Abbadiaren sekretua
Aitonaren lan-kamioi zaharrean gindoazen Abbadia Eremurantz.
Aitona eta Kaiet anaia aurrean zihoazen, eserlekuetan. Kamioiko aurrealdea txikia izanik, ez zegoen hirugarren batentzako lekurik, eta nik atzean sartu behar izan nuen, belaki berde ilun baten azpian. Ez zen arriskutsua, baina bai deserosoa.
Aitonak distantzia apur batera aparkatu zuen kamioia. Ni biziki kezkaturik nengoen: hainbeste polizia… Ez al zitzaion ba ezer gertatuko amonari?
Aitona lurrera jaitsi, eta kamioiko atean bermatu zen.
- Entzun, Kaiet. Joan zaitez polizia horrengana eta galdetu zer gertatu den.
Kaietek berehala bete zuen esandakoa.
- Poliziak ez dit ezer kontatu –azaldu zigun itzultzean– . Ezin dela eremuan sartu bakarrik. Ezin al diot esan amona barruan dela?
- Ez! – eten zion aitonak. Bere bi patillak laztandu zituen pentsakor. Begirada oso serioa zuen –. Barrura sartu behar dut. Ez dakit…
Haize-bolada bortitz eta hotz batek jo gintuen.
Iruditu zitzaidan aitona gugatik zela beldur, eta damuturik zela gu hara hurbildu izanaz. Eremuan sartu egin nahi zuen, baina ez gintuen arriskuan jarri nahi…
Ezin izan nintzen isildu:
- Aitona, hainbeste jendarme ate aurrean… Ezin al dute lagundu?
Aitonak esku bat pasatu zuen bere buru soiletik:
- Ai, Alar. Oker ez banabil, guk geuk konpondu beharko dugu, konpondu beharrekoa…
Aitonak ez zigun besterik azaldu, eta Kaiet eta biok jakin-minez eta urduritasunez lagundu genion bidean gora, Abbadia Eremua inguratzen zuen goiko ertzerantz.
Fernando Morillo