Antzerkirik hunkigarriena...

2014/04/12

Hiru makila ukaldi bortitzak entzun orduko, oihala briu-brau zabaldu dute.
Antzerkiaren lehen zatiko solasaldiak ezinago goxoak dira.
Haur sortu berriaren inguruan familia airos, dena fereka eta musu, zinez zoriontsu!
Bere lehen urratsak tripili-trapala eginik, horra gure mutikoa jauzika eta lasterka ibilki, noizean behin haserre, baina halere irri ozena nagusi.
Mende laurdena alaiki iraganik, bigarren zatian, gure gazte ernea kasik bat-batean seriosten zaigu.
Biziko korapiloak, hain zuzen, orduan agertzen zaizkio.
Haiek ezin deseginez eta mundua osoki aldatu nahiz, jo eskuin, jo ezker, gizagaixoak ez du gelditzerik. Ariago eta nahiago balu bezala!
Loriaturik gaude fede suharreko jokalari paregabe horren aitzinean.
Hirugarren zatian, gure protagonistari furfuriak poliki-poliki jabaltzen zaizkio, espantuak sartzen.
Gizarteak abilki hedatu armiarma sarea egun oroz beldurgarriago eta itogarriago bilakatzen zaio.
Bakartasunaren eta amesgaiztoen haizatzeko, urtez urte bildu argazkiei begiratzen die. Iragan denbora onaz oroitzean, begiak lanbrotzen zaizkio.
Haur irri bat berriz entzun nahi luke aitatxik. Baina ezin du, gorra delako.
Eta neguko hotz batez oheratzean, tapez erortzen da… Behin betiko!
Oihala nekez hesten da.
Antzerkirik hunkigarriena ikusi dugu.
“BIZIA” zuen izena.

Daniel Landart