Irabazlearen sintoma
[+] Testuaren irakurketa bat entzun!
Ttipi-ttipitik, kartetan aritzea da ene denbora pasa maiteena. Aritzearen bortxaz, joko parrasta bat ezagutu ahal izan dut.
Batzueri gustatzen zaie sosaren pariatzea. "Adrenalina gehiago igaiten zait" erran zidan behin lagun batek. Baina nik nahiago dut dirurik gabe, irabazteak berak ematen baitit aski adrenalina. Maite dut jokakideak kexatzen direlarik galtzearen bortxaz. Maite dut deskubritzea nor den galtzaile txar. Eta sustut, sustut, maite dut etsipenaren ikustea haien aurpegietan.
Euskal Herriko jokorik politena musa dela iduritzen zait, bi arrazoinengatik. Alde batetik, musean jokalariaren maila xantza bezain inportantea baita, eta bestalde museko keinuak kodigo unibertsal bilakatu direlako.
Ene lehen neska-laguna mus partida batean ezagutu nuen. Ostatu batean izan zen. Begiz adierazi nion hogeita hamaika nuela, eta bi errege ikusi nituen haren ezpainetan.
Ondotik, fite joan ziren gauzak: bere pare bikaina erakutsi zidan eta hordago eta kantaka bukatu genuen gaua.
Baina ez dut maite bi partida jokatzea bikotekide berarekin beraz gure harremana hartan bukatu zen eta hark negarrez pasa zuen goiza.
Geroztik, neska-lagun anitz ezagutu dut. Maite dut haien hastapeneko erresistentziaren haustea. Maite dut gau batez haien jaun eta jabe senditzea. Eta sustut, sustut, maite dut biharamun goizetan etsipenaren ikustea haien aurpegietan.
Gazte denborako zenbat oroitzapen...
Orain, zaharra naiz, bakarrik bizi naiz Baionako apartamendu ttipi batean.
Orain, hogeita hamaikarik ez da.
Mattin LUKU