Herria astekaria (2009)
Peio Jorajuria (2005ean agertu artikulua. 2009an eguneratua).
65 urte ospatuko ditu 2009ko abendoan HERRIA astekariak (3000. alea 2009ko martxoan). Urteburu aipagarria euskarazko kaseta batentzat, hoinbertze urtez irautea ez baita balentria ttipia. Bertze hoinbertze nahi lukeelarik iraun Iparraldeko euskal astekariak.
Lehen urratsak
1944eko urrian sortu zen HERRIA kaseta, Léon Leon, Manex Hiriart-Urruti, Zaldubi, Oxobi, Anxuberro, Piarres Lafitte eta bertze euskaltzale batzuri esker. Zenbeit hilabete lehentxago debekatua izan zen Eskualduna astekariaren tokia hartuz. Hastapen zailak: papera xuhur, diru guti, baimenak nekez ardiesten... Baina, bere gora-behera guziekin, eta Piarres lafitte zenaren kemenari esker, aitzina jo zuen, 10 urteren buruan 7000ko bat harpidedun zaukalarik. Luma xorrotx batzu bazituen: Piarres Lafitte, Jean Saint-Pierre, Jean Elissalde Zerbitzari, Jules Moulié Oxobi, Etienne Salaberry, Jean Pierre Iratxet, Piarres Larzabal... Azken hunen artikulu batzu, Aljeriako gerlaz, auzi eta zigor iturri izanez!
HERRIA gaur
Lau zuzendari ukan ditu HERRIAk gaur arte: Piarres Lafitte (1944-1967), Jean Hiriart-Urruty II (1967-1969), Emile Larre (1969-2003), Janbattitt Dirassar (2003az geroz). Baionan argitaratua da eta 3000 aletan plazaratua gaur. Harpidedun gehienak Iparralde huntakoak dira (2000 nunbeitan), gaineratikoak honela banatzen direlarik: Hegoaldean 180, Frantzian gaindi 210, Europan gaindi 15, Ameriketan 70, Asian eta Afrikan 25. Saltokietan 300 bat. Eta bertze aleak banatuak dira artxibategi, liburutegi eta euskaltegietara, bai-eta ehun bat urririk igorriak harpidedun berri batzuren menturan. Astelehen eta astearte guziz moldatua da kaseta, irakurleeri ortzegunetan heltzeko gisan.
Gehien bat Ipar Euskal Herriko gertakariak dira jorratuak gai nagusietan, Hegoaldeko gertakari garrantzitsueri ere toki handi bat emanez. Haatik HERRIAren berritasuna da herrietako berri xumeak aipatzea, berrogoi bat berriketaritako sare bati esker. Erlisioneak ere bere tokia dauka, asteroko kronika batekin. Oro har, 60 bat berriketari eta kronikalariren sarea dauka HERRIAk.
2004eko abendoaz geroz kolorez agertzen da. Administrazio Kontseilua honela osatzen da: Emile Larre ohorezko lehendakari, Janbattitt Dirassar lehendakari eta kaseta-zuzendari, Jean Haritschelhar lehendakari-orde, Beñat Goity diruzain, Peio Jorajuria idazleburu, Mixel Oronos, Mattin Larzabal, Daniel Landart, Maixan Minaberry, Jean Louis Davant, Jean Louis Harignordoquy Laka, Maite Irazoqui, Ramuntxo Camblong...