Jon Iruretagoyena (1985, Lekorne, Lapurdi) dantzaria eta koregrafoa da. Maritzuli konpainiako lehendakari, euskal dantza irakasle ere bada IDB-n, baita hainbat kolaborazioetan. Maitaldian, Xiberoko dantza-teknikaren historiaz konferentzia bat eskaini du. Hitzaldiak eragin duen harriduratik jalgi da elkarrizketa hau.
Xan Aire: Konferentzia bukaeran, Claude Iruretagoyena, zure aita, duzu bereziki eskertu... Zer rola ukan du, zure dantza-ibilbidean?
Jon Iruretagoyena: Dantza giro batean sortu naiz, aitaren aldetik, nahiz eta ama horretan ere inplikatua izan, jostuna baita. Ni sortzetik murgildua izan naiz. Aitarekin joaten nintzen, batzuetan, klaseak ematen zituelarik. Izkin batean egoten nintzen, beha... Edo dantza-ikusgarrietara, festibaletara ere eramaten ninduen. Preseski, nik dudan dantza-oroitzapen zaharrena, Juan Antonio Urbeltzen ikusgarri bat da, hiru urtetan ikusi nuena, aitarekin nintzela. Horrek eragin anitz ukan du ene ibilbidean, ene hautuetan.
X. A.: Ttipitik murgildurik izateak, kontrako erreakzioa ere eragin zezakeen...
J. I.: Ene ustez, bi erreakzio izan ohi dira: edo dena ukatzen duzu, edo barneraino sartzen zara, pentsatu gabe. Nik ez dakit zergatik dantzatzen dudan, nolazbait: beti ukan dut dantzatzeko gogoa. Noski, 13, 14 urtetan, futbola nahiago nuen, lagunekin egotea, baina pasaia baizik ez da izan. Beraz, aita eskertzen dut, dantzan dakidan kasik guzia erakutsi didalako. Haatik, bere dantza-klaseetan, beti izan naiz ikasle bat bertzeen artean, hein berean. Behar zen distantzia ematen zuen, eta ongi bereizten zituen aita eta irakasle izaerak. Bereizketa hori beharrezkoa da, dantzan aitzinatzeko. Presio gehiago eman balit, behar bada desberdinki pasatuko zen.
Aitarekiko hausturarik ukan ote duzu, dantza mailan?
Ez. Baina ez naiz haren jarraipen zuzena ere: bide desberdinak ditugu. Eta ez dut arazorik “fils de” izate horrekin! Biak aitzinatu gara, gauzak argi ukanez. Nahiz eta aholkuak ematen dizkidan, badaki noiz utzi behar nauen, ene entseguak egiten, izan onak edo txarrak. Ni haziz bezala, elkar-trukaketa bilakatzen ari da gure arteko dantza-harremana.
Noiz erabaki duzu dantzan zure ildoa eramatea?
Hamabost urtetan, amari aipatu nion, lehenik, hautu hori banuela gogoan. Eta biek erran didate, aski fite, hautu hori gauzatzen ahal banuen, gauzatuko nuela, baina zer gerta ere, lan bat egin behar nuela ondoan. Hala ere, garai berean, Ingura Mingura ikusgarrian parte hartu nuelarik, Maritzuli konpainiarekin, ni baino dantzari zaharragoekin lanean aritu nintzen: horiek dizute zure ildoa eramateko gogoa ematen. Gainera, Juan Antonio Urbeltzen ikuskizun batean parte hartu genuen, eta bertako dantzari batzuek zidaten zinez kontzientzia piztu: horiek bezala dantzatu nahi banuen, lan egin behar nuen. Urteak geroago, lortu dut dantzari horiekin batera lanean aritzea, Argia konpainian sartuz: hori izan da munduko gauzarik hoberena!
Beti aipatzen dira dantza taldeak, baina zu, ez ote zara nahiko bakartia?
Bai, ez dakit seme-bakar izateak zer eragin duen horretan... Maite dut bertzeekin aritzea, baina ene mementoak behar-beharrezkoak ditut. Hala ere, dantzan, taldeak badu bere garrantzia. Hor duzu elkarbizitza ikasteko aukera... Eta euskal dantzek, beren izaeraz, egiten dute talde bat ongi lotua behar duzula.
Sortzen delarik, taldea trabagarri izan daiteke?
Egia sorkuntza pertsonala dela: duzunetik sortzen duzu. Baina duzun hori, bertze nonbait ikasia duzu, edo, bederen, bertze norbaitek eragin, inspiratu dizu, inkontzienteki bada ere. Hala ere, sortzeko mementoan, hamasei dantzari ematen bagara, musika berdinarekin, hamasei gauza diferente aterako dira...
Beharrik...
Eta beharrik, bai! Baina horrek egiten du geroz eta gehiago izan, eta geroz eta zailagoa dela gauzak sortzea, ene iritziz.
Maitaldian, bat baino gehiago harriturik utzi duzu zure konferentziaren ondotik. Behar bada zu ere harritu baitzara ikerketak eramatean?
Bai, dudarik gabe! Hasieran, kuriositate hutsa izan da, Kutx ala Pil, Maritzuliren ikusgarriak sortu zidana. Batez ere Bruno Delavigne dantza-maisuaren eraginez. Dantza-loturak aztertzen hasi, eta Provence eskualdera, baita Sarthe aldera joan naiz. Gero, Jean-Michel Guilcher ikerlearen lanak ere eskuratu, eta banuen konferentzia bat egiteko mamia. Harritu naiz ibilbide guzian. Dantzaren historiaren enbor horretatik, zenbat adar ateratzen den, mundu zabalera, baina denak elkar-loturik. Eta ez naiz sartzen maskaraden sinbologian, hori bertze mundu bat bailitzateke...
Harrigarria, beraz, jakitea Parisek nolako eragina ukan duen Xiberoko dantza modernoan...
Bai, baina horrek ez du erran nahi, eragin hori aitzin, ez zela deus hemen. Garai batez, Parisek dantzan eragina ukan du, gaur egun beztitzeko ohiduran duen bezala. Azpimarratu nahi dut testuek aldebakarreko informazioa ematen dutela, nahiko bertikala dena: Pariseren eragina hemen. XIX. Mendean, Pariseko armadan, dantza erakasten zen. Ez arte gisa, baizik eta gimnastika gisa: dantza zorrotz eta teknikoa. Eta soldaduek bazuten dantza-maisu edo – maila bat apalago – prévot izateko aukera. Hor dira aurkitzen Xiberotar batzuen izenak, dantza-maisu atera direnak. Eta armadan ikasi dituztenak sorterrira ekarri dituzte... Horregatik diot Xiberoko dantza-teknikak Frantziako dantzaren historiarekin lotura estua duela.
Eta armadarekin, harreman zuzena...
Bai, gaur egun zaila zaigu irudikatzea dantza irakasten zela armadan. Baina bortz edo zortzi urtez egoten ziren garai batean, eta bazuten maisu ateratzeko aukera. Harrigarria ere bada dantza-maisu horien familiak ez jakitea, gaur egun, beren arbasoak nor izan diren, armadan ikasi dutela dantza-teknika zorrotz ikusgarri bat, eta horrek eragina ukan duela gaurko teknikan. Hori, familietan ez da transmititu, eta sekulako jakintza-moztura bada belaunaldien artean. Beharrik Guilcherrek egin duela lan bat, duela berrogeita hamar urte... Bestela, gaur egun ezagutzen ditugun lau, bortz dantza-maisuen izenak ere galduko ziren!
Lau dantza-maisu agertzen dira, bereziki, garai ber-berekoak, eta auzo-herrietakoak...
Bai, 1870 garaikoak dira, Sarrikotagaine, Lakarri, Liginaga eta Ligi herrietakoak. Baina ez da posible horiek soilik izatea. Bazen gehiago Xiberoan, eta Ipar Euskal Herri osoan ere bai. Frantzia mailan, berdin: zergatik Sarthe eta Provence eskualdeetan baizik ez dira topatzen? Eta Euskal Herrian, zergatik Xiberoan bakarrik? Denetan baziren dantza-maisuak, baina ez dute eragin berdina ukan, edo eragiteko aukera berdina ukan. Hori ere bada ikertzekoa, oraindik.
Konferentzia denboran, ikusle batek azpimarratu zuen, garai batez, Xiberoa protestanta izateak ukan zukeela bere eragina...
Bai, eta Lapurdi eta Baxenabarre katolikoak izanik, han dantza gehiago debekatua zela... Ez dakit, konferentziatik landa ez ziren denak ados. Zinez eztabaidagarria den hipotesia da.
Dena-den, zuk gaitzetsi duzu dantza-maisu horien ekarpenek elementu batzuk desagerrarazi dituztela...
Dudarik gabe. Armadako maisuak dira maskarada modernoen aitak. Horien eraginez, aldatu dira jantziak, dantzak... Gorri eta Beltz oposizioa ere haiek dute ekarri. Godalet dantza ikusgarri bilakatu bada XX. mendean, haien eraginez izan da. Ikusgarri kutsu hori baitute ekarri armadatik. Ondorioz, ordea, maskaradetako pertsonaia eta ohidura batzuk betiko desagertu dira. Hori usu gertatzen da, dantza munduan segurik: XX. mendean, valse, polka bikote-dantzak hedatu direlarik, dantza-jauziak dira galtzen hasi... Ordezkapen prozesu hori izan da ene konferentziaren abiapuntua, funtsean. Ez da sekula kasualidaderik, egoera horietan: elementu-, ohidura- edo dantza-desagertze baten gibelean, beti arrazoi bat gordetzen da.
Nolaz gureganatzen ditugu berrikuntza horiek?
Gauza berriak sartzeko edo hartzeko, beharra sentitu behar da. Eta nahia ere behar da, berrikuntza onartzeko borondatea. Sorkuntza eta ohidura: bata besteari lotua da. Gauza bat berritu dezakezu, baina funtsa aldatu gabe. Demagun maskaradan, aitzindari guziak kentzen ditugula, eta bospasei mutiko hip-hop egiten ezartzen ditugula... Edo xirula kendu, disko bat emateko. Eta buhameak kenduko ditugu, arrantzaleak ezartzeko. Ez du zentzurik. Hori da, preseski, aldatu behar ez dena: zentzua ez galtzea, gu garena ez bidean uztea. Bertze hitzez: zentzua emanez ditugu berrikuntzak gureganatzen.
Modak zer eragin du Xiberoko dantzan, 2013an?
Ba ote dira modak, gaurko dantzan? Xiberoan, bertze tokietan bezala, azken urteetako egoera bikoitza izan da: alde batetik, plazakoa den bezala atxikitzea, eta ondoan, gauza berriak entseatzea. Izan da Iparraldeko moda bat sorkuntzaren inguruan: sorkuntza-bulimia bat! Nik uste hori doi bat lasaitu den. Sorkuntzak baduke eragin bat plazakoarengan, baina zer heinetaraino, ez dakit. Ez dut adibiderik, maskaradan behintzat, non funtzionatu duen. Xiberotarrek ez dukete aldaketaren beharrik sentitzen.
Berriki, Baztanen, neska bat mutil-dantzetan sartu da, eta txistukatua izan ere... Zer diozu horretaz?
Enetako, galdera bat izan daiteke nor eta zer diren dantzariak, memento horretan: neskak eta mutilak dira, ala dantzariak? Ohar hori berriki entzun diot Oier Araolaza eibartarrari. Hango ezpata-dantzan, erabaki dute mutilak zein neskak onartzea, denak baitira ezpata-dantzariak. Gaurko egunean, berdintasunean bizi nahi dugu anitzek, eta nik uste gure garaiarekin bizi behar dugula. Aldiz, badira dantza batzuk, non genero bakoitzaren karakterea azaltzen den. Mutiko ala neskek, ez dugu karaktere berdina, eta ongi begiratuz, badira dantza batzuk gizonezkoentzat eginak, eta bertzeak emakumezkoentzat. Kanpotik begiratuz, arrunt gauza diferentea ematen digute, mutikoek ala neskek dantzatuz. Nik horri kasu egiten diot pixka bat, nahiz eta ez dudan erraten bat bertzea baino hobea denik.
Ba ote duzu adibide konkreturik?
Adibidez, Otxagabiako makil-dantza, neskek emana, ez da batere gauza bera. Ezberdintasun hori kontutan hartzea nahiko nuke, galdera pausatzea soilik ez bada. Baina Baztanen kasuan, neska bat mutil-dantzetan sartzeak, zinez aldatzen ote du bestaren, ohiduraren funtsa? Ez dut uste, eta ez dira horren adibideak eskas Euskal Herrian zehar. Ez gara, dagoeneko, XIX. mendean bizi.
Euskal dantza-formazioa Hendaian :
2013ko iraila erditsutan hasi da Jon Iruretagoyena euskal dantza formazio bat eskaintzen Hendaian, Euskal Kultur Erakundeak eta Maurice Ravel Kontserbatorioak hitzarmen bat izenpetu ondoan. Astero bilduko da zazpi-zortziko talde batekin, ikasturte osoan, eta espero du urtero klase bat gehituz joatea.