Soka tira
Aspaldiko denboretan, munduan zehar, pilota bezala, soka baliatu dute, jendek elgar desafiatzeko. Luzaz pentsu izan dugu, joko hori euskalduna zela. Bainan Egiptio-ko tenplo batean aurkitu dute margo bat, hiru gizonetako bi talde ari dira tiraka, soka bati loturik. Duela 8 mende, urruneko Xinan berean ba zuzten soka joko batzu. Ipar Europan ere, ainhitz herrialdetan, sokaren medio, beren indarra izartzen zuten.
Sokari esker, auzo herriek, edo herrialdek, leinuek edo taldek, bere nagusitasuna erakusten eta probatzen ahal zuten. Hor ere, pentsatzen ginuen, Euskualdunak zirela munduan hoberenak. Bainan, beste lurraldetan, ez ziren eskuak sakolan egonak!
Duela bakarrik 50 urte, berriz moldatu zituztelarik euskal jokoak, bai Donapaulen, bai herriko pesten karietarat, nola nahika tiratzen zuten soka: ontutsik, espartinekin edo laneko brodequin gogor batzuekin. Plantatzen ziren buruz edo ipurdiz eta tiratzen ahal zuten bezala. Frangotan, talde osoa, lerraturik, itzulipurdika erortzen zen. Kontrakoek, orduan tornu edo karga guzia herrestan tiratzen zuten. Karga guzia, zeren irabazteko, gizon pizueanak behar ziren elgarretaratu. Egun orain, agorila beroenian, kausitzen ahal dira, Donapaulen, 140kg itzuliko puttiko ttarro batzu.
Duela aspaldi, Griegoek Olinpiadetan soka tiratzen zuten, beraz, Kirol Olinpiko modernoak plantatu zuztelarik, soka tira jokotik "kirol olinpico" bilakatu zen, bakarrik 5 aldiz, 1900-1920rat. Zeren nihorrek ez zuen ba molde, ba soka berekin tiratzen.
Beraz, idurikatuko dugu 1964 urtea, Federazio internazional (TWIF) baten plantatzeko, G.Hutton Angles bat dela medio. Orduan beraz, 8 kategoria mugatu zituzten, boxeolarien artean bezala. Hala nola ba dira (8 gizonen dako): erdi-lumak (480kg), lumak (520kg), erdi-artekoak (560kg), artekoak (600kg), erdi-pisuak (680kg), pisuak (720kg), pisu osoak (720kiloz goiti). Soka tira egiten ahal da belhar edo soropila batean, bai eta gomazko tapiza baten gainean.
Ber denboran moldatu zuzten arau eta erabaki larrienak. Sokak behar ditu 100-120mm diametro eta 33m luze, erresina baliatzen ahal da eskuetan, oinetakoek ez dute izan behar puntarik edo burdin ozkarik. Hor agertzen da nola behar den lotu sokari, eta nola ere, azkenak soka bere gorputzaren itzulian kokatzen ahal dien. Artetik aipatzeko, ez da libro biluzgorri pizatzea, gramo xoil batzuen irabazteko !
Beren partetik, epailek kasu egiten dute, lurrean finkatzen direnez, edo besoa, azpiaren gainean pausatzen dutenez, hoien erabakiak kanpo ezartzen ahal du talde osoa.
Sokaren ongi tiratzeko, talde osoak behar du andan plantatu, gorputza gibelerat emanez, etzanik kasirik, gero manatzaileak erranen du noiz tira, noiz atxik edo laxa, eta azkenian noiz eman azken bulta, kontrarioak 2,50 metrotan aintzinerat ekarrarazteko. Hein onerat heltzeko, kirolariek behar dute aste guziz entrenatu, indarka, lasterka eta oroin buru, sokarekin bizpahiru tonako pizu bat altxatuz.
Gaur egun, soka tira, egiazko kirol proba bat da, ederra, bortitza; besta batzuetan bakarrik aritzen dira lehengo maneran, zeren karia hortan nor nahi lotzen baita "korda" buztanari.