Beñat Amorena

Beñat Amorena

''Libroki asmatu dut elezahar berri bat ''

  • EKE
  • 2009-12-09
  • Hizkuntza: Euskara

Beñat Amorena (1950, Baigorri) perkusio-joilea irakasle da Landesetako kontserbatorioan. Euskal kultur erakundeak egin proposamena onarturik, "Olentzero badator", mitologian oinarritu kale-ikusgarri garaikidea sortu du eta Baionan kaleratu 2009ko abenduaren 20an.

Beñat Amorenak, 20 urte zituelarik, Parisera joan zen bizitzera. Bost urte iragan ditu Parisen musikari profesional gisa. Ondotik, Euskal Herrian, Errobi talde famatuan eta kantari askorekin ari izan da. Ikusgarri sortzailea da ere: abenduaren 20an, "Olentzero badator", 50 pertsonek osatzen duten sorkuntza garaikidea, eskaini digu Baionako kaleetan. 2009ko azaroan egin elkarrizketaren pasarte batzu hautatu ditugu.

 

Baigorritik Parisera

Baigorriko eihera batean sortu naiz, 59 urte ditut. Eskuin eta ezker ibili niz gazte denboran. Azkenik, 20 urtetan, Parisera joan nintzen eta han egon nintzen musikari profesionala gisa bortz urtez.
Perkusionista naiz betidanik : bateria, atabalak, afrikano perkusioak jotzen ditut. Lehen urtean Parisen, Agustini eta Kenny Clarke-ren eskolan ibili naiz. Oroitzapen oso onak ditut Kenny Clarke-rekin kurtsoak harturik.

 

Euskal Herrira itzultzeko gogoa

Euskal-Herria gogoan nuen beti eta 5 urteren buruan itzuli naiz etxerat, herrirat. Bizitzeko, Parisetik landa berbenako (dantzaldietako) talde batzuetan parte hartu dut eta gero laster sartu nintzan Errobi taldean,1975ean, Anje Duhalde, Mixel Ducau eta Michel Halty basista zenarekin. Bestalde arizan naiz Euskal Herriko kantari askorekin, diska grabatzen bai eta zuzenean. Orai bateria irakasle naiz Landesetako konserbatorioan (1983 urtetik).

 

Ikusgarri sortzaile

Aspaldidanik musikaria eta musikagilea naiz bainan egia da berrikitan hasi naizela ikusgarriak sortzen. Muntatu ditudan ikusgarrietarik, « Olentzero badator » hirugarrena da. Lehena « Jotakurri» izan da 2002an, Itsasuko Errobiko festibalarentzat sortua. Gero izan da «Ufaka Zanpaka» Uztaritzeko Hartzaro festibalarendako, Burrunka konpainiarekin eta Izartxo dantza taldearekin muntatua. Eta orain «Olentzero badator», berriz ere Burrunka taldearekin eta Mizel theret koregrafoaren inguruan ariko diren sei dantzari profesionalekin.

 

"Olentzero badator": mitologian oinarritu kale-ikusgarri garaikidea

Euskal kultur erakundeak galdegin daut ea sortzen ahal nuen kale-ikusgarri bat Olentzero gaiaren inguruan - (Baionako Herriko Etxeak, Turismo Bulegoak, Merkatal Ganbarak eta EKE-k lagundu sorkuntza) -, eta gogoeta labur bat egin ondoan, proposamena onartu dut.

Mitologiatik nahi nuen bakarrik atxiki ideia nagusi bat : Olentzero heldu zela iguzkiaren itzultzearen iragartzera. Hortik abiaturik, libroki asmatu dut musikan eta dantzan oinarritzen den elezahar berri bat. Ikusgarri hortan, musika eta Burrunkaren soinua oso inportanta dira.
Burrunka (15 perkusionista eta 9 gaitero) sortu da Uztaritzeko Ihauteriarentzat. Soinu horrek badu zerbeit mitologiatik heldu dena eta Olentzero proiektuan aise sartzen da, naturalki erranen dut.
Beraz istorio bat asmatu dut : Iguzkiak Lurra abandonatu zuela Lurreko egoileak ilunpean eta hoztuak utziz. Orduan, Lurraren salbatzeko, Olentzero joan da galaxian gaindi iguzkiaren bila. « Olentzero badator » ikusgarrian, ikusiko duzue gure ikazkin famatua desfile handi baten buruzagi eta desfile hortan, Iguzki jainkosa bere haurrekin eta zaindariekin.
Musika bereziak idatzi ditut ikusgarri horrentzat beti gogoan nuela Olentzero kalean kurri.

 

50 pertsonaiek (Erdi Arokoak, lurtarrak, estralurtarrak eta fantastikoak) zeharkatuko dituzte Baionako kaleak. Urte osoa pasaturik ari naiz lanean, argia eta ilunpearen arteko borrokan eta giro mistikoan oinarritzen den proiektu honetan, bainan irailaz geroztik talde handi bat ari da enekin : plastikari bat, margolari bat, dendari bat, burdingile bat, elektriziano-argiegile bat (argia oso inportanta da ikusgarrian), soinu-teknikari bat, Burrunka taldeko 15 perkusionistak eta 9 gaiteroak Uztaritzeko Pierre Hairak zuzendurik. Ahantzi gabe Mizel theret koregrafoarekin batean ariko diren 6 dantzariak.

 

Abenduaren 20an, arratsaldeko 6etan, «Olentzero badator» kale-ikusgarriak 2 orduz Baionako kaleak inarrosiko ditu, 4 gunetan pausaldiak eginez (Cinq-Cantons plaza, Orbe karrika, Liberté Plaza eta Megadenda). Merkatuko plazan bukatuko da Iguzkiari omenaldi dantza bat eskainiz.

Elkarrizketa gehiago

Pantxix Bidart

Pantxix Bidart

"Gitarra eskuan, ibili bizian"

Elena Clerc-Charriez

Elena Clerc-Charriez

"Hemen abesbatzaren irudi ezkorra da gazteen artean"

Joanes Garcia-Basurko

Joanes Garcia-Basurko

"Kuriositatea da kalitaterik hoberena"

Maia Iribarne-Olhagarai

Maia Iribarne-Olhagarai

"Buruan duzun ideia bat gauzatu ahal izatea sekulako lorpena da"

Elkarrizketa gehiago