Batekin ez aski
Galdatzen zioten: ez al duzu sekula aski? Doi bat ahalke eta burua makur, ez, alor horretan bederen ase ezina zela ihardesten zien, begia ortzaiz lainoetan galdurik: -Zergatik bat, mila dauzkagularik eskumenean? -Baina hizkuntzak erraza behar du gehiengoarengana heltzeko. Ez zara nolanahika jostatzen ahal mintzairarekin, eredu zehatzak badira, derrigor errespetatzekoak. Ez duzu nehoiz deus ulertuko!
Lagunen grina jabal ez zezakeen.
Legerik eta jainkorik ez zeukan eledia inguruko erdarekiko lehiaketa batean sarrarazten saiatzen zirela ikustea bitxi zitzaion. Zer zen bada hitzen garbitzeko, baztertzeko edo bakuntasunean finkatzeko joera hori? Bazekien, modelo bakarra orraztatuz, jakintsuak hizkuntza komun eta partekatuaren egiten zebiltzala.
Ez zuen begiko ezpainetarik zetorkion musika aitorren hizkuntza deitzea. Aitorrena bezain alabaina Maiderrena ere zelakoan. Gainera argi zegoen hondar mendeetan, gizonezkoak botere eta indar bila abiatzean eremua desertatuz geroztik euskarari ama-mintzoa deitzen zitzaiola eta adiztegiaren transmisioaren zama emazteen bizkar zetzala. Nork uka zezakeen errealitatea? Haurrak eta amak ziren hondarrean euskararen etorkizunaren arduraren eskumakila hautatuak, izendatuak, hobetsiak.
Haur eta emazteekin jendarteak zegien bezala obratzen zuten euskararekin: dena bekatu zen, dena debekatua, erdarakadak eta barbarismoak, euskalkietarik zetozen bitxikeria harrigarriak barne. Larderiatsu agertzen ziren zuzentzaileak, dogmaren zaintzaileak eta mistikaren begirale kanonikoak. Hizkuntza alorra herriaren funtsezko nortasunaren ispilua zatekeen, zinezko borroka zelai bat.
Nola jabalduko zuen bada lagunen grina?
Bere baitan zeraman mintzaira buhameen tupina baten pare irudikatzen
zuen. Han eta hemen ikasi, bildu, idatzi hitzak eta aditzak erabiltzen zituen, aitzin
iritzirik gabe, zeudelakoan zeuzkala oniritziz. Etxekoari, exiliokoa eransten zion,
arbelezko hegatz ilunen herrikoa eta Gaztelugatxera igotzeko premiazkoa zuena.
Nahasketa ederra sortzen zitzaion ahosabaian. Noiztenka ez zekien nola konpondu
hainbeste aukeraren artean, guzti-guztiak beharrezkoak zituela pentsatzen
bururatzen zuela.
Euskara, anitzek, zaharkeriatzat zeukaten baina oinarrian Babel pilpiratsu bat zen. Irekitasun minbera bat. Hizkiak sokaz lotzen ez baldin bazitzaizkion hegalda zitekeena ahotik ahora, hostotik hostora, hortzetik hortzera. Noski, zioen goraki, lagunek gaizki har ez zezaten, euskara batuaren garrantzia ez zuen gaitzesten, alderantziz, batuak euskalkien esku-zabaltasun ironikoa bereziki zaintzekoa zuela sinesten baitzuen: lekua egin, onartu, baietsi, ezberdintasunak perpausetan luzatu ez Axularrek bezainbat, baina kasik. Mintzaira izerdi, kemen, ziprina eta kokinkeria eske zebilen. Hatsa trenkatzen zihoakion trinkoegi mozturiko bere igandeko arropa aberatsean. Airea, airea oihukatzen zuen, ez nazazuela erabat normaliza, bestela normak hautsiko ditut eta zintzurrak urratuko dizkizuet...
Hitz egin zezakeen orduan hizkuntzak hiztegiez haratago?
Eztitasun mineralarekiko irria marraztu zuen : ahaztuten jaku, mundua nerakutsan, maite neban, eleak bagüntü, hemen naukan, emango deustazuz?
Bizitza bizigarriaren dantza zen.
Itxaro Borda
Maila: Euskaldunak