Jokin Etcheverria

Jokin Etcheverria

"Zinema ez da bakarrik filma bat egitea, atzean gauza asko dira"

  • LaukitikAt
  • 2021/03/29
  • Hizkuntza: Euskara

Jokin Etcheverriak (Donibane Lohizune, 1978) ongi ezagutzen ditu kameraren bi aldeak. Euskal Telebistako « globetrotter » gisa ezagutu dugun Lapurtar gaztea argigailuen bestaldean dabil orain itzaleko ekoizle lanetan. « La Fidèle » etxearekin parte hartu duen Akelarre filmaren arrakastaz, zinemagintzaren egoeraz hitz egin digu ibilbide oparoa duen euskal kostatarrak.

Kamisetak saltzetik, zinema bultzatzera « La Fidèlekin »... Nondik nora doa zure lan ibilbidea?

Orain dela hamabost urte hasi nintzen ikus-entzunezkoen munduan ekoizpenak bultzatzen. Hori baino lehen, Maiana Agorrody lagun handiarekin hasi nintzen lanean, Myjok markako arropa sortzen eta saltzen genuen. Gero Bilbora joan ginen elkarrekin, 2006an eta hor Euskal kultur erakundearekin partaidetzan, Burp (Basque Underground Report) izeneko bideo bat egin genuen. Gero hortik jalgi zen izen bereko telebista programa bat. Bi urtez ostiralero hogeita sei minutuko Burp saioa proposatu genuen, sekulako lan erritmoa zen. Ber denboran Chiloé izeneko programa aurkeztu nuen ere ETBn, lau urtez, hogeita sei saio izan ziren, munduan zehar grabatuak. Erran dezaket garai hori baliatu dudala formakuntza gisa ikus entzunezkoetan trebatzeko, izan ere nire hastapeneko formakuntza merkataritza sailean eduki nuen eta gero antzerkigintza ikasi nuen Bordelen. Telebistaz gain, eduki ezberdinak sortu ditut ere Baionako Urdin Euskal Herri Irratian. Horren ondoan, « La Fidèle Production » izeneko ekoizpen etxea martxan jarri nuen orain dela lau urte. Lau filma ditugu gure katalogoan gaur egun eta proiektu berri batzuk lantzen ari gara.

Elkarrizketaren bideoa

Zer da zuzen « La Fidèle » ekoizpen etxearen lana?

« La Fidèle Productionen », ikus entzunezko katalogo bat ari gara osatzen. Gure oinarrizko asmoa da zinema bultzatzea eta ondorioz horrek ekartzen dituen eskubideen parte bat hemen, ipar Euskal Herrian mantentzea, beste aberastasun bat, hots tituluen propietatea hona ekartzeko. Hori da ekoizle baten lana eta hori lortzeko filmak egin behar dira, sortu behar dira eta horretan gabiltza errealizadoreekin edo beste ekoizleekin elkarlanean, saiatzen gara filmak hemen Euskal Herrian egiten.

Gero, filmak egiteko ekarpenak oso ezberdinak izan daitezke, ekarpen logistikoak, ekonomikoak, ... Akelarre filmean adibidez, bietan parte hartu dugu, diru bat emanez eta hemen Lapurdin, lan talde batzuk, proiektuan, soinu edo irudien lan taldeetan sartuz. Kastinak antolatu ditugu ere eta banaketarentzat laguntza ekarri dugu, Frantziako Dulac Distribution etxearekin harremanetan. Gure lana da, filma horrek bere tokia eta publikoa edukitzea ipar Euskal Herrian eta Frantzian. Akelarrek, sari asko lortu dituela gogoratu behar dugu bestalde, Madrilen bost Goya irabazi ditu, 2020eko Canneseko eta Zinemaldiko selekzioetan sailkatu zen, nahiz eta Covid krisiak aurkezpen horiek baldintzatu dituen zoritxarrez. 2017an Arte telebistak Pablo Agüerori sari bat eskaini zion, gidoiarengatik. Erran gabe doa filmaren arrakasta komertziala biziki inportantea dela denontzat, zenbat ikusle datorren gela ilunetara zenbat zinematan ikusgai den. Baina momentuz, osasun krisiaren ondorioz, Iparraldeko zine geletan oraindik goaitatzen ari gara Akelarreren proiekzioa hastea.

© LaukitikAt (EKE | cc-by-sa-nc)
© LaukitikAt (EKE | cc-by-sa-nc)

Madrilen, Akelarre filmarekin bost Goya irabazteak zer ondorio ekarri du proiektuan ibilitakoentzat?

Zinemak luzaz hetsirik egoteak, filmak metatzen ari direla dakar eta hori ez da batere ona filmen banaketarentzat.

Erran gabe doa sari horiek edo saririk irabazi gabe ere Nazioarteko Festibaletan egoteak, filmaren arrakasta baldintzatzen dutela erabat. Hitzordu horietan, profesional asko egoten dira eta hor neurtzen da filma baten kalitatea eta ondorioz ospea lortzea eta sartzeak areagotzea. Akelarrerekin lortu ditugun sariak, gure webgunean agertzeak prestigioa ematen dio gure ekoizpen etxeari, dudarik gabe.

Azken boladan, Euskal zinema osasuntsu eta arrakastatsua da, dudarik gabe. Nola esplikatzen duzu joera hori?

Bai egia da azken urteetan euskal zinema zinez mugitzen ari dela eta errango nuke arrazoi sinple bezain inportante batengatik gertatzen ari dela, hots zinema finantzatzen ari dela. Euskadiko Erkidegoa urrats handiak ematen ari da euskal zinea bultzatzeko, Euskal Telebista ere bai eta beste plataforma batzuk ere interesa erakusten dute hemengo ekoizpenentzako. Interes horren ondorioz, finantzamenduak iristen dira eta dirua dagoenean filmak egiten dira. Hemen « La Fidèle » enpresa sortu dudanean, nire dinamismoa ekarri nahi nuen, zinema proiektuak hemen garatzen hasteko. Hemen ez da beti erresa, Akitania mailako tresnak baditugu, baina oraindik gauza asko badira egiteko.

© LaukitikAt (EKE | cc-by-sa-nc)
© LaukitikAt (EKE | cc-by-sa-nc)

Zenbat denbora behar da film baten sortzeko?

Lehenik filma idatzi behar da, autore edo gidoilari batek idatzi behar du eta hau oso etapa luzea da. Urteak pasa daitezke, hiru, lau urte edo gehiago ere, nik ikusi dudanez. Jakin behar da batzuetan filma baten hogei bertsio izan daitezkeela filma egiten hasi aitzin. Azkenean, enpresa txiki bat muntatzea bezalakoa da eta enpresa bat ez da bi egunetan sortzen.

Zertan da zinema industria Euskal Herrian?

Bizi garen leku honetan, kultura asko gurutzatzen dira hemen, horrek ematen dio Euskal Herriari indarra eta aberastasuna.

Euskal Herria hiru partetan kontsideratu behar da hor, Euskadi, Nafarroa eta Iparralde. Euskadik bere antolamenduagatik, gobernu, telebista, eta beste egiturekin, egiazko ekonomia bat dauka zinema bultzatzeko. Hemen Iparraldean, zoritxarrez, erakundeetatik ez dator dirurik zinema ekoizteko, orduan beste baliabide batzuk bilatu behar ditugu, ekarpen pribatuak edo beste ekarpen motak. Uste dut halere hemengo eragileak ari diren gaia lantzen eta espero dut zerbait eginen dela laster. Jakin behar da hemen serie anitz grabatzen direla, frantsesez egiten dira eta ez dute ondoriorik uzten hemengo industrian eta ez da ezer egiten hemen guzti hori arautzeko eta bide batez hemengo industria laguntzeko. Orain arte, « La Fidèle Production » bezalako ekoizpen etxeak iniziatiba pribatuak dira. Nik uste dut egiten dugun lana interes publikoa dela, orduan espero dut momentu batez lan gehiago egiten ahalko dugun hemen, denok zinemaren sorkuntzan parte hartzeko aukera ukan dezagun.

Niretzat zinema ez da bakarrik filma bat egitea, horren atzean gauza asko dira, ekonomiarekin, kulturarekin, artearekin, zerikusia dutenak. Herri gisa, hori bultzatzeko garaia iritsi dela uste dut, gure historia kontatzeko eta burujabe zein etorkizunaren jabe izateko ere. Uste dut zinemak hori eman dezakeela eta horregatik inportantea da zinema bultzatzea eta ez bakarrik Euskaditik, Nafarroatik eta ipar Euskal Herritik ere bultzatu behar da.

© LaukitikAt (EKE | cc-by-sa-nc)
© LaukitikAt (EKE | cc-by-sa-nc)

Non kokatzen da zine industria gure mapan?

Leku ezberdinetan daude guneak; Gipuzkoan, Donostian, Oiartzunen badira estudioak eta plato oso handiak ere. Gero Bilbon, post-produkzio lan asko egiten dira eta Gasteiz ere gero eta gehiago aipatzen ari da. Oro har sekulako industria garatzen ari da Euskadin, baina ez da bi egunez gertatu, duela berrogei bat urte hasi zen dinamika hori. Basque Audiovisual marka gero eta gehiago bultzatzen ari dira eta emaitzak ikusten ari gara azken urteetan. Ni horretan sartua naiz beste ekoizle andana batekin, nazioarteko merkatuetan mugitzen gira eta hemengo presentzia segurtatzen dugu. Uste dut hemen ere Basque Audiovisual markarekin bat egin behar dugun industria garatzeko.

Zertan dira mugazgaindiko harremanak zinema sailean?

Zinema ez da bakarrik filma bat egitea, atzean gauza asko dira. Herri gisa, hori bultzatzeko garaia iritsi da, gure historia konta dezagun.

Nik gai hori naturaltasun osoz bizi dut; hamar urtez egon naiz Bilbon bizitzen, bulego txiki bat daukat Donostiako Tabakaleran, beraz anitz mugitzen naiz eta nire bizitza bi aldeetan pasatzen dut, ez dut mugarik ikusten. Niretzat mugak mentalak dira baina egia da bai Iparraldean zein Hegoaldean, ez dela filosofia hori bultzatzen. Halere gauzak egiten dira, edukiak euskaraz egin daitezke, baina frantsesez, espainolez izan daitezke ere, edo zergatik ez ingelesez. Bizi garen lurralde hau aberatsa da eta kultura asko gurutzatzen dira hemen, horrek ematen dio Euskal Herriari indarra eta aberastasuna, orduan, niretzat oso naturala da gure herria horrela bizitzea. Horrela bizi ez dutenei aholkatuko nieke, ezberdin edo gehiago, mugitzea; ikusiko dute horien bizitza askoz dibertigarriagoa izanen dela eta horretarako euskara ikasten hasi beharko dutela.

© LaukitikAt (EKE | cc-by-sa-nc)
© LaukitikAt (EKE | cc-by-sa-nc)

Telebista munduan, irratian, web ekoizpenetan ere ibilitakoa zara.

Telebista mundu bat da, sorkuntzarekin zerikusia du baina zinematik urrun da, nahiz eta tresna berdintsuak erabili, kamerak, soinua eta abar. Beste istorio bat da pantaila txikia, azkar joan behar da, erritmo handi batean egiten dira gauzak eta inprobisazio handia dago ere, niri hori gustatzen zait. Gero Interneten, web serie bat egin genuen, Puntu koma izenekoa; fikziozko serie bat zen, hastapenean eitb.eus webgunean emititu zen eta gero ETB telebistan ere ikusi zen. Geroztik munduko plataforma ezberdinetan ikusgai dago. Azken finean, serie bat izaten jarraitzen du, baina Internet formatuari egokitua, pantaila mota ezberdinetan ikusteko.

Irudien mundutik nola ikusten duzu ondare immateriala?

Iparraldean sekulako artistak badira, maiz ezezagunak, eta uste dut gehiago erakutsi behar direla.

Niretzat oso inportantea da ondare immateriala bultzatzea, batez ere kostaldean, jakinez Iparraldeko biztanleri handiena hemen bizi dela, Baionatik Hendaiara. Uste dut itsasoari lotutako ondarea gehiago aipatu behar genukeela izan ere gaur egun, surf paradisua edo Monte-Karlo berri bat bilakatu da gure kosta eta ahanzten dugu, hemen gure arbasoek lotura handia zutela arrantza eta itsas munduarekin. Nire aitatxi Sokoako arrantzalea zen eta iruditzen zait inportantea dela hemengo ondarea erakustea gure belaunaldiari eta jendeari orokorrean, gure aitatxi-amatxien biziaz, gure historiaz gogoratzeko. Egia da turismoa ere biziki presente dela Lapurdi kostaldearen historian, baina erakutsi behar da ez dela bakarrik horretan mugatzen.

Covid krisia nola pasa duzu?

Covidak denbora ezberdinki erabiltzeko aukera eman dit eta hori gauza ona izan da niretzat; denbora eduki dut pentsatzeko, proiektuak aurreratzeko, ongi izateko familiarekin ere eta ez bakarrik lanean zentratzeko.

Orain gure aktibitateari begira, zinemak hain denbora luzez hetsirik egoteak, filmak metatzen ari direla dakar eta hori ez da batere ona filmen banaketarentzat. 2021eko martxoan, laurehun filma ez ziren aurreikusi bezala atera Frantzian, hori arazo handia da eta gainera, filma guzti horiek aterako direnean ez dira ongi ikusiko ere. Orduan bai arazo handia da guretzat zinemak hetsirik egotea Covidarengatik. 

© LaukitikAt (EKE | cc-by-sa-nc)
© LaukitikAt (EKE | cc-by-sa-nc)

Zein da filma on baten egiteko sekretua?

Kalitatezko filma baten egiteko ez dut uste sekreturik badenik, baina bai bada oinarrizko elementu bat, zure proiektuan sinistea alegia. Sinisten baduzu proiektuan dena eman behar duzu gauzak lotzeko, aurrera ateratzeko. Beraz bai ekoizlea naizen aldetik ere, nire proiektuetan sinistu behar dut, baina ez da zinemara mugatzen den ezaugarria.

Pantailara gustura ekarriko zenukeen istorio bat?

Inportantea da kostaldeko ondarea erakustea, gure belaunaldiak, gure aitatxi-amatxien bizimodua, gure historia, gogoan atxik dezan.

Hain zuzen ere, ari gira proiektu berri bat ateratzeko lanetan. Ez da filma izanen, serie bat baizik. Herri ezezagun batean gertatuko da eta bertan gurutzatuko dira prentsaren mundua eta marihuana. Urte bat ari garela proiektua idazten eta zabaltzen jende berriarekin eta oraindik titulu ofizialik ez badu ere, espero dut proposamen hori gauzatzea laster.

Gela ilunez kanpo, zein dira zure zaletasunak?

Lanaz aparte, bizitza oso lasaia dut. Sekulako lekuan bizi naiz, Sokoan, eta gustatzen zait hemendik lagunekin egotea, ibiltzea, ... Ziburuko Bittor tabernara joateko ohitura handia dut, baina momentu honetan hetsia da, beraz, besta eta kontzertu guti ditugu. Egia erran Euskal Herrian ibiltzeko baliatzen dut momentua, hobby berezirik gabe. 

© LaukitikAt (EKE | cc-by-sa-nc)
© LaukitikAt (EKE | cc-by-sa-nc)

Norekin lan egingo zenuke filma batean?

Elkarrizketa asko egin ditut Urdin Euskal Herri Irratian, Basque Connexion deitzen den saioan. Jende biziki interesgarria ezagutzeko parada eduki dut eta gogoan ditudanen artean, Jacques Pavlovsky kazetari argazkilaria aipatuko nuke. Haren argazkiak ikusteko parada eduki nuen, Vietnamen hartuak, edo munduko pertsonalitate handien potretak, eta horrelako pertsona batekin lan egingo nuke gustura. Uste dut Iparraldean sekulako artistak badirela, maiz ezezagunak, eta uste dut pertsona horiek gehiago erakutsi behar direla.

Galdegin ez dudan zerbait?

Ez, denak erran ditudala uste dut.

Gehiago jakin

Elkarrizketa gehiago

Elsa Oliarj-Inès

Elsa Oliarj-Inès

"Trankil zarelarik tradizioekin, sorkuntza sar dezakezu"

Maia Iribarne-Olhagarai

Maia Iribarne-Olhagarai

"Buruan duzun ideia bat gauzatu ahal izatea sekulako lorpena da"

Manex Fuchs

Manex Fuchs

"Zailtasunean, bortxaz gauza onak sortzen dira jendeen artean"

Simon Blondeau eta Anaiz Aguirre

Simon Blondeau eta Anaiz Aguirre

"Euskal zinema aski oharkabekoa izan da Iparraldean"

Elkarrizketa gehiago