Sasoia plazaz plaza pasaturik eta oporretatik itzulirik errezibitu gaitu Elena Clerc-Charriez kantariak (1996, Donibane Lohizune) Urruñako plazan. Diploma eskuratu berria, eskolatik eskolara ibiliko da hemendik aitzina, Iparraldeko gaztetxoekin, abesbatsa proiektuak muntatzen. Musikarekin, kantuarekin duen zaletasunaz eta gazte abesbatzen munduaz aritu zaigu Bost Axola taldeko kide gaztea.
Nola iritsi zaizu kantu zaletasuna?
Ni musikari familiatik heldu naiz. Nire amak abesbatzak zuzentzen ditu eta kantaria da, nire aitatxi koru baten zuzendaria da, nire amatxik pianoa erakasten du eta kantatzen du. Nire ottok ere pianoa jotzen eta musika idazten du. Ni sei urterekin hasi nintzen koru batean kantatzen eta erran behar dut beti plazera izan dela kantatzea, koruan zein familia giroan. Hasieratik Tximi-Txama abesbatzan egon naiz eta ez dut inoiz utzi. Beti kantatu dut plazerez.
Ez zen baitezpada lan gisa aurreikusten nuen zerbait. Orduan beste sail batean burutu nituen ikasketak. Ingelesa ikasi eta irakatsi dut ikastetxeetan, baina ohartu naiz zerbait falta zitzaidala. Orduan amak DUMI izeneko diplomaz hitz egin zidanean, musika irakasteko beharrezkoa den formakuntzaz alegia eta horri buruzko informazioa begiratu nuenean, begi bistakoa iruditu zitzaidan hori egin behar nuela. Orduan, dena utzi eta Poitiers hirian dagoen formakuntza horren segitzera joan naiz. Aurten diploma eskuratu dut ekainean. Biziki pozik naiz. Ikasturte honetan hasten naiz eskoletan lan egiten koru proiektuak egiteko nagusiki, haurrei kantua irakasteko. Bide batez, nik kantuz edo polifoniak emanez hartzen dudan plazer hori haurrei transmitituko diet.
Elkarrizketaren bideoa
Transmititzea, kantuz aritzea bezain inportantea da zuretzat?
Egia da diploma hori artistei zuzendua zaiela bereziki. Askotan artistek diploma hori pasatzen dute, ogibide osagarri bat ukaiteko aktibitate nagusiaren ondoan. Nire kasuan, erakaskuntzan lan egiteko pasa dut DUMI formakuntza. Kantuz aritzea eta taulara igotzea gustatzen zaidan arren, ez dut atal hori lehenesten, momentukotz behintzat. Nahi dudana, haurrekin lan egitea da eta elkarrekin kantatzea zer poza den erakustea.
Sei urterekin hasi nintzen koru batean eta beti plazera izan da kantatzea, koruan zein familia giroan.
Nik maite dut abesbatza, koru formatuan aritzea. Egia da Ipar Euskal Herrian gaur egun, gazte haur abesbatza galtzen ari dela. Badira, baina taldeak zahartzen ari dira. Orduan, uste dut plazera bezain bat beharra dela transmizio lan hori egitea. Lagundu nahi ditut gazteak kanta dezaten. Gero maite dut kantuz aritzea talde batean ere oholtza gainean, baina ez da nire helburu nagusia. Gaur egun haurrei kantatzeko gogoa piztea da nire lehentasuna.
Abesbatza mundua kinka txarrean sumatzen duzu Euskal Herrian?
Hegoaldean, gazteek asko kantatzen dute. Eskolak badira adin guztietako gazteentzat. Kultura hori badute, asko kantatzen dute abesbatzan. Ipar Euskal Herrian aldiz, ez dira halako talde asko. Nik amarekin Tximi-Txama gazte abesbatzan kantatzeko xantza eduki dut, baina horrez gain ez dira hainbeste eta daudenak ttipitzen ari direla errango nuke. Hemen abesbatzaren irudi ezkorra da gazteen artean, edo sobera tradizionala, klasikoa eta gazteek ez dut hori nahi. Kantuak badu arrakasta, baina bakarka eskainita. Aldiz abesbatza mundua ez da ongi ezagutua eta gazteak ez ditu erakartzen. Haurrok taldea edo Maialen Errotabeherek zuzentzen duen Haize Hegoa ttiki abesbatzak daude, baina ez dira asko. Helduen abesbatzak gehiago daude bai, horregatik guretzat inportantea da haurrei erakustea plazer bat izaten ahal dela.
Konturatu gara ere eskola batean haurrekin kantatzen hasten garenean, kasik haur guztiek asko maite dutela, nahiz eta koru moduan lan egin. Eta koru batean parte hartu nahiko luketeen galdetzen diegunean, prest dira baina gurekin egiten bada. Ohartzen gara haurrentzat pertsona batekiko konfidantza hori garrantzitsua dela, lasaitzen dira. Haurrek nirekin gozatzen badute kantuz eskolan, uste dut errazago hurbilduko direla abesbatza batean kantatzera. Zubi hori behar dutela iruditzen zait. Eskolan ongi pasatzen bada, errazago parte hartuko dute gero.
Ipar Euskal Herrian ez dira gazte abesbatza asko eta daudenak ttipitzen ari direla errango nuke.
Sare sozialetan ere lan egiten dugu zentzu horretan, abesbatza batean pasa daitezkeen momentu onak erakusteko, bideoak eginez, aipatuz… Abesbatzera etorriz, plazera hartuko dutela erakustea da nire helburua. Psikologikoki edo kognitiboki ere gauza garrantzitsuak ikasten dira, koru batean pertsona guztiak garrantzitsuak direla alegia, baina egun batez bat falta baldin bada, taldeak segi dezakeela. Balore guzti horiek transmititzea biziki garrantzitsua da ere. Ez da erraza, baina lanbide hori pasio gisa bizi dugu.
Euskara zertan da euskal abesbatzetan?
Guretzat biziki garrantzitsua da korua euskalduna izatea. Tximi-Txaman adibidez, errepertorioko %80a euskal kantuak dira. Baina kanta batzuk beste hizkuntzatan ematea inportantea da ere. Izan ere, batzuk euskarari alergia diote tamalez. Euskara ez dakitenez, sinisten dute euskaraz ezin dutela kantatu, sobera zaila dela. Baina hori ez da egia. Euskara ikasteko zaila izan daiteke, baina irakur erraza da. Horren seinale da haur asko ditugula euskara ez dakitenak eta euskaraz ederki kantatzen dutenak. Sentsibilizazio bat egiten dugu ere zentzu horretan. Haurrak euskal kulturari hurbilarazten ditugu zentzu batean. Gero, kanta batzuk beste hizkuntza ezberdinetan eskaintzen ditugu ere. Afrikar kantuak edo frantsesez zein espainolez kantatzen dugu tarteka. Ez dugulako zerbait hertsia edo klasikoegia eskaini nahi. Denetarik maite dugu.
Hemen abesbatzaren irudi ezkorra da gazteen artean, sobera tradizionala, klasikoa iruditzen zaie.
Baina bai, euskararen eta abesbatzaren arteko lotura handia da. Edozein eskoletako edozein gazte euskal kulturara eramaten dugu eta agian etxean edo kanpoan ez zuen halako aukerarik ukanen.
Ondare immateriala inportantea da?
Zaila da esplikatzea, zeren uste dut euskaldunok gure baitan zerbait dugula, tradizioa gureganatzeko eta besteei helarazteko...
Zaila da hitzak jartzea, baina ondare immaterialaren garrantzia begi bistakoa da. Adibidez harritzen nau ikusteak eskolan kantu bat nirekin ikasi duen haur batek, urte batzuen buruan gurutzatzen dudanean, kantua berriz eskainiko didala. Zoragarria da ikustea gazteen bidea markatzen dugula nolazbait. Denok badugu haurtzaroko oroitzapen bat, kantari, dantzari batekin, eta ahantzi ez duguna...
Uste dut euskaldunok gure baitan zerbait dugula, tradizioa gureganatzeko eta besteei helarazteko.
Ikasleen artean agian batzuk beti gogoratuko dira nirekin ikasitako kantu batez, eta besteei edo haurrei kantatuko diete momentu goxoa pasa zutelako. Arlo ezberdinetan pasa daitezke horrelako emozioak, baina egia da musika arloan, ahozko tradizioan, biziki inportantea dela. Egin dudan formakuntzan ikasi dut kantuak ahoz transmititzen bakarrik, deus idatzi gabe, bakarrik esaldiak kantuz errepikatzen, idatziz edo gogoz ikasi gabe. Uste dut errazago atxikitzen ditugula gainera. Guk ikasitako herriko kantu askorentzat hori gertatu zaigu. Ez ditugu idatzita ikasi baizik eta askotan entzunez. Ahozko transmisio hori hedatua da hemen.
Euskal errepertorioa aberatsa da abesbatzentzat?
Zaila da erantzutea, alde batetik errepertorio biziki handia dugulako. Baina kantu guztiak ez dira eginak haurrek kantatzeko, hitz zailak badirelako edo beste. Dependitzen du lan egiteko moduaz.
Harritzen nau ikusteak eskolan kantu bat nirekin ikasi duen haur batek, urte batzuen buruan kantua berriz eskainiko didala.
Amak partizioak eta materiala behar ditu lan egiteko, eta hori ez da beti atzematen. Arlo horretan, Euskal kultur erakundeak eta beste eragile batzuek lan handia egiten dute, partizioak, audioak sortzeko. Lan inportantea da gainera aztarna uzteko eta ondotik kantu horiek entzuten segitzeko. Baina ahoz lan egiten duzularik, kanta asko dira, errepertorio handia da. Gero guri dagokigu, kanta hauen moldaketak egitea eta emateko prestatzea. Orduan bai errepertorio handia da, anitza eta Ipar Euskal Herrian, euskalki ezberdinetan aberatsa da ere. Baina ez da beti erraza edozein lantzea. Egunero ikasten dugu musikan.
Harremanak dituzue Hego Euskal Herriko abesbatzekin?
Maleruski ez aski. Gogo handia dago bi aldeak lotzeko, baina muga bat bada. Ez da kultura berdina, eginmolde berdina. Tximi-Txamak aurten hogei urte ospatzen ditu eta Hegoaldean gehienez lau emanaldi eskaini ditugu urte guzti hauetan. Harrigarria da. Ez da inoren falta, ohitura ezberdinak dira. Baina zubiak sortzen ari dira. Ez da oraindik egina, baina saiatzen gara.
Nola sortu zen Bost Axola?
Ni sei urterekin hasi nintzen Tximi-Txama abesbatzan kantatzen eta pittaka pittaka gazte gehiago sartu dira, hamar urte ingurukoak. Nahiz eta helduago izan, kantatzen segitu nahi genuen, baina errepertorioa errazegia gelditzen hasi zitzaigun.
Denok badugu haurtzaroko oroitzapen bat, kantari, dantzari batekin, ahantzi ez duguna.
Orduan gure adineko batzuen artean beste talde bat sortu dugu, beti Tximi-Txamaren baitan, taldea bitan zatituz. Hasieran zaila izan zen. Hamabi ginen, hamasei hogei urte ingurukoak.
Biziki zaila zitzaigun denak elkartzea eta lan bat elkarrekin jarraitzea. Orduan 2018ko irailean bakarrik modu jarraikian zetozenen artean aurrera egitea deliberatu genuen. Horrela sortu zen, gelditu ginen bost lagunen artean Bost Axola taldea. Hasieran ez ginen batere seguru segitzea. Ez ginen gehiago abesbatza eta ez genekien ongi nola segi. Saiatu gara halere. Bizpahiru kantu prestatzen hasi, zuzendariari entzunarazi eta biziki gustatu zitzaizkion. Orduan hasi ginen kantu andana bat moldatzen. Gero Covid krisia iritsi zen, baina taldea hasi eta berehala biziki ongi ibili da. Uste dut ez dela gure estiloko talde anitz. Kantaldi talde bat gara, gazteak, neskak... Zerbait modernoagoa eskaintzen dugu ere, nahiz eta tradizioari lotua izan, euskal kantu moldaketekin. Zinez plazer handia hartzen dugu. Ez dugu gehiago zuzendaririk, elkarrekin hautatzen ditugu kantuak, moldaketak egiten ditugu. Ez dugu ezer idazten, dena ahoz lantzen dugu. Gero, Covid krisia erabili dugu gure artean lan egiteko eta disko bat prestatu eta grabatu dugu. Errepertorio aski polita genuen eta nahi genuen aztarna bat utzi. Nire anaiarekin egin ditugu grabaketak. Dena egin dugu gure artean. Egunak, asteak hartu ditugu egunero ikasiz. Aurten ere sasoi ederra ukan dugu, kontzertu berriekin, leku berrietan. Jendea pozik ikusi dugu eta guk ere biziki ongi pasa dugu. Abentura biziki ongi doa, orduan ikusiko.
Bakarka edo beste formatu batean aritzeko gogoa zenuke?
Kantatzea maite dudanez, gezurra litzateke ez dudala bakarrik kantatu nahi erratea. Bost izatea kalitate handi bat da armoniak edo polifonia egiteko, baina egia da beste bost pertsonalitateekin lan egitea dela ere, eta batzuetan ez gaude ados. Orduan zerbait bakarka egitekotan, zentzu horretan nire ideiak eta gauzak nire moduan egiteko gustatuko litzaidake. Aldiz, eszenatoki gainean bakarrik egotea ez da baitezpada nik nahi dudan zerbait. Agian zerbait prestatuko dugu lagun batzuekin, plazerarentzat, baina nahiago dut denbora Bost Axolarekin, lagunekin pasatzea. Egia artista askok dutela fantasia hori. Ez dut erraten inoiz ez dudala gogorik ukanen, baina momentuz ez dut halako proiekturik.
Miresten duzun kantari bat?
Ahozko transmisioa biziki hedatua da hemen.
Ez dut inor miresten bereziki. Kantari asko gustuko ditut, musika asko entzuten dut, baina ezin dut bat bereziki aipatu. Noski Benito Lertxundi edo Mikel Laboa bezalako euskal kantari handiak bihotzean ditut euskaldun guztiek bezala, baina ez dut hori bakarrik entzuten. Izarrak taldea ere asko entzuten dut, gurea bezalako estiloa ematen dutelako eta oso ongi kantatzen dutelako. Xiberotarrak taldea deskubritu dut ere, baina denetarik entzuten dut.
Kantu berezi bat?
Duela gutti amarekin ohartu gara, autoan entzuten ditugun kantuen artean, bakarra dagoela beti, aldatu gabe bukaeraraino uzten duguna: Itoizen "Hiltzori" ("Hiltzori I" eta "Hiltzori II"). Musikalki bi kantu horiek biziki ederrak dira. Entzuten ditudan aldi oro, berriz deskubritzen ditut eta pentsatzen dut zer lan ederra, zer musikariak!
Egia erran Itoizen guztia maite dut, baina bi horiek bereziki.
Zertan zabiltza denbora duzunean?
Errepertorio handia da, anitza eta Ipar Euskal Herrian, errepertorioa euskalki ezberdinetan aberatsa da ere.
Serie asko begiratzen ditut telebistan. Eskulanak gustuko ditut, marraztu, origamiak egin, baina musikak ez dit denbora anitzik uzten. Bizitza aski lasaia dut, ez dakit Covid garaiarekin lasaitu naizen, agian. Lagun biziki garrantzitsuak ditut eta denbora libre dugun bezain laster elkartzen gara. Nire familiarekin, nire mutil lagunarekin ere denbora asko pasatzen dut.
Amets bat?
Betidanik biziki pertsona arrazionala izan naiz. Ez dut amets handirik.
Aurten proiektu izugarriak ukan ditugu. Adibidez Benito Lertxundirekin kantatu dugu Baionan; ez nuen horrelakorik amesten ere.
Agian errepikatuko naiz, baina nire ametsa litzateke, jendea kanpoan egotea, polifonian kantatzea edo behintzat jendeak, abesbatzan kantatzea biziki goxoa, irringarria dela ulertzea. Guk sentitzen duguna alegia, eta ez da hain erraza.
Beste zerbait gehitu nahi?
Nire kasuan musika guztiz familiarekin lotua da, bihotzeko zerbait da.
Agian gehitu nahi nuke nire kasuan musika guztiz familiarekin lotua dela. Nik musika egiten dudanean, ama, aitatxi, amatxi gogoan ditut... Nire aitatxik oraindik Goraki abesbatza zuzentzen du Donibane Lohizunen. Badakit adinarekin pozik direla ikustea haien pasioa transmititua izan dela eta haiengatik naizela hemen kantatzen. Bihotzeko zerbait da.
Haiek gabe ez nintzateke hemen.
Aitak ez du musikarik egiten, baina asko entzuten eta maite du. Asko sustengatzen nau eta badakit denak harro direla nik hautatu dudan bideaz.
Betidanik sustengatu naute eta dena zor diet.