Dantza

2012/05/05

Salan jarri eta, argi guziak itzali ziren, bizpahiru kandela salbu, argi minimo eta lasaia sortzeko gisan. Erridau gorriak irekitzean, emazte handi eta gazte bat bazen eszenaren erdian. Dantza klasikoko jantziak zituen, xuri-xuriak.
Makillajea perfektua zuen, biziki diskretua.
Haren gibelean ez zen deus ikusten, beltz-beltza zegoen. Horrek emazteari handitasun eta dirdira handia ematen zion.

Musika lasaiki hasi zen. Dantzariaren urratsak eszenaren egurraren gainean entzuten ahal ziren sala osoan. Besoekin eta zangoekin egiten zituen mugimenduak bikainak ziren. Ohartu ginen dantza hark istorio bat kontatzen zuela. Eskizofrenikoa zen haur ttipi baten istorioa. Bat-batean, musikaren erritmoa azkartu zen. Emaztearen mugimenduak zaluak eta bortitzak bilakatu ziren. Begitartea aldatu zitzaion. Dantzatzean, sufrimenduaren itxura eskaintzen zuen. Iruditzen zait, matelan beheiti malko bat isuri zitzaiola. Salako giroa aldatu zen, tristatu.

Musika pixkanaka berriz lasaitu zen. Dantzariak, laster, bere mugimenduak gelditu zituen. Aurpegiaren gaineko makillajeak matelan aztarna beltz bat utzi zion. Emaztea, bat-batean, lurrera erori zen.

Erridau gorriak hetsi zirenean, alimaleko txaloaldi bat izan zen. Antzokitik ateratzean, guziok sentimendu nahasiak genituen, baina dantza denoi gustatu zitzaigula ageri zen.

Paola Ibañez