Kristof Hiriart (Baiona, 1970) perkusio-jole, instrumentista-anitza, musikagile eta kantaria da. 2001ean, Bastidan sortu zuen LagunArte konpainiaren bulego eta estudioen artean pasatzen du denbora gehien, proiektu artistikoak lan taldearekin osatzen, gero han eta hemen eskaintzeko. Beste artista anitzekin elkarlanean ari da, hura bezala transmisioa eta ahozkotasuna gustuko duten artistak dira.
Zure egitaraua ongi betea da garai hauetan.
Bai egia da, bira andana egiten ari naiz azken boladan ekoizpen ezberdinekin, hala nola Jérémie Ternoy Lilleko piano jolearekin Hermeto Pascoal-en musikaren inguruan. Kontzertu andana eskaini behar dugu ere Organik Orkeztra taldearekin zeinekin errituei buruzko lan bat ari garen egiten; « Mokofina » izeneko ikuskizuna hor dugu bestalde, publiko gazteari zuzendua, zeinekin arrakasta izugarria ezagutzen ari garen azken hiru urteetan, Europan zein beste zenbat lekutan. Soinuari buruzko ikuskizuna da, ahoari, ahotsari, ahozkotasunari buruzkoa, non bi hitz baizik ez ditugun erraten : “txalo eta adio”. Haurrei anitz gustatzen zaie eta laster Toronton aurkeztuko dugu eta sei hilabetez ibiliko gara oraindik lan hori eskaintzen. Oso atsegina da.
Elkarrizketaren bideoa (frantsesez)
Etxean pausatu ahal izatea garrantzitsua da ere?
Bai, bi itzulien artean, biziki garrantzitsua da etxean egotea, Bastidako bulegora eta estudiora etortzea, gauzak egitera, edo berriak asmatzera. Gainera Lagunarte konpainiaren ondoan, Clarenza deitu dugun beste egitura bat sortu dugu, zeinekin bereziki Bastidari eta inguruko lurraldeari zuzendutako proiektuak berreskuratu ditugun bertako herritarrekin. Lagunarte konpainian ekoizpen proiektuak lantzen ditugu eta Clarenzarekin esperientzia trukaketak eramaten ditugu, artea ezagutarazteko, bertakotzeko, ikuskizunak, bizitzan, hemen txertatzeko. Ez da lan erraza.
Instrumentista-ainitza zara. Zein izan da zure lehen musika tresna?
Danbor makilak ziren, Lekuineko txarangan, txiki-txikia nintzen! Gero nerabetasunean, logikoki bateriara pasa nintzen, rocka jotzen nuen dantzaldietan eta abar. Gero klaseak hartu nituen, nire inguruko bateria joleak liluraz behatzen nituen bitartean eta piztu zitzaidan musikari izateko gogoa. Nire burasoak ez ziren berehala ados izan, baina lortu nuen negoziatzea irakasle izanen nintzela erranez. Horrela lortu nuen musika teoria ikasten, nahiko berandu, eta ondoren musikologia ikasketak egin nituen. Ikasle garai horietan ere, nire bizitza aldatuko zuen bidaia egin nuen Afrikako Benin herrian.
Ondare immateriala oso gai zabala, garrantzitsua da niretzat. Pentsatzen dut komunitate batena baino, gizabanakoen afera dela. Kolektibo bat sortzen duten gizabanakoen baitako zerbait da.
Gero Tours-eko fakultateko CFMI (Centre de Formation de Musiciens Intervenants) formakuntza jarraitu nuen non musikari andana ezagutu nuen eta transmisioa ikasi. Bertan ere deskubritu nuen, 22 urte nituela, nahiko berandu orduan, ezagutzen nuen musika, hemengo musika, musika zela. Ordu arte, niretzat, rocka zegoen, musika klasikoa, eta ikasitako beste musika anitz ziren baina hemengo musika ez zen koadro horretan sartzen, zerbait intimoago zen niretzat. Formakuntza horri esker ohartu nintzen zerbait banekiela, musika hori nire baitan zegoela eta nire inguru pertsonaletik at, ondare askoz zabalago bateko osagaia zela. Une giltzarria izan zen, gaur egun nagoen bidean jarri ninduena, ahozkotasunaz, transmisioaz dudan interesarekin eta nire bide artistikoa elikatzen duena beti. Egiazko galderak dira zeinentzat ez dudan oraindik erantzunik eta urrunago joan eta duda gehiago ukan, baina gai zoragarria da.
Hain zuzen, nola ikusten duzu Euskal Herriko ondare immaterialaren gaia?
Lehenik, ondare immateriala oso gai zabala da, oso garrantzitsua da niretzat eta pentsatzen dut komunitate batena baino, gizabanakoen afera dela. Kolektibo bat sortzen duten gizabanakoen baitako zerbait da, jakitate bat bereganatu duten pertsonak, ohartuki ala ez, partekatzeko gogoa dutenak, ala ez, parte bat atxikiz eta beste partea agertuz.
Transmisioa interesatzen zait. Transmititzen denak, bortxaz, aldaketak jasaten ditu, transmisio egilearen bidez. Gauzak bestelakotuz, ikuspegi ezberdin bat eskaintzen dugu, gauza ezberdinak ekar ditzakegu.
Ondare hori anitza izan daiteke ere, ikusten edo erakusten dena badago, eta dakigun guztia ere hor da bestalde, gurutzatzen ditugun jendeei, irakurtzen dugunari edota sentitzen dugunari esker. Gauza oso zabala da. Gaia hunkituz geroz, galderez, aberastasunez beteriko ozeano baten aurrean aurkitzen gara, pertsona bat ezagutzen dugu eta beste bat. Batzuetan gal gaitezke eta horregatik interesatzen gaitu hainbeste, nire kasuan behintzat. Orduan pikoka ari naiz, nire baitan lehenik, dakidan horretan, nire bizipenetan, ametsetan. Elementu guzti horien arteko uztarketa bat da. Gero norbera sortzaile da bere espazioan, batzuek iraganean bilatzen dute, besteak aldiz berrikuntzan ariko dira kosta ala kosta. Baina hori ere erlatiboa da izan ere niretzat berritzaile dena ez da horrela izanen beste norbaiten aburuz, eta alderantziz.
Uste dut bakoitzak baduela bere lekua eta ikuspuntu guztiak garrantzitsuak direla. Bada «etxea zaintzen» duen jendea, kontserbadorea alegia, mugimendua gustuko ez dutenak, gauza zaharrak aldatzen gustuko ez dutenak. Baina gauzen zahartasuna neurtzeko molde ezberdinak daude ere. Kantarentzat adibidez garai ezberdinak daude; batzuentzat 60/70eko hamarkadetako kantak zaharra dira, baina askoz haratago joan gaitezke, 15garren, 16garren mendera arte. Gauza zaharragoak aurki ditzakegu eta hari ezberdinetatik tiraka has gaitezke, estetika ezberdinetatik. Kontserbadorea orduan, erreferentzia horietako bat behatuko duena da. Beste batzuek ere, beste gauza ezberdinak zainduko dituzte, trakeski nire ustez eta blokeatuko ere, erakusteko asmotan. Horrek «postala» efektu bat sortzen du, niri behintzat jeinatzen nauena, hemengo jende andana jeinatzen duen bezala, izan ere gure bizimodua ez du islatzen. Hor, gaurko errealitatea ez den zerbait erakusten zaie kanpotarrei.
Transmisioa interesatzen zait niri. Bortxaz, transmititzen denak aldaketak jasaten ditu, transmisio egilearen bidez. Nire ibilbideari, bizitzari zein irakurketei esker, hausten, probokatzen eta batzuetan ere hanka sartzen dut. Gauzak bestelakotuz, ikuspegi ezberdin bat eskaintzen dugu, gauza ezberdinak ekar ditzakegu, ondare puskak beste norabait eraman; horrek marrak mugitzen ditu, mugimendua sortzen du eta horrek erakartzen nau ni, gure bizitzan mugimenduan egotea, bestela akabo. Mugimendu horretan, batzuek geldoago dira besteak baino, beste batzuek azkarregi doaz, besteak zulo batean erortzen dira, min hartzen dute. Ezberdintasun horretan uste dut elkartasuna behar dela, aurrera doan mundu bat onartzeko. Gainera Mundua gaur aurrera doa izugarri, kultura ezberdinek zeharkatzen dute eta maleruski, ez beti baitezpada arrazoi egokiengatik. Gaur egun milioika pertsonen migrazioaren lekukoak gara eta ezin gara bihozgabe egon.
Gaur egun milioika pertsonen migrazioaren lekukoak gara eta ezin gara bihozgabe egon. Gogoetatu behar dugu ere nor garen guzti horren erdian. Biziki garrantzitsua iruditzen zait osagarritasuna elikatzea eta ezberdintasuna onartzea. Bestela eraikinak ezin du xutik egon, ezin du aitzinatu.
Gogoetatu behar dugu ere nor garen guzti horren erdian. Bistan da zaindu behar dugula nor garen, gizabanako bezala jadanik, baina gertatzen ari denak hunkitzen gaitu bortxaz, mugimendu horiek onartu behar ditugu gure aberastasunak galdu gabe, gure interes guneak edota kezkak. Horretan saiatzen naiz behintzat. Ahal dudana haurrei transmititzen saiatzen naiz, non dauden eta heien kultura zein den jakin dezaten, ohar daitezen ere belarri eta begi ikaragarriak dituztela eta gauza anitz hauteman ditzaketela; Hemen bizitzeko hautua ere badutela, herri hau heiena egin eta ulertu dezaketela zer gertatzen den inguruan, ikuspuntu kritiko bat osatu eta elikatu, hizkuntzaren eta mintzaira artistikoen bidez. Biziki garrantzitsua iruditzen zait osagarritasun hori elikatzea eta ezberdintasuna onartzea. Bestela eraikinak ezin du xutik egon, ezin du aitzinatu; mugitzen den mundu osoaz jabetu behar dugu, oinarrizkoa da.
Aniztasun hitzak ezaugarritzen zaitu, musikari gisa…
Bai musika tresna batzuk jotzen ditut egia da, perkusio jole izanik objektu ezberdin andana jotzen dut; aho-ohiturak duten musikek interesatzen naute biziki, nire formakuntza eta ibilbideari esker, irakaspen ezberdinak jasotzeko aukera izan dut. Ahotsa ere instrumentu gisa erabiltzen dut, nahiz eta kantari ez izan hasiera batean; testuek ere anitz interesatzen zaizkit, poesia bereziki, baina ez naiz testu kantari bat, hori ez dut ikasi. Horiek hola musikari anitza naizela erran daiteke, baina koherentzia batean nagoela espero dut.
Aniztasuna ere zure proiektu eta lankidetzetan…
Egiazki anitza dirudi baina dena leku beretik dator eta leku berera doa, publikoarengana alegia. Txikientzako ikusgarria biziki garrantzitsua da niretzat dena adin horretan gertatzen dela uste baitut; hobekien entzuten, gauza gehien ikasten da adin horretan eta denok arduratu behar genuke horretaz; denok amesten dugu horrelako publiko bat zuzeneko emanaldietan. Txikien publikoa baino zorrotzagorik ez da.
Gero, topaketen ondorioz sortu elkarlanak dira, batzuetan aspalditik ezagutzen dudan jendearekin. Adibidez, Didier Ithurssarryrekin; Baionako lizeoan ezagutu nuen eta hamabost urte beranduago elkartu ginen berriz. Biok estetika berdintsuetan murgilduak ginen, jazz jole andanarekin jotzen genuen. Berriz gurutzatu ginen eta geroztik ez gara gehiago bereizi, anitzetan egiten dugu lan elkarrekin eta gustatzen zaigu musika tradizionalaren objektuak elkarrekin aztertzea, alde erritmikoan, melodikoan; berrirakurketa egiten dugu gure maneran, gure oldeak ere asmatzen ditugu, dagoen horretatik hurbil batzuetan, eta beste batzuetan horren inguruan idazten dugu ere.
Jérémie Ternoy Lille-ko piano jolearekin lanean hasi nintzen orain dela zenbat urte jada. Bere lurraldeari oso atxikia den gizona hura ere, eta jazz zale amorratua, belarri harrigarriekin eta bihotz erraldoiarekin. Ahotsaren inguruko lan bat abiatu nahi zuen eta Blues kantari bat bilatzen zuen baina Lille eskualdean zein Frantzian, musika hori ingelesez kantatzen da eta ez zuen inor aurkitzen. Elkar ezagutu dugunean, pentsatu du: "mutil honek berea den Blues bat kantatzen du". Hitz lausengari horiekin batera erran zidan zerbait erroturik neramala, edo behintzat zerbaiti loturik. Nire alde hori gustatu zitzaion eta Hermeto Pascoal musikagile Brasildarraren musikari buruzko lan bat abiatu genuen. Azken hau gidari bat da ere guretzat, musika herrikoiaren eta jazz musikaren arteko gurutzatzeari doakionez, sortzaile mugagabea... Charlie Haden eta bere Liberation Music Orchestra hor dugu ere; hark, Europako ohitura ezberdinetako doinuak bilatu ditu horiek hausteko, sublimatzeko. Lan hori egin dugu Jérémierekin eta Organik Orkestrarekin, beste lan anitzen artean. "Spiritaren", "espirituaren" gainean, dioen bezala, lan egin dugu ere, funtsaren gainean alegia, gauzak zergatik egiten ditugun, nola bizi ditugun, gaien gainean.
Nola ikusten duzu euskal musikagintza?
Denetan bezala ikusten dut, biziki anitza da gauza interesgarri andanarekin. Irratia piztean hasteko, gauza andana entzuten da eta hori ongi da. Gero gauzak apurtzen, gure ohiturak kitzikatzen, jende gehiago izan gaitezke, bide ezberdinak, trebeska hartzen. Agian gutako bakoitzak uste du horretan dabilela ere, sortzen ari dela, denok dugu asmatzeko gogoa.
Artea jendearengana iristeko zer egin behar den gogoetatzen hasi behar genuke; tamalez ez dugu lortzen.
Urrunago joateko beharra dugula dioen horietakoa naiz ni, sor dezagun, asma dezagun…
Bestalde, Ni ez naiz anitzetan ari Euskal Herriko agertokietan, izan ere lekuak nahiko eskasak dira. Mokofina ikuskizuna salbuespena da halere, leku eta haur anitzen aurrean eskaini baitugu. Organik Orkeztrarekin hiruzpalau aldiz jo dugu bi urtez; Didier Ithursarryrekin dugun bikotearekin berdintsu; ari gara baina egiten dudan musika ez da sartzen kantaldi formatu klasikoan; baina ez da arazo bat. Parisen jotzea ez da hobe; bertan ari naiz noizbehinka gonbidatzen nautelako. Ikusi nauzue agian “À l’improviste” saioan, France Musique katean, » Anne Montaron-ek gonbidatu nauelako eta gustatzen zaidalako inprobisazio saio hori nire musikariekin aritzeko. Parisen, hemen eta beste hainbat lekutan ere ari naiz; xantza handia dut musikaz bizitzeaz.
Zein da arteaz gure gizarteak duen behakoa?
Hainbat gauza egin behar diren bizitza honetan, jan behar da, lan egin, haurrak hezi... Artea ez da oinarrizko gauzen zerrendan sartzen jendearentzat.
Orduan jendea artearengana erakarri behar dela erran ordez, uste dut artea jendearengana iristeko zer egin behar den gogoetatzen hasi behar genukeela; tamalez ez dugu lortzen.
Arazoa alderantziz hartu behar genuke, naturalagoa litzateke.
Artea sartu behar genuke leku libreetan, jendea zeharkatzeko horien egunerokoan.
Artea gizadiaren baitan dago eta eguneroko bizitzan egon behar da; ikusezina berriz sarrarazi behar da, sorkuntza sartu behar da bizitzan.
Euskal jendartea aitzina eta atzera dago begira?
Uste dut euskal jendartea zimikaturik dagoela, orainean bizi eta aurrera begira bizitzeko gogoarekin, baina printzipio batzuen artean. Aitzina doa ala eta guztiz ere, ez da gehiegi kezkatu behar izan ere batzuetan, kezkak ditu gauzak oztopatzen eta hobe da askatzea.
Nolako harremanak dituzu Bidasoaz bestaldeko musikariekin?
Oso harreman eskasak ditut Bidasoaz bestaldeko artistekin, Juan Carlos Perez-ekin izan ezik. Gaztetan miresten nuen eta ezagutu nuen orain dela bi urte, Bastidan antolatu genuen proiektu baten karietara. Egiazko harremana josi dugu, biziki interesgarria, eta asko gustatzen zait harekin trukatzea.
Dena mugitzen ari den garai batean bizi gara eta jakin nahiko nuke zer gertatuko den, jendeak zer pentsatzen duen honetaz. Galderak honek aztoratzen nau.
Hura «bestaldekoa» da erabat eta ni erabat «hemengoa». Nahiz eta dena egiten dugun gauzak lotzeko eta elkar bizitzeko, bi mundu ezberdinetan gabiltza. Ondorioz, biziki interesgarria da harekin hitz egitea; musikaz, arteaz arituz, bizitzaz ari gara, jendarteaz, mugitzen denaz, edo ez. Juan Mari Beltranekin ere lan egin dut bestalde, hura ere transmisio zale. Horretaz aparte ez naiz anitzetan ari bestaldean.
Bukatzeko galdegin ez dudan zerbait erraiteko gogorik ?
Bai, interesatzen zaidan eta argi ez dudan gai bat aipatuko nuke, gure kulturak eta ahozkotasunak duten distantziaz, laster zeharkatuko gaituzten populazio mugimenduen aitzinean. Zerbait erran baino galdera bat pausatu nahi nuke: zer bilakatuko gara kultura eta hainbeste jende ezberdinekin topo egitean? Zer jarrera hartuko dugu? Nor da hemengoa? Nor ez? Lurraldeaz, kulturaren kontzientziaz, zer ulertu behar dugu? Nola proiektatzen gara? Maiz erraten da: "Zu hemengoa zara, hangoa, hortik heldu zara...". Gaiak galdekatzen nau. Dena mugitzen ari den garai batean bizi gara eta jakin nahiko nuke zer gertatuko den, jendeak zer pentsatzen duen honetaz. Galderak interesatzen nau, aztoratzen nau.