Egingo al duzu dantza?

2012/05/05

Musikaren doinua bezala egiten zenuen dantza. Sekulako inbidia ematen zenidan. Hor egoten zinen, ostatuaren erdian, mundua zure aurrean desagertuko balitz bezala. Zure unibertsoa sortzen zenuen musikaren erritmoan eta gu ere bertan sartzen ginen nahi gabe, lelotuta. Baina guri begiek soilik egiten ziguten dantza. Ezker-eskuin, gora eta behera… Orain poliki, ondotik gero eta azkarrago. Begiratze hutsak ere bazuen nahikoa zailtasun; eskatzen zuen nahikoa abilezia. Eta begiak zure gorputz ataletako mugimenduan finkatu nahian, hipnotizaturiko gaixoak genirudien. Ginen. Berdin zen balsa, fandangoa edo azken aldiko musika komertzial nazkagarria. Edozein doinu zen zuretako egokia eta gozatzen zenuen. Gozatu eta gozarazi. Inbidia ematen zenidan; sekulakoa.

Batzuetan, lagunekin ni ere ibiltzen nintzen dantzan, edo gorputz mugimendu saiakera traketsean behintzat, lotsagarri. Aurpegia txantxa irribarrez makillatzen genuen eta gaizki egindako pausoei dimentsio handiagoa ematen genien oraino. Hobe norbere akatsak onartu eta hauetaz irri egitea, ongi ari garelakoan jendearen aurrean irrigarri gelditzea baino, pentsatzen genuen. Baina jendearen begiradaren menpe, ez genuen gozatzen. Ez genuen lortzen musikaren unibertsoan gure kabuz barneratzen, eta inbidia ematen zenidan. Inbidia handia.
Sekulakoa.

Nik ere dantzatu nahi nuen zuk bezala, besteen begiradari kasurik egin gabe. Nik ere nahi nuen begira nintzazun. Agian inbidia ematen zidana musika zen. Eta dantza. Dantzarekin bezala nirekin goza zenezan nahi nuen. Gozatu eta gozarazi.

Baina ezin nuen. Alferrik ziren saiakera guztiak. Hortaz, hobekien nekien horretara bideratu nituen gogoa eta gorputza. Ostatuko barrara hurbildu eta lanpeturik zegoen zerbitzariari keinu bat luzatu nion eskuaz. Itxoiteko pixka bat, hala erantzun zidan haren begiradak. Halako batean barrara hurbildu zinen zu ere, hainbeste dantzarekin egarriturik nonbait. Zer hartuko duzu? Txirrisklas bat, baina lasai, ordainduko dut nik. Ez, ez, bai zera! Zuk zer nahi duzu? Nik ere txirrisklasa. Hartuko dugu bat erdi bana? Ongi. Ze, ze moduz arratsa? Gustura. Zu ze moduz? Bai, bai ongi... Eta nikiek egin zuten dantza, bi minutu lehenago bietako inork imajinatuko ez zukeen solasaldi luzean. Alkohol tantek geroz eta astunagoa egiten zuten hitzaren joan-etorria, baina gogotsu geunden biok. Musikaz haragoko melodia batek salatzen zigun bazegoela zerbait han.Jada biak sartuak ginen burbuila bat zen gure munduan, eta nik ere ez nien erreparatzen kanpoko begiradei. Gozatu nahi genuen, eta gozarazi. Besterik ez. Istant batez isildu eta begirada lotsatiz ireki zenuen ahoa. Egingo al dugu dantza?

Maddi Ane Txoperena Iribarren