Lierni Elortza (1965, Segura, Gipuzkoa) Azkaine eta Goierri artean bizi da, Segura Irratian kazetari izanki. Asteroko joan-jin horiek ez bide diote euskaldun kosmobisioa higatu. Xilaba bertsolari txapelketan epaile lanetarako kemena ere gordea du... Halako trinkotasun alai bat.
Lierni... zer da izen hori?
Batez ere Goierriri lotura dutenek daukate izen hori... Uste dut oraingoz bakarra izango naizela Iparraldean! Segura aldean dagoen kapera txiki bateko ama birjinaren izena da Lierni. Oso toki polita da, Aizkorri eta Aralar ageri dira handik, eta jatetxe arras ona ere badago bertan!
Ez duzu minutu bat ere iraun Goierriri publizitatea egin gabe...
[irriak] Zer nahi duzu ba, hain dut maite sorterria!
Goierritar sentimendu hori, bada zerbait...
Uste dut sartu zitzaidala magisteritza ikastera joatean, Eskoriatzara: Iñaki Mendiguren itzultzaile ezaguna genuen geografia irakasle, eta beti azpimarratzen zuen goierritarren izate hori. Goierrik badu, eskualde gisa, zerbait oso markatua, bai.
Naturala da hori, ala muntaketa komertziala?
Uste dut aski errotua dugula. Gero, identitate hori bakoitzak sentitzen du, edo ez. Geografikoki dugun kokapena ere berezia da, txokoa, Gipuzkoako azken muturra, Nafarroarekin mugan. Hizkuntzaren aldetik ere, hitz egiteko modu aski... nola erran...
... hetsia?
Guretzat ez! Ez aspaldi hango gizon bat elkarrizketatu nuela, gaztain-solas aritzeko... Niri biziki argia iruditu zitzaidan... Baina Euskal Irratietako Gezur Flax emankizunerako hartu zuten, umorez, ezin ulertuzkoa zelako Iparraldean!
Jendeak oraindik zentzua aurkitzen ote dio mendi aldean bizitzeari?
Goierrin, hustu dira baserriak. Industria anitz dago, zorionez langabezia gutxikoa. Baina baserrietan, ideia bat transmititu da: hor beti lanean ezin biziz aritzeko ordez, joan fabrikara soldata segurtatzera, eta asteburuak libratzera... Ikusmolde horrek irauten du oraindik ere, eta baserria galzorian dago: lehengoan mendi-mazela bati so geundela, hemendik urte gutxira hango guztiak hutsak izanen zirela ari ginen komentatzen. Gelditzen diren apurrek ez dute jarraipenik.
Etxe horiek zer bilakatzen dira?
Batzuek horko jendeak berritzen ditu, bakoitzak bere gustuaren arabera, eta ongi jatearen plazer eta gustuz atxikiko dituzte abere, baratze, zuhaitzak. Ez daude batere etxeko ekonomia edo autonomiari begira.
Eragina baduke Ordiziako azokan...
Dudarik gabe. Azokako jende gehiena adinez aurrera doana da, eta nik ikusten dudan galerarik handiena, naturaren jakiturian da: ikaragarri galdu da, eta dakiten horri ez diote batere baliorik ematen, ez dute transmititzeko beharra ere sentitzen. Alta, oso konpatiblea da gaurko bizimolde eta akademiekin ere bai! Eta beharrezkoa, sanoki bizi nahi bada: jakitea zein diren sasoian sasoiko fruitu eta barazkiak, gutxienez...
Hizkuntzan baduke eragina?
Bai, galtzen diren eginmolde, kontzeptuen izenak ere baztertzen baitira, logikoki! Baina are gehiago, hizkuntzaren bizitasunean ere zerbait ahultzen dela iruditzen zait... Erramolde batzuk naturak erakutsiak ziren: pentsa zer indar zuten berenbaitan!
Ekologiaren uhina ez da Goierriraino heldu?
Badu bere eragina, baina ekologia aski urbanoa dela errango nuke. Teorian bai hitzak, baina koherentzia gutxi egitatez. Biologiko etiketa aski zaiote, nahiz-eta Andaluzia zolatik jina izan beren mozkina! Ondoko baserrian badutelarik hori baino hobea, nahiz-eta etiketarik ez izan, eta hari erosteak dakarren ondorio guztiaz ohartu gabe... Tokiko ekonomian, baita kulturan!
Jakintza berreskuratze edo dibulgatze horretan, Segura Irratiak badu bere funtzioa?
Bere hein txikian uste dut baietz, eta ni behintzat horretan saiatzen naiz! Bi programa ditut gaurko egunean: Ordiziako azokari loturikoa bata, eta euskara sustatzeko bestea. Pertsona bakarrak ezin du gauza handirik egin, baina sentitzen da gizartean geroz-eta gogo handiagoa... Pena da hainbat jakintza galtzen utzi izana, ikusiz nolako indarra egin behar den berreskuratzeko. Naturalki genituenak, orain sekulako inbertsioa behar horiek gureganatzeko berriz! Gero, badut beti zalantza ea asmatu ote dugunez gure mezuak eta gogoetak hedatzeko moduan...
Euskara sustatzeko emankizun baten beharra bada Goierrin?
Eta bai... Segurako euskara elkarteek bultzatu emankizuna da, udalak babesturik: kasik denek badakigu euskaraz, baina mintzatzeko usaia anitz galtzen da. Ezin da Azkain batekin konparatu, baina aski da erdaldun bakarra inguruko bost euskaldun gazteleraz hasarazteko... eta batzuetan, ez da erdaldunaren beharrik ere! Orduan, jarrera kontu horiek lantzen saiatzen gara irratian, euskara ez erabiltzeak dakarren zirkulu hori molde motibagarrian deseraikitzen. Kontutan hartuz zer patrimonio kulturala den galtzen hizkuntzarekin batera!
Nola kudeatzen dituzue euskara batua eta euskalkia, programetan?
Irratian ari garenean, Goierriko batu zerbait ateratzen zaigu, erdipurdiko zerbait! Baina euskalkiekiko atxikimendua badugu, eta gureaz gain, besteak ere sartzea adostua dugu irratian. Adibidez, Irulegiko Irratiko Marie-Agnes Gorostiaga hasiko da orain nirekin kolaborazioak egiten: gure helburu nagusia da belarria egitea, irekidura bat sortzea euskaldunon artean, gure hizkuntzak dauzkan aberastasunez ohartzeko, baita gure arteko zubiak ere probokatzeko.
Zure bizitzaren ardatza ere bada, Lapurdi eta Gipuzkoaren artean ibilki baitzara...
Hogei urtetan laster hemen, Leitzako lagun handi batekin, edozein festen aitzakian ibiltzen ginen Euskal Herri osoan, asteburua pasa, baita Iparraldean gaindi. Nahiz-eta ez nituen herriak beti ongi kokatzen...
Hala ere, ez zenituen Azkain eta Sara nahasten?
[irriak] Orain, ez! Azkainen bizi naiz azken hogei urteotan kasik, eta astero Segurara joaten lanerako bizpahiru egunez, orain internetek murrizten baititu bidaia fisikoak, zorionez. Nahiz-eta muga sentitzen den hain erregularki zeharkaturik ere, erran dezaket euskaraz bizi naizela bi tokietan: Azkainen, guneak gehiago bilatu behar dira, baina hizkuntzarena irizpidea zait denda bat aukeratzeko, adibidez... Euskaraz bainaiz etxean sentitzen. Eta ziurtatzen ahal dut goierritarrak ere frantsesez ikasten duela Lapurdin, trakeski bada ere! Muga kontu horietan, gauza batez konturatu gara: janariaraino hunkitzen gaituela haustura horrek!
Erran nahi baita?
Leka borobila eta zabala izendatzeko moldea: bata frantsesa, espainola bestea... Biper kontuetan ere, muga badago! Goierrin, oso ongi ezagutzen dira Lodosakoa, Pikilloa... baina inork gutxik daki Ezpeletako biperraz zerbait! Ikusten duzu Frantzian nolako prestigioa duen, eta kalitate handiko mozkin hori ez dela Ordizia bezalako gunean ezaguna: zerbait huts egin dukegu noizbait, ez?
Eta zu, Lapurdin ere bizi-bizia: ez nolanahiko hautua eginik gainera, Xilabako epaile gisa...
Ez dakit hautua den, ala hartu egin dudan heldu zena! Txapelketa antolatu zelarik, Bertsularien Lagunak elkartean erran nuen hutsune bat betetzeko prest nintzela, nire gaitasunen neurrian. Ez bertsolari gisa, zoritxarrez niretzat! Gai-jartzaile taldean hasi, baina epaile multzoa fite agertu zen hankamotz. Bi pentsaketa egin, eta ikusi nuen epaitzeko ariketa hori nirebaitatik gauzatzen nuela, nire sailkapenak osatuz, belarria grabaketetan zorroztuz... Bertsozale anitzek dugu joera hori, ororen buru, baina falta zitzaidan analisia hori zenbakietan bihurtzea. Berez, ez zait lan hori erosoa: nor naiz ni, norbait notatzeko? Aldi berean, ordea, saio-bukaeran sortzen den saltsa hori ikaragarri gustuko: bertso hori zein ona, eta hau horrela erran izan balu... Giro hori zinez maite dut, beroan beroko azterketa hori...
Nahiz-eta epaile gisa, orain horretan ezin zaren sartu...
Diskrezioz eraman behar da, bai! Ezin duzu zurea denetan azaleratu. Gainera, epaile izateak badu halako pisutxu erantsia: “pisutxu” diot, orain bospasei kide garenez saio bakoitzeko epaimahaian, bakoitzarenak %20 baizik ez baitu pisatzen. Hala eta guztiz ere, ardura bat da, eta hala bizi dut.
Formakuntzarik ukaiten ote duzue?
Bai, eta txapelketa oro gainera. Asier Ibaigarriaga bizkaitarra etortzen da, materiala prestaturik, ondo ziblatutako bertsoekin: horiei buruzko azterketak egiten ditugu, bertsoak dituen ikuspegi ezberdinetatik. Metrika, oinen kalitatea, errimen aberastasuna, baita pertzepzio orokorra: bertsoa nola sartu zaizun. Erran nahi da alde batetik gauza hotz-hotzak badirela, teknikari lotuak, baina subjetibotasunak ere baduela bere tokia azken-azkeneko emaitza horretan. Gero, kontzentrazio anitz eskatzen duen lana da: beti adi egotea da gutxieneko baldintza, eta hori ere praktikatzen dugu gure ikastaroetan.
Formakuntzek epaileen artean iritziak partekatzeko aukera ere eskaintzen dute?
Bai, eta trukaketa horiek arras baliosak dira! Lehen urratsean, bakoitzak bere txokoan lan egiten du, eta ondotik beti partekatzen dugu: hori da interesgarria, azkenean sortzen zaizkigun zalantzen argigarri baitira, eta behartzen baitzaitu zure erabakien justifikazioak azaltzea, arrazoibide bat atxikitzea. Teknikoki ere, ikasten duzu hanka luzeen detektatzen. Epaileek elkar ezagutzea ere funtsezkoa zait, txapelketa denboran berean aukera laburra baitugu trukatzeko, hitz bat ulertu ez badugu, adibidez. Joan den mezua ahal bezain argiki harrapatu behar baituzu, edo gaiarekiko lotura zer heinetakoa duen, aurrekoari erantzun ote dion ere bai.
Elkarrizketa batean erraniko zure hitzak dira hauek: “lehen, xarma; orain, perfekto”. Dantzaz ari zinen, orduan: gauza bera erran dezakezu bertsolaritzaz?
Perfekto dira batzuk, xarma dute denek! Bizian bezala, perfekzioa oso zaila da bertsotan ere. Bertsolariak miresten ditut, eta ez dut uste xarma galdu dutenik. Testuingurua kontutan hartu behar ere da: bertso-afarian ala txapelketan izan, ez du deus ikustekorik... Txapelketan, perfekzio baten bila joanen dira...
Koadro eta arautegi baten araberako perfekzioa, hala ere...
Noski, ahalik eta hobekien, dena izan dezala bertsoak: grazia eta ukidura ukan ditzala, eta teknikoki bete dezala guztia. Horregatik ere dut uste, batzuetan, epaileen eta publikoaren artean koxka bat badagoela: ni, publikoan, ez naiz hasiko bertsoa teknikoki zuzena den analisatzen; mezuarekin geldituko naiz: “Ttak!”, zein ondo! Epaimahaian, aldiz, den-dena kontutan hartuko dut, eta nik ditut puntuak ematen... Jakinez ikusle baten pertzepzioa ezberdina izan daitekeela.
Baina txapelketak behartzen du bertsolaria bere mezua argi botatzera... Iradokizunean, edo lausotasun artistiko batean geratzen bada, puntuak galtzen ote ditu?
Hori oso subjektiboa da. Literaturan, artean topatzen den erreakzioa: iradokizunak utzi gosea gustatzen da, edota “zer kristo erran du?” bezalako kezkak sor ditzake! Horregatik ere du epaile bakoitzak %20 baizik ez ordezkatzen, ikuspegi desberdinak baititu bakoitzak, publikoan bezalaxe funtsean. Gustu gehien islatzen saiatzeko... Lortzen ote den? Beti galdera ikurra izango da.
Eta bada politikoki zuzena izatea ere...
Ondo sartzen zaizu edo ez, baina zenbait ideia botatzeko manera zakarra izan daiteke. Politikoki zuzena izanik ere. Alta, beste batzuetan, gordin bota, baina ondo: hori zuen erran nahi, ederki! Ez dut kentzen batzuetan zurikerietan erortzen direla, eta ez dudala maite. Denen gustukoa izan ez diren ideiak ere bota izan dituzte, molde ederrean, eta badute meritua. Ahantzi gabe, batzuetan, bertsolariak gaiztoaren papera jokatu behar duela, eta betebeharrak badituela!
Eta zerbait sexista iruditzen zaizuna bota badu, zer pasatzen da notarekin?
Paperak ez badio hori eskatzen, ziurrenik eragina izango du puntuazioan: ez nau ongi ukitu. Teknikoki perfektua bada, kontutan hartuko dut, baina ideia aldetik ere bai, ordea. Hala ere, uste dut hori baino urrunago doala hori guztia: bertsolariak botatzen duen mezuaren araberako erantzuna emanen dio herriak. Ez txapelketan bakarrik: ondotik saioz saio kantatzeko ere bai. Baldin badakizu bertsolari batek errandakoarekin sufrituko duzula, ez duzu deituko. Herriak berak ematen dio ahotsa pertsona jakin batzuei edo besteei.
Publikoaren zama hor da, beraz...
Bai, noski: elkarrekin doaz bertsolaria eta publikoa, jende aurrean kantatu nahi duenarentzat behintzat. Oso bertsolari onak badira paperera mugatzen direnak.
Baina epaile gisa ere, ikusleriaren zama hor da: BEC-en fite hautematen da bere txapelduna hautatua duelarik...
Sekulako txaloak entzuten dituzunean, edo hotz-hotz sentitzean, zer pentsatu ematen du: tentsio-puntu horrekin joaten naiz ni saioetara. Horretarako prest izan behar duzu: zuk puntuatzen segitu behar duzu txalo eta oihu zaparraden artean, baita isilune luzeetan. Ez da batere erraza!
Publikoak gustukoa ez duen bat atera daiteke txapeldun?
Zaila da. Normalean, txapeldun atera denak gauza asko egin ditu ongi. Gauza on horien artean, publikoarengana iristea ere badago. Gero, lehen aipatzen genuenari lotzeko, badaude txapelketan oso aurreratuak diren bertsolariak, baina plaza gutxi daukatenak... Eta alderantzizkoak ere bai! Txapelketak denentzat tokia badu: bertsolari bakoitzak du jakin behar non den. Txapelketak bertsolaritzari ematen dio boom hori, baina askoz mundu zabalagoa da egitan. Eskerrak, funtsean...
Euskalkia markatzen duen bertsolariak, puntuak galtzen ote ditu? Xiberotar batek, adibidez?
Ez koherentea baldin bada, eta tokian tokiko txapelketa baldin bada. Horrek ekartzen ahal ere dio zerbait gehiago. Bertsolariak ulertua izan nahi du: ariketa interesgarriak egin ditzake euskalkia eta zerbait batuagoren artean, euskararen aberastasunaren bila joanez. Gainera, belarria egiten lagunduko liguke, euskalki desberdinak entzuteko eta ulertzeko formazioa falta baitugu ikuslerian eta epaimahaian. Behar bada euskaldun ororen gabezia da hori...
Hegoaldeko jendea ba ote dabil Xilaban?
Batez ere hemengoa ikusten dut. Finalak ekarriko du publiko zabalagoa. Baina aldi berean, tokian tokiko ekimenak asko baloratzen ditut pertsonalki: horiek elkarri josiz zinez gauza interesgarriak lortzen dira, unibertso bat. Uste dut bertsolaritzaren arrakasta antolaketa horri ere lotua badela. Herri honen hizkuntzak mugako egoerak bizi ditu tokika, eta hala ere gai gara bertsolariak ateratzeko, bertso-jarraitzaileak bermatzeko, euskaldun berriak tarteko... Euskararen gailurrean kokatzen dut nik bertsolaritza, eta begira euskara ikasi berria dutenek zer urratsa eman duten hor izateko, eta irauteko! Sekulako lorpena iruditzen zait.
Alta, erdarazko zubirik ez diegu eskaini hor izateko...
Ez, baina bertsolaritzaren ateak zabalik daude euskara ulertzen duen ororentzat! Euskaraz bizi nahi duenari arnasa eskaintzen dio, eta funtzio hori du nagusiki erdalduna den gizarte honetan.
Nola hartu duzu Amets Arzallusek Xilabaren atean berriz jotzea?
Biziki ongi, bere bertsoak entzuteko plazera izango baitut! Uste dut txalogarria dela berak egin urratsa, herri-ekimen honekin bat egitea, eta aurpegia ematea. Ez dio inori lekua kentzen: azken sailkatzen duenak ere bere bertsoak kantatzeko aukera badauka. Amets eta Sustrai plaza askotan dabiltza, eta horri esker ere erraztasuna dute bertsotan: horrelakoekin aritzeak, kalitate orokorra hupatzen duela konbentzituta nago. Bidelagun hobe ororekin bidea errazago egiten baita!