Josette Dacosta (1944, Bordele) margolaria da. Franko bakartia, ez du inguruko jendarteari lotzen duen hura ahanzten, subliminala ala engaiatua izan. Nahiko herabea, Itzal Aktiboaren ateak zabaldu ditu: 2004tik honat Donibane Garazin finkatua den elkarteak, hirugarren aldiz antolatu du izen bereko saria, Euskal Herriko artista garaikideak sustatzea xede izanki.
Amak nola kontatzen ote zizun sorterria?
Hitzez baino, Euskal Herria zuzenki bizi izan dut. Ama ahatsarra zen (Baxenabarre), eta frankotan eramaten gintuen Garazi eta Oztibarre eskualdeetara. Ez digu hizkuntza transmititu, aitak ez baitzekien euskaraz, eta, garaian, Bordelen integratzeko gogoa osoa zelako. Oporretan ginen jiten maiz txoko honetara, eta familia osoaren itzulia egiten, Larzabaletik Eiheralarrera: sakratua zen. Euskaraz baizik ez zirenez mintzo, doi bat baztertua sentitzen nintzen ahozkotasunaren aldetik, baina gaineratekoaz bustitzen, hainbertzetaraino non hori ene margoetan aterarazten dudalako ustea izanki. Hala eta guziz ere, euskal margolari sentitzen naiz.
“Hala eta guziz ere”?
Ez dut hizkuntza mintzo, ez naiz hemen sortua, baina erro azkarrak sendi ditut. Jendea biziki ontsa ulertzen dut, barnetik bizi izan ditut horien tokiko moldeak, izan laborantza-lan edo kultur-ohidurak. Integratua sentitzen naiz. Gaurko gazteek soilik dute ez baitezpada ulertzen nola sendi naitekeen euskal. Hizkuntza erabil dezaten sustatuak izan dira, eta horri esker, bertze faktoreak garatu dituzte.
Euskaldun eta baskoren arteko diferentzia...
Hori bera: hizkuntza eta herria. Ene aldetik, euskara ez mintzatzeak ez du trabatu hemen bizitzeko nuen behar gorria. Senarra kazetari izanki, Europan zehar aldatua izan da, eta Erroman ere bizi izan gintezkeen, adibidez. Baina hemen bizitzeko beharra nuen, Garazi eta Oztibarre artean, eta haurrei erroak luzatu. Iduritzen zait biziki inportantea dela hori, gara eta eraiki gaitezen. Nahiz-eta horiengandik desegin gaitezkeen, ondotik, kontzientzia osoz.
Madrilen zara artista gisa garatu?
Bai. Hori baino lehen, Bruselan hezitzaile nintzen, artearen munduan, haurrekin. Margoari geroz eta gehiago interesatzen ari, baina Madrile etapa erabakigarria izan da, Circulo de Bellas Artesen lehenik, eta Teresa Muñiz artista abstraktuaren tailerrean gero. Hor dut ikasi barneratua nuen teknika guzia deseraikitzen. Margotzeari lotzen den jende gehienak ez daki marrazten, eta pena zait. Funtsezkoa da, adibidez, kolorea menperatzea, argiarekin jostatzea, nahiz-eta begiratzen jakiteko gaitasuna ukan. Eskolak lasaitzen zaitu erakutsiz margotzea ikas daitekeela. Gaineratekoa, denborak du ekartzen.
“Gaineratekoa”?
Norberaren estiloa, jarraikitasunaren puntan agertzen dena. Egunero lan egin behar da, tema ukan, borondatea. Eta, goiz eder batez, bertze artista batzuekin batean erakustera menturatzen da. Komentarioak entzun, eta berriz lanera. Ene aldetik, tailerrean bakarrik izatearen beharra badut. Bertze batzuek nahiago dute beti kolektiboan izan. Bakartasuna beharrezko zait ene buruarekin berriz elkartzeko, garatzeko, eta, batez ere, ene lanaren jarraipena sesitzeko. Seriek anitz laguntzen nautelarik eboluzioa segitzen.
Hausturarik ez, beraz?
Haustura bat ukan dut afitxa zirtzikatuez collage egiten hasi naizelarik: ez nuen kasik margotzen. Barnealdea mehatxatzen zuen autobide proiektu famatu haren garaia zen. Leia elkartekide izan naiz: etxeen itzulia eman dut, jendearekin mintzatzeko, eta petizioen izenpetarazteko. Manifestaldi anitz ere bazen. Batzuek zioten, orduan, autopista on izanen zela tokiko ekonomiarendako. Baina leku-ezak utziko zituen, herriaren arima zirtzikatuz: hortik dira delako afitxak atera, sentimendu hori adierazten lagundu didatenak.
Zure sentipena duzu, beraz, margotzen?
Gehienbat, bai. Baina margoa ez zait, hala ere, terapia: ez naiz pertsona torturatua. Adierazteko molde horren beharra dut, sentipen bati koloreak ematearena. Baina ene buruaz haratago joaten ere badakit, margotzen dudan subjetuarekin elkarrizketatuz, edo horren esentzia hartzera entseatuz.
Etxeekin hala da?
Izurakoek anitz inspiratu naute, herriak, karrikek, bazterrek bezala. Larrazkeneko eta primaderako argiak, udakoa lausoagoa izanki. Etxe-aitzinek xoratu naute. Argia biziki ontsa hartzen dute, itzalarekin jostatzen dira, eta sakontasuna badute. Arima badute, pertsonen gisa. Badira andeatuak, margoa galdurik. Hormaturik dirudite, baina beti mugimenduan dabiltza, harria agertzera uzten dute, zein jostatuko den, bere aldian, argi eta koloreekin. Espresionismo abstraktuak baimentzen du dentsitate horrekin jolastea. Hainbertzetaraino non biztanleek margotu etxeak ezagutzeko gai diren, nahiz-eta horiei forma abstraktuenean agertu. Harrigarria bezain balakari zait hori. Ez dut dagoeneko kanpora joate beharrik, subjetktuaren parean izate beharrik, margotzeko. Horrela ere da abstraktua heldu.
Noiz duzu margolan baten bururapena erabakitzen?
Gauzarik zailena bide da. Urteak eman ditzake. Afitxa zirtzikatuak berriz hartu ditut, ez aspaldi, margo-proiektu baten eraikitzeko. Pixkanaka, gure baserrietan aurki daitezken pigmentuak, lastoa, artilea bezalako ekaiak gehitu ditut, eskas nituen sakontasuna edo erliebea ekarri baitidate. Horra pazientziaz heltzen den eboluzio-adibide bat, bururapen-sentimenari beharrezkoa zaiona... Hori ere, erlatiboa dena, bukatutzat naukan proiektu zahar bat berriz har baitezaket, biziberrituz, eta bertze zentzu bat emanez. Zailena izanki jarraidurari baitezpadakoa zaion denbora aurkitzea.
Erresidentziak ongi-etorriak dira, beraz?
Bai, nahiz-eta erresidentzia-tokiaren bazterrei egokitzea gustatzen zaidan. Kanarietako Lanzaroten nintzen berriki, non sumendiek sekulako tokia hartzen duten paisaian. Koloreekin jostatzeko baliatu dut, hemengoekiko arrunt diferenteak izanki. Hango tokiko dinamikak ere ez dut deus ikustekorik: euskal artistak ekarraraztea gustatzen zaion bilbotar baten hotelean nengoen. Turistaz, pasaiako jendeaz inguraturik. Ez dakit tokiko jendea hotel horretan dagoen kolekzioaren ikustera joaten den.
Itzal Aktiboa elkartean, ez zaudete filosofia horretan?
Tokiko jendeari margo garaikideari oinarrizko irakaspenak ematera entseatzen gara, batez ere haurrei. Gauzak desberdinki begiraraztea da xedea, ñabardurak, ikuspuntuak sesiaraztea. Haur batzuk berehala sartzen dira ariketan, pena da ez baitzaie jarraidura baten aukera eskaintzen.
Arte garaikidearen tokia ebidentea ote da barnealdean?
Arte garaikideak badu bere tokia, edozein tokitan bezala. Eta ez da zailagoa hemen toki baten egitea, ingurumen urbanoago batean baino. Funtsean, zoritxarrez desagertu den Haize Berri elkartearen jarraidura batean ibili gara, sortzean. Gure helburua zen ahalaz tokiko artisten arteko topagune eta erakusketa-lekua sortzea. Denbora eta irudimenarekin, jendea poliki-poliki hurbiltzen ari da. Emazteartea erakusketaren bederatzigarren edizioa bururatu berri dugu, Donibane Garazin zehar emazte-artisten obrak esposatuz, eta emazteen gaiari lotua den konferentzia antolatuz. Horrela ere dugu bideratu Euskal Herri osoko emazte margolariek elkar ezagutzea, eta trukaketa iraunkorren aukera ukaitea.
Itzal Aktiboa Saria ere, dinamika berdintsuan dabil?
Hori da. Artista garaikide batzuei lehen oihartzun bat emateko xedea dugu, 2.000 euroko sari batekin lehiaketaren lehenarendako, baita lehen bortzen obrak erakutsiz. Lehiakideek uztailaren 15a aitzin dituzte beren lanak helarazi behar. Epaimahaiaren garrantzia ere badago, arte eta kultur arloko jende kontsekuenteak baitira, baita artista horietaz interesa daitezkeelako. Ororen buru, lehiaketa halako estakurua da, Euskal Herri osoko artista gazteen arteko sarea ehuntzeko. Arte-eskola nagusien itzulia ere egina dugu, Baionatik Bilbora, ikasleak lehiaketan aurkezteko motibatuz. Eta lehen aldiz Javier Manzanos, Uharteko (Nafarroa) arte-garaikideko museoko zuzendaria gure epaimahaikide izanen da, aurten.
Harreman interesgarria izan daiteke, zuendako?
Bai, nahiz-eta dena egitekoa den, eta ez dakit pisurik aski badugun, erakunde potoloa izanki, hala ere. Toki biziki interesgarria badute, zabala eta Iruñea sartzea dena, baina aski hutsa zaidana, eni behintzat. Nafarroa mailako trukaketa interesgarria eman dezake. Hala ere, berdin zentzuzkoa litzateke Euskal Herriko arte-eskolen inguruko harremanak sendotzea, nahiz-eta trukaketa zenbait jalgitzen hasi diren. Segur da hizkuntza komun batek gauzak erraztuko lituzkeela...
Prestigio-kontua, beraz...
Bai, eta jakinminarena. Sentitzen dugu Donibane Garazik ez duela oihartzun handirik arte-eskolako gazteen baitan. Baina behin hemen direlarik, tokiak lilurarazten ditu, batez ere erakusketak parte zaharreko gune desberdinetan antolatzen ditugularik, horretarako toki idealak baititugu hemen. Batez ere Apezpikuen Presondegia zait burura heldu. Itzal Aktiboa sariaren bidez, artea denei eskuragarri bilakatzeko aukera dugu, partikulazki publikoari, artistak hor izanen baitira beren obrak sotilki aurkezteko.
“Sotilki”?
Bai, jendea begiratzen uztearen alde nago: ez dute ulertzearen beharrik. Beren sentikortasuna, interpretazioa, gogoa gara dezakete. Eman diezaieguke margolari ezagunago batzuen erreferentziak, doi bat gidatzeko, etengabeko artista, uhin, korronte arteko eraginean baikabiltza. Dinamika kolektiboa begibistatik galdu behar ez den gauza da: iraunkortasun-, irakaspen-, eta umiltasun-bermea da.