Zetaren bidean, oinez
Bidean doa, zangoak pisu baina bihotza alegera. Jadanik mila kilometro beteak ditu Istanbuletik abiatuz geroz. Teheran dauka helburu. Zer amets xoroa !
Hogeita lau urte ditu Gehexanek eta mundu zabala nahi du bisitatu, urratsean, iduritzen baitzaio gisa horretan baizik ez daitezkeela herriak hobekienik besarka eta jendeak hurbilagotik ezagut. Ttipi-ttipitik oinez ibiltzeko ohitura dauka, Baigorri aldeko mendi xendretan gaindi bere aitaren ahuntzen ondotik ibiltzen zenetik...
Noizbait, bere osaba Mikelek Konpostelako bidean zituen zapatak higatu, Izuratik Galiziaraino. "Zoragarria!". Osabaren bidaia horrek zion Gehexani berak ere bidea hartzeko gutizia piztu. Haatik urrunagoko bat nahi zuen dastatu. Zergatik ez Zetaren bidea, Asian gaindi, aspaldian Marco Polo veniziarrak segitu zuena Txinaraino ? Haurra zelarik, hurrupatzen zituen Marco Poloren abenturak amaren ahotik, oheratzerakoan !
Amaren malkoak haatik Miarritzeko aireportuan, Gehexan hegazkinez abiatu delarik Istanbulera buruz ! Alabaina, Asia aldeko herrialdeak infernuaren pare dauzka amak. "Seme, kasu emak, otoi, bide lanjeros horietan !". Amaren behako aztoratua luzaz atxikiko du gogoan Gehexanek. Jantziak izerdiz trenpan, bizkarreko zaku kargatuarekin sorbaldak tiran, eguzkiak aurpegia beltzarandua, Gehexan aitzina doa, urraska, zangoak zapaten barnean gostura, oinetakoen hastapeneko idorreria hura garaiturik eta lehen pintz haiek ahantzirik. Iluna heldu baitzaio, urratsa luzatzen du.
Hara hantxet herri ttipi bat begi bistan. Han aurkituko duke aterbe, jateko eta lo egiteko, arratsero gertatzen zaionaren gisa, hain dira Turkoak bihotz onekoak, halaber Kurdoak. Turko eta Kurdo elkarrekin direlarik haatik, zer kalapitak, bat bertzearentzat begi izkineko zikin, katu eta zakur iduri ! Gehexanek gostukoak ez dituen bakarrak hain zuzen zakurrak dira, kangal beldurgarriak, kabalen zaintzaile bizkorrak, begiak eta hortzak zorrotz, hurbilegitik iragaten den gizagaixoaren larru guria kroskatzeko prest...
Peio Jorajuria
Maila: 13-16 urtekoak