handiena da bizirik atxikitzea. Gure eginkizuna da ondare hortaz birjabetzea eta horrekin aitzina joatea, biziki tresna baliosak direlako, erresistentzia tresnak dira zinez. Eta lehena hizkuntza da dudarik gabe, mundua begiratzeko eta ulertzeko tresna inportanteenetakoa da beraz atxiki behar da.
Zertan dabil Maia lanean ez denean?
Lagunekin egotea gustuko dut, horretan pasatzen dut denbora libre gehiena. Lehen aipatu dudan Xofaldia kolektiboko kideekin denbora anitz pasatzen dugu elkarri laguntzen, proiektuak sortzen, ideiak partekatzen. Gero ibiltzea, irakurtzea, filmak ikustea gustuko dut. Gauza harrigarririk ez egia erran.
Ikusi dituzun filmen artean, zein da azpimarratuko zenukeena?
Galdera zaila, ondare immaterialarena bezain zabala. Bat aipatzekotan ikusi berri dudan Non dago Mikel? biziki kausitua atzeman dut, biziki ederra eta gogoetatzeko gai asko azaleratzen duena. Denbora berean memoria historikoaren beharra azaleratzen du, baina hori baino harago doa, alegia filmak beste hainbat gogoeta irekitzen dituela. Egileek hamaika urte behar izan dituzte filma egiteko eta emaitzan ageri da. Zinez anitz inarrosi nau filmak, biziki hunkigarria atzeman dut, zorionak egileei.
Proiektu berririk buruan?
Baditut proiektuak gogoan baina goizegi da hauen aipatzeko, izan ere egunez egun aldatzen ari dira eta orain denbora hartzeko beharra dut, idazteko, pentsatzeko. Pentsu dut proiektu batzuk denbora gehiago hartuko dutela, luzean instalatuko direla, bereziki dokumentalen proiektuak.
Bukatzeko aipatu ez dugun gai bati buruz hitz egin nahi zenuke?
Zerbaitekin bukatzekotan, niretzat sorkuntzan biziki inportantea den gauza bat aipatu nahi nuke berriz, alegia hastapenetik bururaino sorkuntza prozesu osoa euskaraz eramatearena. Zinez premiazkoa da niretzat eta Euskal Herrian lan handia dugu horretan.
Biziki aspektu inportantea ere auzolana da, ikustea horrelako proiektuak nola eramaten diren herri dinamikari esker.
Bañolet biziki maitatu dut horretarako etapa guztiak euskaraz eraman ditugulako. Biziki aspektu inportantea ere auzolana da, horrelako proiektuak nola hasten diren eta nola eramaten diren herri dinamikari esker, bertako herritarrei esker. Nik herriko dinamiketan lan eginez segitu nahi nuke, maite ditudan pertsonekin eta herritarrekin, inor ez gutxietsiz. Musika edo zinema munduetan, hainbat bide daude, batzuetan "pailleten" mundura erraz lerratzen diren bideak ere bai. Horren ondoan badira beste hainbat proiektu molde ezberdinetan egiten direnak, biziki ederrak direnak, orduan ni hauekin gelditzen naiz.