Pantzo Hirigarai (1957, Baigorri, Baxenabarre) bere antzerkiei esker ezaguna da. Irulegiko Irratiko esataria, irria etengabe bilatu izan du, aktualitatean ere bai. Kike Amonarrizekin batera, Bidaso : biga so, Ipar Irriak eta Hego erak saio umoretsua eskaini du 2011ko martxoaren 23an, Donostiako Koldo Mitxelenan,Iparraldea Bertan! zikloaren karietara.
Xan Aire: Nolako ingurumenean hazia izan zara?
Pantzo Irigarai: Baserri munduan, Baigorriko herrian, Izpegiko Erreka auzo baztertuan, Intxaia etxean. Aita laborantzako langile zen, gure lurrak ez baitziren gureak, eta etxea ere alokatzen baikenuen. Amak gaitu gehienik haziak, aita ardura kanpoan baitzen lanean. Eta hara, kolegioa arte ikasketak Baigorrin egin ditut, Baxenabarreko bihotzean...
Euskararen, euskal kulturaren eskaintzarik bazenuen haurtzaroan?
Ez, batere. Aitortu behar dut 15 urte arte euskararik ez nuela ematen. Ama hizkuntza izana nuen, baina eskolan abiatu orduko galdua. Jendea konprenitzen nuen, baina ni ez nintzen hitzik ateratzeko gai.
Nolaz hori?
Eskolan beti frantsesez ari ginen, lagunen artean ere, amarekin ere frantsesez mintzatzeko usaia hartua genuen... Euskara xaharrekin baizik ez genuen erabiltzen. Eta, egun batez, bakarrizketa batean erraten dudan bezala, halako errebelazio bat ukan nuen, mirakulua... Unibertsitateko lehen urtean, Paueko Euskal Etxean, hango giroan, han ibiltzen zen jendea ezagutuz, Xalbadorrek erran bezala euskal kontzientzia piztu zitzaidan. Sekula entzunak ez nituen kantariak ezagutu nituen, Xabier Lete, Gorka Knörr... Euskaltasunari atxikimendua horrela atera zitzaidan. Halako gose edo egarria ere sortu zen, eta euskara berreskuratu nahiz eta abertzale munduan sartu nahiz ibili nintzen. Ordu arte behin ere hunkitua ez nuen Herria gain-behera irakurtzen hasi nintzen euskara berriz ikasteko, Eñaut Etxamendiren Azken elurra liburua ere garai hartan irakurririk oroit naiz...
Baina ez zinen horretan gelditu...
Ez, euskaraz idazteko gogoa ere banuen, nire baitan irudipena sentitzen nuen... Baina frantsesez pentsatzen nuen. Daniel Landarti esker jauzia egin nuen, Xirrixti Mirrixti antzerki taldean sartu nahi nuenez galdegin zidan, aktoreak bilatzen baitzituen. Eta nik berehala baietz erran nion, ikaragarriko beldurrarekin, ez bainekien gai nintzanez horrelako zerbait egiteko. Eta horrela parte hartu nuen Nola jin, hala joan antzezlanean. Beti gogoan dut ene lehen agerraldia, ez dakit horrelako beldurrik ukan dudanez nire bizian ! Baina biziki gustatu zitzaidan eta taldean segitu nuen hamar bat urtez, antzerkilari gisa. Eta taldeko lagunek, 1990 hamarkadan, idaztera bultzatu ninduten. Sorkuntza guti zen garaian, idazle guti, eta antzerki taldeek lan klasikoak, Larzabalenak, adibidez, ematen zituzten. Eta horrela idatzi nuen India beltzak Xirrixti Mirrixti taldearendako, 1995ean.
Zerk lagundu zintuen idazten?
Erran behar dut Irulegiko Irratian ematen hasiak ginen Antton eta Maria idazteak lagundu nauela. Irratiko antzerkia idaztea errazago zitzaidan. Taula gainekoan izen handiak baziren, Landart, Larzabal, Monzon... Horien artean sartzea ez nintzen menturatzen... Eta irratian Antton eta Maria idazten hasi ginen, Marie-Agnes Gorostiaguekin, soinu-dei batentzat, eta gero beste bat, bi, hiru... Jendeak biziki maite zituen, orduan segitu genuen.
Irria irratira ekarri zenuen...
Ez dakit, baina nire marka bezala izan zen umorezko saioak egitea. Antton eta Maria, Petzero, Gezur Flash... Animatzaile egon naiz luzaz, baina azken hiru urteetan informazioak ematen ari naiz.
Seriotasun hori nola bizi duzu?
Ez da beti erraza ! Berri baten prestatzen ari naizelarik, batzuetan pentsatzen ari naiz parodia merezi lukeela. Baina ez dut erraten ahal, berri ofizialak dira... Eta batzuetan, sinesten ez dituzun gauzak erratea ere zaila da, bertsio ofizialak direlarik, adibidez. Badut halako frustrazio bat ez bainaiz horretaz trufatzen ahal.
Gezur Flash bezalako parodiak beharrezkoak zaizkizu, beraz...
A bai, eta ez niretzat bakarrik, baizik eta orokorki ere bai ! Gauzak ez dira beti lehen graduan hartu behar. Gainera, umore eskasa sendi dut irratietan. Orain baino umore zati gehiago beharko genituzke. Umorearekin egiak ateratzen ahal dira, beste gisan erraten ahal ez direnak, diot. Les Guignols bezalako saioak beharrezkoak dira.
Preseski, imitazioan noiz hasiko zarete irratian?
Artistak harrapatuko ditugularik ! Nire heinean Gezur Flashen entseatu izan naiz. Moleres, Baionako apezpiku ohia ontsa kausitzen nuela erran izan didate. Baina badira politikari batzuk errazki karikaturatzen ahal litezkeenak : Grenet, Lasserre, Barthélémy Aguerre, Maitia... Berriak ematea uzten baldin badut, imitazio saioak bultzatu nahiko nituzke, bai.
Artean, taula gainera itzuliko zara, Kike Amonarrizekin...
Bai, Bidaso : biga so, Ipar Irriak eta Hego erak izenburuan agertzen den bezala, dena hitz joko... Bidasoaren gainetik so desberdinak direnez, bakoitzak bestea nola ikusten duen landu dugu, klitxeekin ontsa jostatuz. Gure oinarria da Euskal Kultur Erakundeak egin zuen inkesta bat, Donostiako karriketan, jakiteko gazteek zer irudi zuten Iparraldeaz. Topiko politak ateratzen dira : pastorala, surfa, euskara bitxia, edo beste batzuek hotza ! Eta hara, horren inguruan bi pertsonai gara Kike eta ni, ikerleak, ni Sorbonne-atik heldu, eta hura Deustotik. Gure emaitzak aurkezten ditugu, aterabideak bilatzen, hori dena umorearekin. Eta bakoitzak kontatzen ditu bere esperientziak bestaldean, anekdotekin.
Zuk baduzu zer erran, zure edo Ipar Euskal Herriko antzerkiak Hegoaldean ez direla ulertzen baitiozu...
Bai, euskalkien problema hori aipatu izan dut lehenago ere. Frustrazio hori bizi izan dut, gauza batzuk pasatzen ez zirela ikustean. Iparraldean jendeak irri eginen zuen zatietan, Hegoaldean ez zituzten konprenitzen. Esperientzia horiek ezkorrak izan dira niretzat.
Zer harreman duzu irriarekin?
Tinkoegia ! Irri gogoak beti asaldatzen nau. Edozein hitzaldietan, elkarrizketetan, alde umoretsua bilatzen ari naiz beti. Obsesioa bezala da, nonbait ! Behar dudala jendea irri eginarazi, nire burua ere bai. Harreman bortitzegia da hori.
Zertaz ez da irri egiten ahal?
Euskararen egoeraz... Batzuetan umorea baliatzen da minen edo arranguren gordetzeko. Baina euskararen egoerak min gehiegi egiten dit. Irratian egunero ikusten dugu hori. Gazteak ere lagundu behar izaten dira, hizkuntza aldetik, soinu deiak egiteko... Nolaz jendeak ez du atxikimendu gehiago ? Hainbeste gauza egina da, gaur, kontzientzia pizteko, irratien bidez, ikastolen bidez... Hori dena ez dut ontsa konprenitzen, eta asaldatzen nau.
Azkenean zer zara, pailazoa? Zure minak gordetzeko irri eginarazten duzu?
Batzuek ez naute sinetsiko baietz erraten badut. Baina hala da, bai. Nire baitan aski ezkorra naiz. Euskaltasunaren egoerari buruz, batez ere. Baina umoreak gaina hartzen du, beti!