Aurelia Arkotxa

Aurelia Arkotxa

''Lan intelektualaren ondoan, behar dut sortu''

  • EKE
  • 2010-12-02
  • Hizkuntza: Euskara

Aurelia Arkotxa, unibertsitateko erakaslea, IKER ikerketa guneko ikerlaria eta euskaltzaina da. Aldi berean, idazle ezaguna, ofiziale baten gisa poesia egiten duena. Gizarte mugimendutsu honen aurrean, meditazioa eta idazketa beharrezkoak dituela aitortzen digu.

Maiatz literatur mintegia

Ofizioz unibertsitateko erakasle naiz eta ikerlari. Aldi berean idazle. Hemen bakarrik idazle bezala mintzo naiz.

Haur denboratik idazten dut. Maiatz sortu zelarik, hastapeneko taldean izan naiz. Urte horietan zenbait testo idatzi nituen Maiatz-en. Entsegu leku bat bezala izan da neretako.

''Septentrio''

1993an "Atari ahantziak" liburua publikatu nuen Pamielan, edo hobeki erran argitaletxeak bultzatu ninduen.
Gero 2001ean, ''Septentrio'' publikatu nuen euskaraz, Ipar Atlantika eta Ternuako leku eta beste ipuin kartografiko batzuen inguruan.
Ondoko urteetan, gai hori landu dut bariazioak sartuz. 2006an parte bat berriz idatzi dut frantsesez, "Atelier du héron" adixkide taldeak Belgikan argitaratu dautana.
2007an, Alberdania ene argitaletxeak gaztelerara itzulia izan zadin galdegin zidan. Arantzazu Fernandez eta Eli Tolaretxipi (poeta) nere bi itzultzaileekin eraman nuen gogoeta hori. Biziki interesantea iduritu zitzautan bariazio horien eta hizkuntza ezberdinen arteko lan hori egitea.

''Maratila'' Berria egunkarian

Bost urtez (2004-2009) kronika poetiko bat atxiki dut ostiraletan Berrian "Maratila" sailan. Nahitara poetikoak dira eta ez kazetarako artikuluak. 2009an "Fragmentuak" (Utriusque Vasconiae) liburuan 2004-2008 arteko kronikak bildu ditut. 2010eko irailan, berriz Maratilan idazten hasi naiz, aldi honetan asteazkenetan.

Eni interesatzen zait poesiari dedikatu leiho baten idekitzea. Gehienetan, oinez egin ibiltzeak dira, lekuen inguruko gogoetak. Tokiei, jendeei, animaleei bizi bat ematen diet.
Gaurko garaietan preseski alderantziz egiten da.

Meditazioa eta engaiamendua

Erresistentzia batean kokatzen naiz, tradizio batean ere, gehiago anglo-saxonek (Thoreau) eta frantsesek landu dutena. Gaurko ibilbideak eta gure ingurumena ikusiz, beharrezkoa iduritzen zaut gogoeta poetikoan pausa hauek zaintzea: pausatzea, gelditzea, meditatzea, gaurko mundu puxkatuaren aurrean jakiteko zer pasatzen zaukun gogoetatzeko.

Meditazioa nolabait engaiamenduari lotzen dut ere. Euskal eremuan, nere maisuetarik bat Gabriel Aresti izan da. Aresti baino lehenago, Xabier Leteren eskritura engaiatuak frankismoaren garaian aipagarri dira. Enetako eskritura engaiatuak oinarrizkoak dira. Ez dut sinesten idatzi bat engaiatua ez dela erraten delarik. Ez daiteke bizi gizartetik kanpo. Hau da ene gogoetatzeko moldea: eskritura bitartez, urratsari inportantzia ematea, gauza umilei kasu emanez, nehork balorean ezartzen ez dutenei.

Narrazioa poesia baino

Ez dut "poesia" hitza maite. Okaztatua naiz anitzetan poesiarekin egiten denarekin. Hartako ditut preseski gauza teknikoak maite, interes literariorik ez dutenak.
Poesia hitza bera ken nezake. Narrazioa edo kronika hitzak erabiltzen ditut.
Maite dut ahal bezain modu sinplean idaztea. Sinpleki idazteak ordea, ez du erran nahi ez dela landua.

Ofiziale baten gisa

Haur denboran eta gaztaroan, idazten nuen eta pintatzen. Ez nintzen horren gabe egoten ahal.
Lan intelektualaren ondoan, behar dut sortu.
Ez banu idatzi eta pintatu, gustatuko zitzaidan ofiziale "compagnon" izaitea.
Ene familian artesauak izan dira. Urteak eman ditut jakiteko nihaur hortara nindoala. Aitatxi ikusirik zura lantzen, ama oihalarekin oihala haztatzen, sortze giro hori enetzat izigarri garrantzitsua izan da.
Artea eta artesaua artean ez dut diferientziarik egiten. Enetako dena artea da.
Gure euskaran, artesaua, eskulangilea, ofiziale erraiten da. Gaurko gizartean, anitz banaketa eta mespretxatze sozialak egiten dira. Ez dugu hola luzaz irauten ahalko.
Nik beraz poesia egiten dut ofiziale batek bezala.

 

Aurelia Arkotxari buruzko informazio gehiago:

  • Juan Jose Zabalaren elkarrizketa (Berria, 2010-08-13)
  • "Zortzi idazle zortzi unibertso", Ana Urkiza (Alberdania, 2006)
  • Felix Ibargutxiren elkarrizketa (Diario Vasco, 2008-07-21)

Elkarrizketa gehiago

Zoe Bray

Zoe Bray

"Artea eta antropologia, bizitzeko eta bizitzaz hausnartzeko, tresna osagarriak eta ezinbestekoak dira"

Adur Larrea

Adur Larrea

"Euskal Herrian oso marrazkilari onak badira eta hautua egin dute euskaraz lan egiteko"

Nahia Zubeldia

Nahia Zubeldia

"Musika beti izan da adierazteko, askatzeko eta ongi pasatzeko tresna"

Maddi Ane Txoperena

Maddi Ane Txoperena

"Hedabideak ez dira komunikatzeko bakarrik, diskurtsoak, errealitate bat sortzeko gaitasuna ere badute"

Elkarrizketa gehiago