Euskarari buruzko motibapena 2006an

Motibapena da ekintza edo jokabide baten iturburuan den indar psikologiko guztien bilduma. Nabari da hizkuntza nortasunari lotua dela, bereziki haurtzaroko hizkuntza. Nola nahi ere hizkuntza lotua da gizarte balore nagusi batzuri, hala nola komunikazioa eta kultura. Euskarari buruz, motibapenaren hiru osagai aztertuko ditugu : nortasunaren pertseptzioa, iritziak eta jarrerak.

Euskalduntasuna

"Euskalduna naiz" esaldi xumeak bi erranahi dauzka guttienez

  • Erranahi soziopolitikoa : euskal herritarra naiz hots euskaltasuna.
  • Erranahi soziolinguistikoa : « euskara badakit », hots euskalduntasuna.

Galdea zen : « Zenbatetaraino euskalduntzat daukazu zure burua ? ». Erantzun hautua bost mailakoa zen : osoki ; frango ; erdizka ; gutti ; batere ez.

Komentarioetan lehen bi erantzunak elkarretaratuko ditugu, bai eta ere azken biak, ikusteko euskal nortasuna indartsua ala ahula den. Aldagaitzat hizkuntza gaitasuna hartuko dugu, nortasunaren eta hizkuntzaren arteko lotura ikusteko.

 

Zenbateraino euskaldun? Iparraldea Elebidun eragilea Elebidun hartzailea Erdalduna
Osoki edo frango %48 %88 %75 %32
Erdizka %15 %10 %16 %17
Gutti edo deus ez %37 %02 %08 %51

 

Elebidun eragileek adierazten dute euskaltasun kartsua neurri bikainean (%88). Elebidun hartzaileetan ere hiru laurdenak kasu berean dira (%75) eta bi multzo horietan kasik nehork ez du aitortzen euskalduntasun eza. Harrigarria da ere erdaldunen euskalduntasun sentimendua. Multzo horren kasik erdiak (%48) euskalduntzat dauka bere nortasuna, elkarretaratzen baditugu kartsuak eta erdizkakoak.

Beraz euskalduntasuna ez da baitezbada hizkuntzari lotua. Ez eta ere jatorriari. Herritarrek dute euskalduntasun sentimendu bizkorrena (%72). Zorionez, kanpotiarretan ere %62k euskalduntzat daukate beren burua, osoki edo bederen zertxobait.

Euskarari buruzko iritziak

Hemen ere Iparraldeko herritar guzien pentsamoldea agertzen da, euskaldun ala erdaldun, hemengo ala kanpotiar. Galdetegiak 10 iritzi proposatu ditu, 5 erantzunen hautua emanez : arrunt ados ; ados ; ez ados ez kontra ; kontra ; arrunt kontra. Erantzunak 3 mailetan bilduko ditugu : adostasuna; axolagabea; ez-adostasuna.

 

Iritziak Adostasuna Axolagabea Ez-adostasuna
1- Elebitasunak ez du problemarik sortzen gizartean %82 %06 %12
2- Ongi da haurrek euskara ikas dezaten frantsesez ez izanikan ere biziki trebe %72 %14 %14
3- Euskara beharrezkoa da jendeekin komunikatzeko %61 %10 %29
4- Nahitezkoa da haur guztiek euskara ikas dezaten %82 %06 %12
5- Euskara frantsesa bezain aberatsa da %56 %40 %04
6- Egiazko euskaldunak euskara jakin behar du %52 %12 %36
7- Euskara gehiago behar litzateke irrati-tebisteetan %51 %32 %17
8- Euskara jakin, administrazioan sartzeko %51 %17 %32
9- Noizbait euskara frantsesa bezain indartsu izanen %48 %29 %33
10- Nahiago dut euskara ikasi, ezinez eta ingelesa %37 %25 %38

 

Itxuraz, herritarrak prest daude euskararen aldeko hizkuntza politika ausarta onartzeko, hala nola irakaskuntzan, hedabideetan, asministrazioan. Alabaina herritarrek euskara goraipatzen dute (1, 3, 5, 6). Baina dudak badituzte frantsesaren eta ingelesaren aitzinean (9, 10).

Euskarari buruzko jarrerak

Iritzia pentsatzeko molde bat da, aldiz jarrerak bultzatzen gaitu jokamolde bat hartzera. Horiek hola norbaiten jarrera aztertzeko, haren iritziak baliatzen dira. Pertsona bakoitzaren jarrera definitu da iritzi andana bati erreferentzia eginez. Erantzun baikorrak eta ezkorrak zenbatuz, pertsona horiek bost multzotan sailkatuak izan dira, erreferentzia eginez euskararen erabilera eta ikaskuntza sustatzeari buruz erakutsi duten gogoari :

- oso edo aski aldekoak ; ez alde ez aurka ; aski edo oso aurkakoak

Lehen bi erantzunak eta azken biak bilduko ditugu, erakusteko  Iparraldeko herritarrek agertzen duten gogoa, euskararen aintzinamenduari buruz.

© EKE-ICB
© EKE-ICB
Emaitzak bilduz, erran dezakegu Ipar Euskal Herrian jendetzaren %41,2 euskararen irakaskuntza eta erabilera sustatzearen alde direla (osoki edo aski), % 17,6 kontra direla eta % 41,1 ez alde ez kontra. Beraz euskararen aldekoak, elebidun eragileak eta hartzaileak baino askoz gehiago dira (%31). Axolagabeen kopuru handiak erakusten du euskararen aldeko pedagogia beharrezkoa dela, demagun informazio eta gogoa pizteko kanpainen bidez. Haatik ezberdintasun handiak badira eskualdeka, jatorriaren, euskalduntasunaren eta adinaren arabera.

Hona  euskararen aitzinamenduaren alde edo kontra direnen zerrenda :

  • BABko hiritarrak :  %32 alde, %22 kontra.
  • Lapurdi barnealdean : %48 alde, %16 kontra.
  • Nafarroa Beherean eta Zuberoan : %51 alde, %09 kontra.
  • Euskal Herrian sortu direnetan : %55 alde, %09 kontra.
  • Euskal Herritik kanpo sortuak direnetan : %27 alde, %28 kontra.
  • Euskara ongi dakitenetan : %75 alde, %03 kontra.
  • Frantsesdun elabakarretan : %28 alde, %24 kontra.

Hiru faktore horiek direla-ta (eskualdea, jatorria, hizkuntza gaitasuna), jarreren emaitzak ulergarriak dira : BABn euskararen aldeko ehunekoa ahul da (%32) eta Iparralde barnealdean aldeko jarrerak askoz gorago dira (%52). Baina kopuru osoak hartuz, BABn 31.700 hiritar badira euskararen alde, 46.500 lapurtarrekin konparagarri baitira, 16.800 baxenafar eta zuberotarrak baino askoz gehiago. Argi ikusi behar dugu non dauden euskararen aldeko indarrak.

Adinaren arabera, 50-65 urtekoetan dira euskararen aldekoak gorenean (%52) eta  aurkakoak apalenean (%11). Alderantziz gazteenetan euskararen aldekoen proportzioa apalenean da (%35) eta aurkakoena gorenean (%25) Itxuraz euskararen ikaskuntza eta erabilera sustatzeko gogoa ez doa indartuz. Froga hor da euskararen aldeko motibazioa ez bada sustatzen, hizkuntza politikak ez duela luzaz ondorio eraginkorrik emanen.

  • Ekarpena: Erramun Baxok
    (2009-02-12)