Harrizkoa
Atzo aratsean, 10:00ak inguru ziren, uste dut. Etxera sartu berria nintzen, bilkura luze baten ondotik, leher eta zapart eginik. Horrelakoetan oheratu aitzin bainu bat hartzeko usaia nuen. Ura isurtzera utzi eta sukaldera joan nintzen zerbaiten jatera. Ikuzgelara itzultzean bainua bi herenetara betea zen. Zango puntta sartu, eta « Atx! Izigarri beroa duk mutikoa ». Xurruta hetsi eta hortzak tinkatuz sartu nintzen infernuko ur hartan. Gorputza jartzen zaio beroari. Bainuontzia ttipia nuen... Enetzat bederen ttipiegia. Sorbaldak sartzean, belaunak ateratzen. Belaunak sartu eta, aldiz, papotik hozten. Nahigabetarik bi posizioen artean aldizkatzeko plegua hartua nuen.
Ganbaran pizturik utziriko irratitik soinua heltzen zitzaidan: « Siriako gatazka, autobonba batek zortzi zibil hil ditu... Manifestazio jendetsua harrobi egitasmoaren aurka... Ingles aldizkari baten arabera, euskara da munduko laugarren hizkuntzarik pollitena ».
Binba! Binba! Binba! Gizon bat da. Nire osaba da. Binba! Binba! Binba! Harri horren gainean xutik. Palanka ukaldika. Zilo bat egiten du harrian. Merezi zukeen. Besoak indarka ari zaizkiolarik, zango punttetan goratzen da. Baduzu grazia otto. Maite nuen zure ikustea haurra nintzelarik. Binbi! Banba! Ni naiz orain harriaren gainean. Errexki zilatzen da. Laket zait azantz hori. Halaber usaina. Harri errauts usaina, gustu ona du ke horrek. Indarra. Binbi! Banba! Bat azkar, bestea arin. Aise sartzen da ziri hau, harria guria da. Kolore gorria maite dut hola isurtzen delarik. Beti azkarrago jo, gaina hartuko diot haragi puska horri. Odolaren usaina! Biziaren usaina. Gustu ona duke horrek. « Ez nazazula hola begira maitia, merezi dukezu. » Dinbi! Danba!! Zuk ere egiten dakizu. Ez zaitela izi. Askatu zure besoa, xintxikatu gorputz hau. Nire gorputza. Dinbi! Danba! Ez dut minik lurrean etzanik. Nire bihotza zilatua da jadanik. Merezi nukeen. Segi ezazu jotzen. Odola hoztua didazu engoitik.
« Gauerdi bi minutaz gainditurik, programen bukaera egungo, XXI. mendeko euskal kantu hautaketa batekin uzten zaituztegu. Bihar arte! ».
Ura hotza da, papoa eta belaunak barnean nituen, bainuontzia handitu balitz bezala. Uraren azalean errauts geruza bat agertua zen. Atzo aratsean hilen zintudan.
Battitt Crouspeyre