Hitzaditza 2009 : idazleak eta testuak

Peio Jorajuria

Argazkia: EKE - Maite Deliart

Peio Jorajuria, sortzez senpertarra, Bidarrain ezkondua, 2 seme-alaben aita da. Ofizioz kazetaria da Herria astekarian. Jadanik idatzi zuen liburu bat duela hamar bat urte Bidarraiko herriari buruz. Euskara hizkuntzaren zizelkari fina eta trebea da; ageri da hitzak hautatuz ari dela, euskaldunek dakigun bezala ideiak irudikatuz ; sar-hitza argiak bezain zorrotzak idazten ditu bere aldi duelarik Herria astekariaren lehen orrialdean.

"Uzkinazo luma" da argitaratu duen azken liburua (Maiatz, 2008). Liburu honetan, 1990etik 2001era idatzi olerki, bertsu eta kondaira labur batzu dizkigu eskaintzen, hirurogoi bat orotara. (Iturria: Maite Deliart-en bloga)

Jean-Louis Davant

Argazkia: EKE - JC.Broca

Jean Louis Davant Ürrüstoi-Larrabilen (Zuberoa) sortu da 1935ean. Agronomia ingenieritzako ikasketak egin zituen Frantziako Angers hirian eta Hazparneko Laborantza Eskolako irakasle eta zuzendaria izan da. Euskaltzain osoa da 1976. urteaz geroztik. Argitara eman ditu literatura lan garrantzitsuak (poesia bildumak, pastoralak, eleberriak), baita politika, historia eta gizarte gaiei buruzko obrak, ezinbesteko erreferentziak bilakatu direnak Euskal Herria bere osotasunean ezagutu nahi duen edonorentzat. (Iturria: Literaturaren zubitegia)

Itxaro Borda

Argazkia: EKE - Pantxika Maitia

Itxaro Borda Baionan sortu zen 1959ko martxoaren 29an. Haurtzaroa Nafarroa Behereko Oragarren iragan zuen. Nekazaritzan eta Historian lizentziatua. Lanbidez postaria: garai batean Parisen, gero Maulen, eta gaur egun Baionan. Maiatz literatur aldizkariaren sortzailea izan zen Luzien Etxezaharretarekin batera, 1982an. Lehen liburua 1984an eman zuen argitara: "Bizitza nola badoan" (poesia).

2002an Euskadi Saria eskuratu zuen, "%100 basque" nobelari emana. (Iturria: www.armiarma.com)