Kattalin Sallaberry

Kattalin Sallaberry

"Niri pena ematen dit herrietako antzerki klasikorik ez dela gehiago"

  • LaukitikAt
  • 2022-04-30
  • Hizkuntza: Euskara

Iparlaren oinetan, Bidarrai herrian bizi da aspaldidanik Kattalin Sallaberry (1955, Mugerre) andereñoa. Seaskan lan ibilbidea bururatu ondoan, erretretan sartu denetik, agenda da goizero behatzen duen liburuttoa. Euskara kurtsoak, antzerki entseguak, ikuskizun egunak eta buru lagunaren orriak betetzen dituzten beste asteburuko planak aipatu ditugu euskal antzerkigintzaren lekuko paregabearekin.

Publiko gazte zein helduaren aitzinean errex agertzen den pertsona zara. Ikasgelatik antzokira, kontaiguzu zure ibilbidea.

Gauza bat zuzendu nahi dut: errextasuna dudala diozu baina nik sufritzen dut anitz! Ez dut talentu berezirik eta landu behar dut anitz! Hori erranik, Seaskako langile irakasle izana naiz nire bizi guzian. Lehenik Kanboko ikastolan eta gero Uztaritzeko ikasle handienak ukan ditut hogeita hamar urtez. Antzerkia aspaldiko istorioa da. Ttipitan jada, sorterrian, Mugerren, parte hartu nuen herriko antzezlan batean. Gero, hogei urte pasa nituenean, Hazparneko Bordaxuri taldeak jokalari bat falta zuen eta norbaitek galdeginik taldean hasi nintzen. Bordaxurirekin segitu nuen zenbait urtez. Garaian formakuntza anitz egiten genituen, gorputz espresioa lantzen genuen Oiartzungo talde batekin. Gurutzamendu anitz bazen ipar eta hego Euskal Herriaren artean eta geroztik ez naiz sekulan gelditu.

Elkarrizketaren bideoa

Erran behar da nire amak biziki maite zuela antzerkia. Garai hartan herri anitzetan antzerkiak muntatzen ziren herrian bertan antzezlan bat eskainiz, urtean bi aldiz edo.

EATB federazioaren lehendakaria izan zinen. Zer zen?

Bai, Euskal Herriko Antzerki Taldeen Biltzarrean partaide izan nintzen eta lehendakari ere agian zenbait urtez. Biziki ontsa funtzionatzen zuen eta gurutzamendu anitz sortzen zituen. Erran behar da garaian iparraldean antzerki mundua biziki dinamikoa zela. Orain, ttipitu dela erranen nuke, edo aldatu da bederen.

Euskal Herriko Antzerki Taldeen Biltzarrak biziki ontsa funtzionatzen zuen. Erran behar da garaian iparraldean antzerki mundua biziki dinamikoa zela.

Ez da gehiago herrietako antzerki hori. Gaur egun gazteak gehiago libertimendu eta maskarada bezalako karrikako antzerkiari buruz joaten dira. Garai hartan horrelakorik ez zen. Antzerki taldeak baziren herrietan eta Monzonen, Landarten, Larzabalen antzerkiak ematen genituen. Hegoaldera ere joaten ginen baina garaian biziki konplikatua zen muga pasatzea, antzerki puskeria guziekin, kamioneta zaharrarekin. Baina interesgarria izan zen ideien trukatzea eta gure artean sortu ziren adiskidetasunak. 

Seaska eta antzerkia, ogibidea eta zaletasuna?

Lotura bien artean euskara da zernahi gisa. Seaskan sartu nintzelarik, hautu politiko bat zen. Euskara erakatsi nahi nuen eta antzerkia maite nuen noski, baina antzerkia euskararen biziarazteko manera bat zen niretzat. Hori nuen helburu.

Orain ere atzematen dut biziki garrantzitsua dela euskarazko ikuskizunak eskaintzea. Izan ere euskara, anitzentzat gaur egun, ikastolan da bakarrik. Etxean edo eguneroko jardueratan gure hizkuntza entzuteko edo hitz egiteko tarteak behar dira. Kanpoan eskaini behar da, euskara biziarazten edo euskaraz biziarazten duen zerbait.

Euskara da ere esku artean duzun ikuskizunaren funtsa?

Duela hamabost bat urte ohartu nintzen haur ttipiei istorioak kontatzen genizkiela, baina haurrek irakurtzen ikasteko adina zuten momentutik ez geniela gehiago halako tarterik eskaintzen. Alta nekez irakurtzen dute oraindik eta maite dituzte istorioak. Beraz pentsatu nuen behar genuela zerbait egin sail horretan, hori behar zela zabaldu. Nik ikasleei istorioak kontatzen nizkien eta biziki gustura entzuten zituzten. Garaian, ez zen inor ari sail horretan. Koldo Amestoy ipuinlaria bazen baina helduei zuzendua zen gehiago, ez zen haurrentzat ari. Beraz Daniel Landarti horretaz hitz egin nion eta hark nire ikasle izandako Jokinekin aipatu zuen. Orduan elkar mintzatu ginen eta erabaki genuen zerbait egin behar genuela. Horrela abiatu ginen. Daniel Landartek bi istorio idatzi zizkigun, beste bi guk atzeman genituen eta horrela hasi ginen.

Kattalin Sallaberry © LaukitikAt (EKE | cc-by-sa-nc)
Kattalin Sallaberry © LaukitikAt (EKE | cc-by-sa-nc)

Ikuskizunean aho hizkuntza, ipuina eta antzerkia ere lantzen ditugu. Izan ere, ipuinak kontatzean antzezten dugu, nahiz eta ariketa berezia izan. Kontalari gisa jokoan mugatuagoa zara. Ez da elkarrizketa bat antzerkian bezala. Beste zerbait da. Mediateketan ari gara gehienetan. Gero bada gauza bitxi bat: gure ikusgarriak muntatzen ditugu haur eta helduendako ere, baina helduek haurrei zuzendutako zerbait bezala ikusten dute. Haur tipiak eramaten dituzte ikuskizunera eta ororen buru anitzetan, haurrak baino xoratuagoak dira.

Lotura Seaska eta antzerkiaren artean euskara da. Euskara erakatsi nahi nuen eta antzerkia maite nuen noski, baina antzerkia euskararen biziarazteko manera bat zen niretzat.

Halere, biziki zaila da aurreiritzi horren haustea, jendea jin araztea ipuinetara. Domaia da, baina horrela da. Urte guziz, Ziburuko Piarres Larzabal kolegiora joaten gara seigarrenekoen aitzinean aritzera. Berriz egon gara duela guti. Berrogei bat haurren aitzinean ginen eta zinez ageri zen ipuinak hunkitzen zituela. Egon dira mugitu gabe eta biziki ontsa pasatu da. Ikuskizun denboran, parametro anitz sartzen dira kontutan: gazteak nola prestatuak diren, gela nolakoa den, ipuinak zer heinetakoak diren. Izan ere, Jokinekin euskara maila aski gora jarri dugu. Orduan haur ttipiek ez dute beti dena ulertzen; mugimenduak begiratzen dituzte eta anitzetan lehen esperientzia izaten da. Orduan baldintza onean baldin bada, errexa da atentzioa atxikitzea. Kolegioko ikasleek errekurtso gehiago dituzte dena ulertzeko. Iraupena ere kontutan hartzekoa da. Ttipiekin oren erdiko ipuina aski da, aldiz handiagoentzat berrogeita hamar minutukoa eskaini dezakezu. Salak ere inportantzia badu. Lehen egunean, Luna Negra aretoan eskaini genuen eta enetzat esperientzia bikaina izan zen. Dena bazen, sala polita, aulki ederrak eta erosoak, antzokiek duten alde sakratu batekin.

Bidarraiko plazan ere ikusi zaituzte herritarrek.

Lehen aldia zen parte hartzen nuela horrelako gauza batean. Uste dut Bidarrain ez zela sekulan kabalkada osorik egin. Aldi batez izan zen kabalkada bere alde dantzatuan emana, baina antzerkirik gabe. Badugu hemen elkarte bat eta kabalkada muntatzeko ideia atera zenean, denendako gauza berria zen.

Antzerkia plazer bat da, ari denarentzat zein ikuslearentzat.

Esperientzia biziki ona izan da, biziki kezkagarria, pisua, baina biziki aberatsa. Lan luzea da. Bi partetan banatu ginen, dantzariak alde batera eta antzerkikoak bestera. Baina dena josi dugularik bikaina izan da, oroitzapen ederra. Segur naiz parte hartu dutenek atxikitzen dutela argi hori oraindanik. Elkarrekin zerbait muntatzeak gaitzeko fiertasuna ekarri digu. Uste dut denek atxikitzen dutela oroitzapen bikaina. Gero parte hartzea inportantea da, baina ez da artifizialki egin behar. Lotu behar da kultura bati. Hor adibidez bilkurak euskaraz egiten genituen, itzulpenak eginez.  Gaur egun ez da gauza errexa. Zentzu bat eman behar zaie gauzei. Kabalkadak herri bat biltzen ahal du, baina ez da nolanahika egin behar edo beste zerbait egiten da.

Libertimenduak, kabalkadak, herri anitzetan eskaini dituzte azken urteetan. Herri antzerkiaren berpizte bat ote?

Ez da berpizte bat, ez dut horrela arras ikusten. Egia da antzerki mota horiek arrakasta dutela, baina niri pena ematen dit herrietako antzerki klasikorik ez dela gehiago.

Nik ikasleei istorioak kontatzen nizkien eta biziki gustura entzuten zituzten.

Bidarrain Covid garaiaren bukaeran, Piarres Larzabalek idatzi Xirristi Mirristi antzerki klasikoa muntatu dugu. Hemen lau aldiz eman dugu, herriko sala ttipian. Jendea jin da. Emanaldi mota hori desagertua da pixka bat, herrietan herriko jendearekin egiten den antzerki klasiko hori. Azkenetan Pantzo Irigaraik antzerki anitz muntatu ditu Makean. Orain egia da gehiago egiten direla karrikako antzerki horiek, libertimendu edo kabalkadak eta ongi landuak dira. Horretan ez da dudarik eta gazte antzerki bat da. Baina bestea itzali da.

Kattalin Sallaberry © LaukitikAt (EKE | cc-by-sa-nc)
Kattalin Sallaberry © LaukitikAt (EKE | cc-by-sa-nc)

Gero beste arazo bat ikusten dut, aretoena. Lehen, herrietan usu apezaren eremuetan, baziren aretoak. Patronaia deitzen genituen. Gela muñuñu batzuk ziren. Ortzaizen, Itsasun, Arrosan eta abar bazen halakorik eta egiazko antzerki salak ziren, gaur egun abandonatuak direnak, gehienak bederen. Orduan behar bada, tokiaren eskasa bada ere antzezlanak emateko. Harri Xuri gela bada Luhuson, baina gela handia da eta inguruko herri txikietatik ez gara Harri Xurira joanen herritarrek muntatu ikuskizuna ematera. Pena da zeren gela batzuk oraindik existitzen dira, baina usteltzen ari dira.

Euskal antzerkia profesionalizatu dela erranen zenuke?

Bikaina atzematen dut talde profesionalak izan daitezen. Maila bat ematen dute eta horrek sortu behar luke goiti joate bat, baina ez da gertatzen. Segitzen ditut eta maite ditut talde profesionalek sortzen dituzten antzerkiak. Bikainak dira, baina dolu dut ez baitira herriko tropa horiek. Ez dut aztertuko zergatik edo nola desagertu diren, baina galtze handi bat izan da.

Bestalde ez da idazlerik. Bulebar antzerki mota idazten duen idazlerik ez da.

Bestalde ez da idazlerik. Bulebar antzerki mota idazten duen idazlerik ez da. Antzerkia plazer bat da, ari denarentzat zein ikuslearentzat. Antzerki horrek behar luke bere tokia, antzerki herrikoia, neuronak sobera inarrosten ez dituenak. Momentu goxo baten pasatzera eta irri zafla batzuen egitera zoazen antzerkia falta da niretzat. Adibidez Eguzki Lore taldean amaturrak dira eta zenbait urtez antzerki klasiko bikainak eskaini dituzte. Maika Etxekoparrek arraberritutako antzerki zaharrak ziren, baina gazte ukaldi bat eman diote eta zinez emaitza bikaina izan zen.

Ondare immaterialari atxikia zara.

Guk xantza badugu gaitzeko kultura dugulako, bizi bizia dena eta noski atxiki behar dena. Ber denboran aitzinarazi behar da ere, baina forma atxikiz, adierazpide bakoitzaren forma atxikiz. Inportantea atzematen dut estilo bakoitzak bere oinarria atxik dezan, pastorala pastorala egon dadin. Berritze txiki batzuk egin daitezke noski, baina jendeak jakin dezan kabalkada bat muntatzen delarik, ez dela komedia musikal bat. Bestela kultura biziki aberatsa dugu eta biziarazten da. Artxibatzea ere biziki inportantea da bistan da. Horretan ari den jendea bada eta bikain da.

Eta Seaskan luzaz ibilirik, nola ikusten duzu gaur gure hizkuntza? Eta hezkuntza?

Anitzetan erraten dut Seaskako irakasle izatea izan dela ene biziko xantza handiena, nahiz eta hastapenean nire burasoek ez zuten ulertzen. Garai hartan ETAn sartzea bezalakoa baitzen Seaskan sartzea. Seaska aitzindaria izan da. Garaian ukan ditugu besteek ezagutzen ez zituzten formakuntzak, Freinet metodoarena adibidez. Guk ukan dugun heziketa biziki zorrotza izan da, biziki hertsia, eredu anitzekin. Orduan guk hasieran, irakasle gisa, kontrakoa egiten genuen. Erlijionearen, burasoen, estatuaren larderia ez genituen onartzen.

Kattalin Sallaberry © LaukitikAt (EKE | cc-by-sa-nc)
Kattalin Sallaberry © LaukitikAt (EKE | cc-by-sa-nc)

Gero jendartea aldatu da, gauzak barreiatu dira atzematen dut eta hor gauzak koadratzeko beharra sentitu dugu. Haurrei mugak ezartzeko beharra sentitu dugu, haurrak segurtatzeko. Nik etapa horiek ezagutu ditut Seaskan. Orain ez dakit zertan den.
Gero gaitzeko lankideak eduki ditut. Elkarrekin handitu gara eta zahartu ere. Proiektu andana eraman ditugu elkarrekin. Etapa guzietan ados izan gara eta gure garapena elkarrekin eraman dugu. Bikaina zen.

Eta euskararen egoera nola ikusten duzu?

Arrunt kezkatua naiz. Ikusten dudalarik euskara dakitenek ez dutela baliatzen biziki kezkatua naiz.

Ikusten dudalarik euskara dakitenek ez dutela baliatzen biziki kezkatua naiz.

Dakitenek mintzatzen balute bikaina litzateke. Ikusten ditut ene inguruan, dakiten batzuek ez dutela ematen. Harrigarria da. Abertzaleak dira gainera. Orduan badakite zergatik egiten dituzten gauzak, haurrak zendako ikastolan ezartzen dituzten eta abar. Horrek nau iziarazten.
Ez nau penatzen ez dakien batek ez dezan ikas. Penatzen nau dakitenek ez dutenean ematen.

Erretretan zarela, denbora librea duzu orain?

Irringarria da denboraren istorio hori zeren denek erraten dizute erretretan egonik, denbora duzula gauza batzuek egiteko eta azkenean denbora duzulako, denborarik ez duzu gehiago ezertarako. Maite dut ibiltzea eta beharrezkoa dut ere. Nire aterabidea da nolazpait. Gero lagunekin egotea maite dut. Euskara erakasten dut ere AEKn. Zinea, irakurtzea maite dut eta eskulan batzuk egiten ditut ere. Egin nezake kilometro bat trikotatuz! Margo batzuk egiten ditut, alegia, eskuak okupatu behar ditut.

Amets bat?

Uste dut ez dudala gehiago ametsik. Biziak eman dizkit plazer anitz. Orain badut seme txiki bat eta nahi dut hori gozatu. Hori arlo pertsonalean. Gero orokorrean, ametsa litzateke euskaldun guziak euskaraz aritzen balira. Hori da zinezko ametsa, zinez maite nuke hori.

Elkarrizketa gehiago

Graxiana Castillon

Graxiana Castillon

"Ez baldin bazen ondare immaterialik, kulturarik ez zen izanen. Eta zer izango ginateke, ordenagailu bat?"

Urtzi Etxeberria

Urtzi Etxeberria

"Hizkuntzaren esanahia ikertzen duen atalean ari naiz lanean, hau da norbaitek esaldi bat botatzen duenean, hura nola interpretatzen edo ulertzen dugun"

Arantxa Hirigoyen

Arantxa Hirigoyen

"Hezkuntza eta antzerkia bi mundu ezberdin izanik ere elkarren beharra dute"

Maiana Aguerre

Maiana Aguerre

"Kabalkadari esker harremanak sortzen dira, gazteak mugitzen dira eta zaharrak are gehiago"

Elkarrizketa gehiago