Entzun, entzun txalaparta…

2013/05/28

Argazkiari so egiten diot eta entzuten ditut. Egurra begiratzen dut. Mintzo zait. Hor begiratzen naute eta mintzo zaizkit. Senditzen ditut gero eta hurbilago. Argazkian begiak joaten zaizkit eta gizon txalapartadunak hurbiltzen zaizkit... Mintzo zaizkit eta eramaten naute, haien artera... Oihanera eramaten naute, mendian, txalaparta bilakatuko diren arbol guzien artera... Mendi guzia belarrietara jiten zait.

Tau tau tau...

Erritmoa gero eta fiteago jiten zait urrunetik, hurbiletik... Denak, ene gorputzean eta bihotzean sartzen zaizkit. Hartzen naute, bultzatzen naute, beldurtzen eta babesten. Erritmoak, kolpez, gorputza beretzen dit. Ez dut gehiago deus kontrolatzen, sobera fite doa... Alde guzietarik aditzen eta senditzen dut : « Entzun entzun gaztea, mendiaren deia. Entzun entzun gaztea, kantari mendia. »

Txalapartariak aitzinean ditut. Soinua musika bilakatzen da, zentzu bat hartzen du ene baitan. Erritmoa erritmoaren bila... Haiek dakite xuxen zer ateratuko den edo egurrak bakarrik. Musika, erritmoa, dantza, musika, errrondan… Sorginak bezala, erritmoarekin, musikarekin bat egiten dugu suaren inguruan.

Txalaparta gure baitan dugu : tau tin tin... Soinu berri bat buruan sartu zait. Tin tin tin, soinu metaliko bat.

Charlotte Chorhy