Xiberuko kantua
Jean Mixel Bedaxagarrek "Kantuketan" Ocora Radio France diska bikoitzaren karietara (2006) agertu zuen testua.
Beste herrialdetako eüskaldünek erraiten dereikie arrazueki « züek Xiberotarrak bethi kantuz ari zirezte ! » edo « oraino Euskaldun zirezte kantuaren bidez ! ». Joanago eta iduritzenago zitadazüt hori egia dela. Adibidez hala da Etxahun Topet-en kantüek eman diela hats berri bat kantagintzari XIX. mendetik gütara, izan dadila zatira eremüan ala gizonaren ezin beste güzian… Baserrietan, süpazter xokoan, kantatzen ziren nigarretaraino kobla paregabe horik ! Eta noiz nahi bazkarietan, ostatüetan, jorratürik zen olerkariaren lüma, batian xotila, bestian zorrotza. Erraiten ahal da orokorki kantüa eüskararen sustazaile dela heben.
Xiberoan baziren bizpahiru kantatzeko manera nagusi. Lehenik Barkoxe eta Eskiulakoa, izan dadila bakarka Topeten kantoretan edo taldean gure kantore zahar amiragarrietan. Beste alde, erran behar da ezagün dela heben Pireneotako botz eleganten arana ! Eskiularrak bardin trebe ziren kantan eüskaraz edo biarnesez. Gero Basabürükoa : Santa Grazi, Larraine eta Ibar Eskuinekoa. Düdarik gabe hor da edireiten Xiberoko Kantüaren bihotza. Herri horietako kantari jakintsününek edo sabantenek bazazkitzen has eta bürü, bersetez berset, garai harietako eüskaldun kantore haboroxiak. Bazütien bakotxak beren ostatüa Atharratzen, eta merkatü gaüez delako tabernak mükürrü beteak ziren kantariz eta behazalez ! Kantari horiek züen hobekienik menperatzen Xiberoko kantatzeko manera xarmagarria : tonü laurdenak, kanta modalak, tonü aldaketak, erran nezake Arratiako Maurizia fenomenosoa bezalaxe. Azkenik Arbailletakoa. Hau bereziki basa ahaidetan edo hitz gabekoetan. Ahüzki alte hortan aspalditik gizonak eta natürak bat egiten düe. Mündüko beste herrialdetakoak bezala txoriek fazinatü dütie hankotarrak, izan dadila Belatxa ala arranoa ! Santa Graztarrek deitzen zütien delako basa ahaide horik « Altzürüko ahaidiak ».
Jean Mixel BEDAXAGAR