Beñat Achiary (1947, Donapaleu, Baxenabarre) kantaria, musikaria eta inprobisatzailea, ezaguna hemen, ezagutua han. Baionako Kontserbatorioa erretretarako berriki utzirik, Errobiko Festibala (uztailaren 18-21ean, Itsasun) prestatzen ari dela, lipar batez geratu da, gereziez eta isiltasunaz mintzatzeko, ostatu baten harramantzan.
Xan Aire: Erretreta, askatasuna ote da?
Beñat Achiary: Lanbidea beti hartu dut jendartearekiko negoziaketa gisa, ardura guziekin, aita-familiakoa izanez, edo nortasunarekiko, pasioarekiko negoziaketa bailitzan. Anitz lanean ibili izana etxegintzan, burdinolan, baita musikari gisa, hori lanbide zinez zaila izanki, ederki dakit nolako balioa ematen zaion erretretari. Memento bat da non jende anitz saiatzen den bere pasioari, haurtzaroko plazerrari zati handiagoa ematen. Enetako, bizitzan moldatzen saiatu naizena jarraitzea da, gehien bat: musikaria, sortzailea izatea euskal jendartean. Mundu-Oroko euskaldun gisa definitu dut ene burua. Urteak eman ditut nor naizen aurkitzeko, euskal artista naizela asumitzeko.Baionako Kontserbatorioan irakatsiz, pasioa transmisioarekin trinkotu dut: enetako, biak lotuak ziren, eta horrek zentzua ematen zion ene artista-bizitzari. Ez nezakeen bizitza hori asma transmititu gabe: bertzea entzun, haren talentua zerbitzatu, ene antza ukan dezan eskatu gabe; hori bai zinez tradizionala dela gure euskal jendartean. Hainbertze euskal artista gazte ezaguturik pozten naiz, behar bada, noizbait, lagundu baititut… emozio handia da. Erretretan administratiboki sartzeak, lan-planoz aldatzea erran nahi izan baizik ez du, enetako. Baita segitzea, orain eta beti. Eramaten ditugun asmo artistikoetan, erretretarik ez baita: bururaino goaz. Hori posible da egiaz, xumetasunez, indarraren erregulartasunez; zabala izanez, zintzoa, baina ez zozoa.
Kontserbatorioa, itzultzen den orrialdea bada, hala ere?
Ez, batere… Talde zoragarri batek hartu du segida. 1989. urteaz geroztik han lanean arizan ondoan, bertan gertatzen denaz oraindik kezkaturik nago, irakaskuntza hori zer bilakatuko den Euskal Herrian. Dena-den, ez zait iruditu bizitzan nuen jantzi ezberdina eman dudala soinean, han : instituzio horri ahozkotasunaren indarra ekartzen saiatu naiz. Ahozkotasuna, gure kulturaren indargune dena, ez da idatziaren ukazioa : idatzia ikas daiteke ahozko bidexka batean. Ahozkotasuna, beraz, ikasteko tresna indartsua da; behar-beharrezkoa da ahozkotasun jantzi hori atxikitzea gure euskal jendartean.
Ahozkotasun jantzia?
Anitzetan, eskolara joan ez direnen zientziatzat daukagu ahozkotasuna. Enetako, biziki gora den ikasteko eta sortzeko moldea da, biziki indartsua dena bere sortze-boterean. Ahozkotasuna ez da pobreen zientzia, menturaz zientziaren eta jakintzaren gailur gorenetakoa da. Hainbertze arlo hunkitzen ditu, non munta handienekoa zaidan.
Hitza muga ote da, zuretako?
Ez. Funtsezko gunea da. Hitza, eta, zehatzago, frasearen plazerra, non zentzua jauzika dabilan… zoragarria da! Euskarak, munduaren erdi-erdian, bere zaporea dauka; sagar bat karruskatzea bezala zait, eta une zehatz hartan, hainbertze gauza sentitzea: zaporea, usaina, zukua, mementoaren gozamena… Hitzak, dena batean dauka: zentzua eta soinua. Funtsean, zitazio hau ateratzea gustatzen zait: "zentzua, soinuaren semea da". Gure barreneko mundua zabaltzen duen giltza da hitza. Mikel Laboarekin bat egiten dut horretan: haren semetzat daukat ene burua. Hitzek memoria ere metatzen dute, geruzaz-geruza, gure arbasoen memoria misteriotsuena ere bai. Horregatik ditut olerkariak miresten, hizkuntzaren botere poetikoa molde harrigarrian bizi baitute. Hitza muga izan daiteke, soilik Edouard Glissanten kontzeptuaren arabera: muga ez zedarri gisa, baizik eta pasaia- eta aldaketa-gunea bailitzan. Eta euskaldunek badakite horrek zer erran nahi duen…
Laboaren semetzat daukazunez zure burua, isiltasunak garrantzi handia baduke…
Isiltasunik gabe, hausnarketa zaila da. Isiltasuna, sorkuntzaren oihartzun dantzatua da. Sorturiko energiaren errebotea, aizkolariak bere aizkora isiltasunean altxatzen duen bezala, enborra jo ondoan. Isiltasuna, sorturiko erabakia da, mugimenduan dantzaturiko espazioa, ez eta gaineratekoarekin moztua. Denbora hila baino, hutsaltasuna da: birsortzeko gaitasun bat. Txilidaren zizel-lan bat ere izan daiteke. Artzek dio txalapartaz: bi txalapartari, lau ola, baina beti du hirugarren mutu hark manatzen.
Bitxi da: sekulako harramantzerian gaude, ostatu honetan…
Bai, gure elkarrizketaren burrusta dago, tokiaren haroa. Eta, hor, kanpoan, jadanik leunago den erroten txiripa, galtzada bustiaren gainean. Euri-ttantten botea, entzun gabe ikus dezaket; urrunago, langile hura ere badago, mugimendu errepikorra daukana: hor dago isiltasuna…
Noiz eta nola heltzen da mundua horrela ikustera?
Nik uste ttipidanik barrenean daukadan hazia dela. Denok daukagu, baina, handituz bezala, ez da hain aise hoziaraztea. Mundua hainbertze da aldatu, non, batzuetan, nago ea ez ote naizen ametsetan ari. Ondorioz, norberak bere burua du entzun behar, eta haurtzaroko sentikortasunera itzuli: kontzientzia hori daukan jendeak anitz lagundu nau delako sentikortasuna dastatzen, nonahi izanik ere. Hortik aitzina, elkarrizketa hau eta musika-pieza inprobisatua ez ditut bereizten, adibidez. Bizitzari ematen den norabide bat da.
Inprobisazioa aipatu duzunez, musika eta kantu inprobisatuak ez dira ezagutuak Euskal Herrian…
Enetako, inprobisazioa denetan dago, gure bizitzaren alde orotan. Beti dugu inprobisatzen, baina aski erabiltzen ez dugun indarra da. Inprobisatzailea ez da zooko animalia, normala izaten saiatzen den norbait baizik, delako indar horren kontzientzia hartzen saiatzen dena, bere askatasunez, bere loriaz, bere bilatze-izpirituaz! Eta hor, mundu sinestezina zaizu zabaltzen: intuizioarekiko zientzia- eta jakintza-koagulazio bat. Baina objektu alienatuak bilakarazi nahi gaituen jendartean bizi garenez…
Bertsolaritzarekin inprobisazioaren erresuma den Euskal Herrian ere bai…
Pentsamoldearen formatazio saihetsezina dago, merkatu-industriak eta-kapitalismoak sorturik. Hori diot hiru mailu-kolpez, baina ikaragarriko kontraerrana bizi dugu. Ikusten dugularik inprobisazioak nolako ahalmena askatzen duen, sinesgaitza da kasurik eman ez diezaiogun. Kultura kontsumo-objektu soila bilakatzen delarik, edo mezu-gune bakarra, lanjerrean gaude. Pertsona baten sortzaile-ahalmena moztea, Euskal Herrian ere bizi dugun bortizkeria da. Aldiz, bertsolaritza, espazio askatua da. Bertsolariak ttipidanik ditut miresten, bereziki bertsolari-olerkariak, ez baita arras gauza bera! Bertsolari batek, ikaragarriko teknika behar du, eta hori, jadanik, gailurra zait. Hizkuntzaren menperatze harrigarri hori, gure kulturaren altxor bat da. Eta olerkiak, oraindik bertze gailur batera helarazten ditu. Horrez gain, ontsa kantatzen badute, jende hori gure artean izatea ez dut sekulan aski eskertuko! Bertsolaritza-egoera guzietan, beti dago olerkariaren ustekabekoa: utz dezagun dardaratzen! Bertsolariez aparte ere, gailurrak hunkitzen dituzten pertsonak ere badaude: Artze, Txilida, Laboa… gure kulturaren itsasargiak dira, inprobisatzaile miresgarriak: nekez deskribatzen saiatzen naizen eskemaren garrantziaren froga da hori.
Zein da probokazioaren tokia zure obran?
Ez dut sekulan probokazioan sartu nahi izan. Ene obra alderantzizkoa da: amodioa da, askatasunaren adierazpena. Begirunezko askatasuna, eskuzabaltasunak gidaturiko bidexka. Ez dut sekulan zernahi erakutsi nahi izan. Txokatu baldin badut ere, baldarkeriaz izan da, edo inozentzia soberakinaz, baina segur naiz jendeak hori badakiela. Duela hogei urte baino gehiagoko kontzertuak oroitarazten dizkidate, zehatz-mehatz; xuxurlatzen didate ene musikak lagundu dituela beren bizitzako memento batean. Probokatu ahal izan ditudan gauza bakarrak, topaketak izan dira.
Errobiko Festibala jokoz-kanpo zaion jendeari, zer diozu errateko?
Gure festibala, herriaren baitako idazketa bezala da, bertzeekin, bertzeen artean. Festibala kultura-kontsumoa izatea saihestu nahi duen bidexka dugu segitzen. Ondorioz, jendearendako kontzientzia-hartze tresna izan dadin, festibala biziko baitute partekatzeko gozamenean. Edertasunak dakar kontzientzia: Errobiko Festibalean lantzea gustatzen zaigun ezaugarri bat. Zientifikoak, artistak gomitatzen ditugu, sortzen dugun mementoan berean ulertzen laguntzeko, bazterrak eta elkarrizketak gozatzen ditugun bitartean. Saiatzen gara herriarekiko lotura sakona duen unea sortzen. Antolatzen dugun lehen hitzaldi-ikusgarria, adibidez, Nelson Mandelaz da: gure herriaren eta munduaren arteko lotura hautematen duenarendako, ebidentzia begi bistakoa da. Gizon harrigarri hori, bakearen alde lanean ari dena, bortizkeri-ezan… Gure festibala mugarik gabeko gauza da, elitistaren kontrarioa. Baden guziari tokia egin behar baitzaio.
Horrelako kontzeptuan, ordea, ez ote da zaila euskarari toki bat aurkitzea?
Gure euskal kultura tradizionalarekin, eta ez tradizionalistarekin, munduko gauza ederrenez elikatzeko ontsa kokaturik gaude. Artzeren poesia ederrari pentsatzen dut: nondik eta nola idatz dezake hori, euskal ahozko kultura eta munduko pentsamendu handiak aldi berean ezagutu gabe? Euskaraz izan gaitezke munduarekin intimoki loturik. Gauzak bereizten ditugu, baina beti gaude han eta hemen kontzeptuan, zuhaitzaren gisan. Konfrontazio mota hori beharrezkoa da gure kultura lorarazteko.
Aurtengo festibalak loturarik ba ote du prestatzen ari zareten hiri-pastoralarekin?
Pastorala hori, Gerezien Denbora, bizi den ekimena da, anitz jende toparazten diguna. Edizio honetan aipatzea egokia iruditu zaigu: bi hitzaldi-ikusgarri eskainiko dizkiogu. Lehenik, Les Voix d’Itxassou (Itsasuko ahotsak) diskoaz, 1992. urtekoa, Tony Coe deitzen den artista ingeles handiari utzi ziotena, Le Temps des Cerises (Gerezien Denbora) kantu ospetsua moldatzeko, eta kantu horrek sinbolizatzen duen mugimendu libertarioa irudikatzeko. Eta bertze hitzaldi-ikusgarri batek, artzainen ahotsez dena, hiri-pastoraleko aktore gehienak elkartuko ditu. Obra hori, Itxaro Bordak idatzia, 2014ko prest izanen da. Aturriko Burdinolen hestea eta Parisko Komunaren garaiko (1871) errebeldeak lotzen ditu. Errebeldia horren oihartzuna izan zen Le Temps des Cerises kantua. Hiri-pastorala hiru mezuen inguruan da josia: erantzukizuna, amodioa, eta elkartasuna. Hiru elementu horietatik, menturaz zerbait eraikitzen ahalko dugula… Pausatzen dugun galdera da, hasteko. Zinezko pastorala da forma aldetik eta, obra ororen gisa, erdi-irekia den atea. Aldiz, irudiarekiko eta musikarekiko bertze harreman bat du pastorala horrek, eta hor dugu, musikariok, ekarpen berezia egiten. Horrelako obra izanaraztea kostaldean, euskaraz, desafio ederra da, eta kontzientzia-hartze sakona. Pastorala gu baino, bere zerbitzariok baino indartsuagoa da: ea entzuten jakinen dugun…