Itsasoan

2011/04/02
[+] Testuaren irakurketa bat entzun!

Itsasoan, urrunean, urezko desertuaren erdian, bakarrik, galdurik gaude… Badirudi, gure ontzia zelai zabalaren erdian den inurria dela, noraezean… Gure ezkerraldean, eguzkia apaltzen hasi da, itsasoaren gibelean gordetzeko prest, uraren azalean isla arrosak eta laranjak agertzen utziz. Irudi hau izugarri ederra da eta nire memorioaren barnean gorde nahi nuke, baina seinale txarra dakar ere. Hain zuzen, honek, gau ilunaren sakonean barna sartuko garela erakusten digu...

Ilun beltzenean, ihesean, beldurrak barnetik jaten gaitu. Denok dakigu gustuko ez duten hitz bakar bat ahoskatzea aski izanen dela zaku bat bezala uretara jaurtikia izateko, itotzera kondenaturik. Gure artean inork ez du zinez itsasoa ezagutzen, laborari xume batzuek osatutako herrixketatik gatoz eta... Miseria gorritik ateratzen saiatzen laguntzen gaituztenek ontzira igotzerakoan geneukan guztia hartu ziguten, eta oraindik haien esku da gelditzen zaigun azken ondasuna: bizia.

Garraio medio bakartzat dugun honetan sartzean, gure duintasuna ere galdu genuen. Denak ontzi txikiegian metatu ginen. Azken finean, hain gaude tinkaturik non norbaitek goiti botatzeko gogoa daukanean ere ezin dugun aski laster antolatu bazterrera pasatzen uzteko. Honelako gertakariengatik batez ere, gure sudurretaraino heltzen diren lurrun usaintsuak geroz eta jasangaitzagoak dira. Gureganatzen lortzen dugun aire garbia altxorra da... Baina ez dakit zeren eskasa dudan gehien sentitzen, aire freskoa ala ura?
Lurra uzterakoan, toki eskasia handia zela eta, ezin izan genuen ur gozo tantarik ere ekarri. Hala ere, plastikozko ontzi gutti batzuk hartzea lortu genuen. Hauei esker, ura berreskuratzea lortzen dugu, edangaitza eta minutu luzeez itxoitekoa izanik ere, gure bizirik irauteko esperantza ahal bezainbat emendatzeko. Erran gabe doa, ontzi gaineko epe laburreko biztanleok elikagairik ez dugula, pasatzaileek salbu, bistan dena...

Iragan egunean, nire tokitik hurbil kokatua zen neska gazte bat zendu zen. Burasoek haiekin atxiki nahi izan arren denok uretan bukatzeko mehatxupean, gorpua uretara bota behar izan genuen. Azken hau, ura urdin gardena zenez, pixkanaka zolarantz jausten ikusi genuen. Irudi hauek oraindik ez ditut burutik uxatzen lortzen. Hor dira, gogorki loturik, une larrienak ere suntsitzen...

Pasatzaileek diotenez, hain luzaz amestutako unea laster helduko zaigu: Europako zolaren hunkitzea... Baina, denoi oraindik urrun iduritzen zaigu, eta nork daki azken metroa arte zer gertatzen ahal zaigun? Azkenean, ez ote gara han ere, jatorrizko herrixkan bezala, milaka besterekin miseria gorrian bizitzera kondenatuak...?

Oihana BARRENQUY