Philippe Etchegoyhen

Philippe Etchegoyhen

"Xiberoko lekurik ederrenak han gain-gainean dira, herri eta jendetik urrun"

  • EKE - Xan Aire
  • 2011-07-12
  • Hizkuntza: Euskara

Philippe Etchegoyhen (1940, Idauze, Xiberoa) munduan zehar ibili da eskoletan, erakasle eta zuzendari gisa. Xiberoa ez du, ordea, sekula ahantzi. Bere oroitzapenak liburu pare batean argitaratuko ditu (lehena 2011 ondarrean). Horren dasta emateaz gain, bere probintzian gaindi ibilaldi berezia proposatu du.

Xan Aire: Zure haurtzaroko Idauze nolakoa zen?

Philippe Etchegoyhen: Ni etxezain seme nintzen. Onizegainetik Idauzera jina lau urtetan. Zortzi haurrideetan gazteena. Etxean beti zerbait egiteko bazen, ordea! Urketa joan, kabalen lanak, egurra... Ahal bezain berant agertzen ginen etxera! Pilotan lagunekin, astoekin ere katzakoan... Errienta biziki ona, apaiza tzarra... Horretako naiz, ene iduriko, erakasle egin! Bestela, jendea elkarrekin bizi zen, nonbait behartuak ere baitziren. Lanen egiteko eta... Baina horrek beste giro bat sortzen zuen. beti norbait gurutzatzen zen, behi pare batekin edo... Eleketan ere egoten ziren. Etxeetan besterik zen. Hiru belaunaldi baziren, eta hor jendeak sufritu du. Edo etxeko andere gazteak, zaharrak gaiztoak baitziren, edo zaharrek sufritu dute, etxeko andere ona ez baitzen ona. Hastapenean erran dut etxezain seme nintzala. Hori inportantea zen lehengo Idauzen eta Xiberoan. Bost kategoria baziren. Etxeko jaun handiak, etxeko jaunak, etxezainak, jornalean ari zirenak, eta buhameak. Bakoitzak bazekien non zen. Batez ere ezkontzeko. Kategoria bereko jendeen artean ezkontzen ziren! Aita batek bere semea Amerikara igorri zuen, honek behar ez zen neska batekin ezkondu nahi baitzuen. Ez zen beti amodioz ezkontzen, interesen arabera anitzetan! Mugak ez ziren kanpotik ageri, baina hor ziren. 1965. urtea arte ez da etxezainik Herriko Etxeko kontseiluan sartu Idauzen! Gisa berean, herriko ostatuan etxeko jaunik ez zen ibiltzen, edo bekan! Alta, ez ziren denak aberatsak... Baina orduko noblezia zen, eta itxura bat bazen zaintzeko. Batzuen haurrek ez zuten aizu karrikakoekin jostatzeko...

Eta buhameak?
Ph. E.: Uhaitza bazterrean bizi ziren. Arrantzan eskuz, haiek sal, eta horrela ateratzen zuten bizitzekoa. Jendeak erosten zituen! Behin, Mauleko ostaler bat buhamea bati kexatu omen zitzaion, arrainak kario zituelako. Eta hark erantzun "ai, gaixoa, TVA horrekin...". Ikaragarriak ziren errefera emateko! Baina ontsa integratuak ziren, ostatuetan eta egoten ziren. Euskaraz bazekiten, batzuk xiberotarrez ere bai. Izengoitiak bazituzten, edo beren izen ttipiari buhame gehitzen zitzaien. Buhame izatea, bizimolde bat ere bazen. Hor ziren duela 500 bat urte. Erromintxelez ari ziren beren artean. Rom hizkuntzaren hiztegiarekin, hamar urtez galdu dena.

Zure Xibero maitea utzi behar izan duzu, haatik...
Ph. E.: Prefosta, biziak eramanik. Eskola Normalean Chateauroux hirian, unibertsitatean Poitiers-en, matematikako erakasle formazio ttipi baten ukaiteko. Gaztaroan, Aljerian ere izan ginen, hango borroka gaitzak ezagutzera, ideologia batean ginen. Gaur egun, denak "-tika" dituzu, informatika bezala, adibidez. Gure garaian, "-ismoa" zen: maoismoa, anti kolonialismoa bezalakoetan ginen, bete-betean! Ideologia hori zer zen ikusi nahi izan genuen. Gaitzeko abentura izan zen, auto-stopez eta abar! Gero, lanarekin anitz mugitu naiz. 1969an, Tahitin lanpostu bat ukan nuen. Ontsa ginen han! Biderik, telebistarik gabe... Arrainei so, bestan... Baina sei urtez egoten ahal zen bakarrik. Eta gero, gehienetan Mission Laïque elkartearekin mugitu gara, erakasle eta zuzendari gisa: Kenyan, Palman, Iranen, Zaragozan, Pas-de-Calais, Paris inguruan, Suitzan, Bokalen, Donostian, Bolivian... Eta azkenean hementxe, Idauzen, erretiratu.

Lehenago ez zizun faltarik egin?
Ph. E.: Beti. Baina bakantzetan itzultzen ginen. Tahitiko paradisuan ere falta egiten zigun. Hala ere, han herri ttipi batean ginen, arrantzaleen erdian. Kantua maite dute, ostatua maite dute, besta maite dute... Xiberotarrek bezala! Erraten zuten frantsesez ez zekitela, baina amiñi bat edan eta, gogotik hasten ziren! Erraten nien gure aita bezala zirela, hura ere horrela trebatzen baitzen! Han ere ontsa ginen, beste molde batean. Tahiti negarrez utzi dugu. Xiberotik urrun izateak, hala ere, bere alde onak izan ditu. Idauzera joatea, eta handik partitzea, zerbait zen! Gasna, pate, urdaiko anitz hartzen genituen... Eta egon garen leku orotan laket izan gara.

Xiberoko leku batzuk deskribatzen ahal zenituzke?
Ph.E.: Uf! Gida gaiztoa naiz, ni! Xiberoa aurkeztuko nuke lehenik, bere osotasunean, jendeak ez baitaki, anitzetan, hiru gune nagusitan banatua dela gure probintzia ttipi hau... Lehenik baduzu bortuko Xiberoa, Basabürüa, Santa Grazi, Larraine, eta Irati inguruak, pago oihan ederrekin, mendi zabalekin, baina leku ilunagoekin ere bai, Kakueta eta Oltzarte bezalako txokoekin... Gero, mendiak badituzu, apalago, Barkoxe, Eskiula aldea, Biarnora zabaltzen dena gero... Eta, azkenik, Pettarra deitzen duguna, Xiberoan dena baina Baxenabarrerekin lotura handia duena. Arbailako oihana berezia ere hor da, erdian. Bakoitzak besteari zerbait ekarri dio, eta Xiberoa osatu dute denek, nortasun bereziarekin. Biarno eta Nafarroaren artean. Lehenago aipatu etxezainek rola inportantea ukan dute hor, batetik bestera ibili baitira, Xiberoko loturak elkarri josiz. Hala ere, Santa Grazi aipatu nahiko nuke, zinez berezia baita, mundu bat da. Jadanik, geografikoki, aparte da. Eta gero, euskara diferentea dute, ederra eta berezia. Hitz eta erran molde batzuk ez dira han baizik harrapatzen. Euskal Herriko zortzigarren probintzia zela erraten zuen Etxahun Irurik, bere emaztea kitzikatzeko, hangoa baitzuen! Denbora batez, mila ehun jende baino gehiago bazen bizi han, leku hartan. Harrigarria da!

Zu bortuan ibili izan zara. Hura bai, zehazki deskriba dezakezula...
Ph.E.: Hura bai! Zinez markatu bainau. Igandea zen, 1950ko agorrilaren 20a. Egun hartan lehen aldiz izan nintzen bortuan! Goiz hartan goizik jaiki nintzen! Aste batez izan nintzen, astoz, anaiarekin olara, aitak erranik. Fier nintzen! Ahüzkiko bestak ikusirik, pasatzean, oraino hiru oren bide olara heltzeko. Han denetarik ikasten zen. Boneta eta txapela kanta han ikasi dut, bortuan! Gero, istorio ttipi bat ere bada, uraren inguruan. Zaharrak eta gazteak elkarrekin egoten ziren, lehen, olan. Iturritik etxolara urarekin heltzen zenak, "benedicamus" erran behar zuen, eta besteek "domine" erantzuten zioten. Ohidura zen. Gazte batek ez omen zekien hori dena. Iturritik heldu, eta ez omen zuen deus erran. Zaharrak erran omen zion "ur hori zikin duk, habil berriz xerka". Gaztea berriz joan omen zen urketa, eta olara heltzean, ez zuen "benedicamus" famatua erran, eta zaharrak berriz ere iturrira igorri zuen! Gaztea negarrez joan omen zen, iturria apal baitzen, eta ez baitzuen deus konprenitzen, gaixoak! Olako beste artzain bat diskretuki joan zen iturrira, eta gaztea lagundu zuen: ontziak bete ondoan, haietan pixa egitea manatu zion, eta olara heltzean "benedicamus" erratea ere bai. Gazteak obeditu zuen, eta, etxolara heltzean, "benedicamus" erraten dio zaharrari. Honek "domine" eta pitxarra hartu eta edan. Pixa edan, "ur hori bai sano eta on dela" erranez! Hara, istorioa... Ederra da, baina ez zait iruditzen egia dela. "Benedicamus" erran behar zela bagenekien eta, gisa guztiz, ez ginen sekula bakarrik joaten urketa. Beti anaiarekin edo aitarekin. Sekula "benedicamus" erraten ez bazen, zaharrak erreportxua fite egiten zuen!

Olaren zinezko funtzioa zein izan da?
Ph.E.: Ene ustez, gure txokoan hasteko, elkarrekin bizitzen ikastea izan da bere funtsa. Artzain batek erran izan dit: "gaixoa, bazeneki ze siesta ederrak egin izan ditugun!" edo "gure gasna triste haiek ez zuten halako lana merezi". Erran nahi du ez zirela hain lanpetuak... Transmisioa zen olaren zinezko funtzioa. Xiberoan, sistema berezia bazen, gure oletan. Egunak beharko litezke hori dena azaltzeko! Hala ere, erran dezakegu bakoitzak bere lana bazuela. Ola batean zazpi artzain baziren, bakoitzak funtzio berezia zuen, eta egun oroz kanbiatzen zen. Neskatoa, artzain mutila ardi antzuendako, artzain nagusia ardi antzuendako, artzain mutila ardi esnedunendako, artzain nagusia ardi esnedunendako, etxeko andrea. Zazpigarrena or uzkia zen, zakurraren ipurdia, nahi baduzu, hark ez zuen deus egiten! Hamazazpi urteko mutiko bat artzain nagusi izaten ahal zen. Mendian, herrian zen estatutua uzten zen, olan sartzean. Bakoitzak ikasten zuen. Sistema hori gerla ondoan galdu da.

 

 

Gaur egun, lehengo bortuaz zerbait ikusten edo sentitzen ahal ote du han gaindi ibiltzen den batek?
Ph.E.: Olarik ez da gehiago. Sozietate hura desagertu dela erran dugu. Gaur, urrietan da jende gehienik, ehiza denboran! Bestela, kabalak baizik ez dira! Ola xahar eta triste haien gainean, berriak egin dituzte, baina ez da jenderik! Gasna guti egiten da bortuan berean. Hala ere, bortuan nagusigoa harrapatzen du, oraindik, jendeak. Hala ere, ez nezake erran bortua desegin dela. Beste molde batez bizi da. Eta, Iratiko gain horietan, nik alde hura baitut hobekienik ezagutzen, oraindik badira txoko politak ikusteko, eta deskubritzeko. Interesgarriena Ithurxarren da: ola xaharra begiratu dute, eta ez dute aldatu, bisitariek ikus dezaten lehen nola zen. Gasnategia bada, eta gasna han egiten dute. Lehengo mahai eta tresneria aurki daitezke han. Hark bisitaño bat merezi du! Gisa oro, Xiberoko lekurik ederrenak han gain-gainean dira, herri eta jendetik urrun. Gure aitak erraten zuen bezala, ola batetik oilarra entzuten bada, ez da egiazko ola. Gero, ni baino gida hobea izanen da Etxepare oihanzaina, hango oihanetan ibiltzeko. Zinez, harekin gozatzen da! Eta Dominique Etxebarne aholka nezake Arbailako oihanarentzat, bere sakela bezala ezagutzen baitu.

Xiberoa aldatu da?
Ph.E.: Bai, bortuaren gisa, bizimoldea aldatu da. Gure nortasuna atxiki dugu, maskaradak eta pastoralak hor dira, lekuko gisa. Pastorala, gauza berezia da, hori ere udan ikustekoa. Herri batean sortzen da, urte batez, eta han berean hiltzen, gero beste herri batean berriz sortzeko, bertze molde batez. Xiberoan, bi gauza badira kezkagarriak: euskara, eta herriak husten ari direla. Baina anitzek hala uste ez badute ere, besoak zabaltzen badakigu: dantzak, pastoralak eta maskaradak, beste lekuetatik hartu ditugu. Baina gaur, ez dakit ea jenderik aski badugun segitzeko. Horretako, ene ametsa manex Xiberoa litzateke. Batzuei itsusi zaie, baina bakoitzak besteari zernahi ekartzen ahal dio. Barnealde hau juntatu behar dugu. Eta kostaldean, indioak bezala ikusten gaituzte. Baina Baionatik Maulera doan bidea, Mauletik Baionara doan bide ber-bera da.

Elkarrizketa gehiago

Urtzi Etxeberria

Urtzi Etxeberria

"Hizkuntzaren esanahia ikertzen duen atalean ari naiz lanean, hau da norbaitek esaldi bat botatzen duenean, hura nola interpretatzen edo ulertzen dugun"

Sabine Cazenave

Sabine Cazenave

"Museoa horretarako da, haria ez apurtzeko, iragana, oraina eta deus ez dakigun etorkizunaren artean, eragile tinkatua da"

Pablo Martikorena

Pablo Martikorena

"Bertzearekin truka daiteke, norbera desnaturalizatu gabe"

Marie Landelle

Marie Landelle

"Ondarearen dibulgazioa, eguneroko desafioa da"

Elkarrizketa gehiago