"Zantxo Azkarra" pastorala - Gotaine (1963)

Irudi hauek Zuberoako Gotaine herrian filmatu zituzten Hélène eta Jean-Michel Guilcher-ek 1963an. Uztailaren 28an eta abuztuaren 4an jokatu zuten gotaindarrek Nafarroako errege Zantxo Azkarraren bizitza gogoratzeko pastorala eta filmeak egun horietako irudiak erakusten dizkigu, batzuk zuri-beltzean eta beste batzuk koloretan.
"Zantxo Azkarra" pastorala - Gotaine (1963)
"Zantxo Azkarra" pastorala - Gotaine (1963) © Jean-Michel Guilcher funtsa

Pierre Bordazarre Etxahun Irurik idatzirik, Marcelin Hegiaphal-ek egin zituen errejent lanak eta Arnaud Lougarot-ek sujetarenak (Zantxo Azkarraren rola, alegia).

"Zantxo Azkarra" pastorala: Satanen errepikak - Gotaine (1963) - Oharra: bideoa mutua da.

 

  • 00:23 - Satanen dantza batekin abiatzen da filmazioa. Justuki, dantzariak ez ziren gotaindarrak izan. Hiru izan ziren: Allandu Bordazarre-Etxahün (Iruri), Beñat Patalagoiti-Bidalun (Altzai) eta Zunharretako Houret abizeneko dantzaria. Lehen satan-dantza baten bukaera erakusten dute irudiek frijat dobleekin. Ondotik, beste satan-dantza osoago bat erakusten digute atzetik hartutako filmak. AA-BB egiturako dantza egiten dute:

    - Pas Francaise trompé - Frijat berestia (x2) x 2
    - Antrixat herrestan eta 2 antrexat (x4)

Mozketa bat gertatzen da beste satan-dantza baten irudiak agertzen zaizkigu bat-batean. Antrexatak airean, frijat bakunak eta itzul-inguruak egiten dituzte gibelera dantzariek bi frijat dobleekin bukatu aitzin. Bürgüburüren puntua izan daitekeela iruditu zaigu.

  • 01:01 - Jean Michel Guilcher ez den beste kameralari bat agertzen da irudietan —Jean Pierre Gestin zinemagile bretoindarra izan daiteke, Guilchertarrak laguntzera etorri baitzen Gotainera— beste kamera batekin pastorala grabatzen. Ehiztari ehizatua. Hartualdi berean Turkoen irteera bat ikusten dugu. Arizale bakoitzak besoak eta zangoak mugitzen dituen deabruaren panpina agurtzen dute beso zein makilekin. Pastoraleko beste zenbait jelkaldietako irudiak ikusten ahalko ditugu gero.
  • 01:40 - Beste satan-dantza baten irudiak. Antrixat herrestan eta antrixat arruntak eginez aurreratzen dira dantzariak. Mozketa bat gertatzen da, baina aldetaranzko urratsak ere ikus ditzakegu: zeina, antrixat, frijat bakuna, tombé, frijat berestia… Grabazioaren beste mozketa batek ez digu aldairaren bukaera ikusten uzten. Satan-dantza berri baten irudiak ikus ditzakegu ordea: Barrikadako urratsa + Farusak gibelera… Irudia moztu egiten da berriz.
  • 02:07 - Pastoraleko beste joko bat agertzen zaigu.
  • 02:24 - Beste satan-dantza baten irudiak. Hauek ere moztuta ageri zaizkigu eta ezin ditugu puntu aldairak osorik ikusi. Besteetan bezala AABB egiturako 8 puntuko esaldiak osatzen dituzte printzipiozko puntuekin. Bigarren satan-dantza baten azken partea ere ikus dezakegu mozketaren ondotik.
  • 02:56 - Pastoraleko beste hainbat jelkaldiren irudiak erakusten zaizkigu. Turkoen bat, Turko eta Kristien beste bat.
  • 4:06 - Bi aldeen arteko batailaren irudi iheskor bat agertzen zaigu, maiz Nafarroako Behereko "Euskaldunak"-en doinuarekin egiten dena, eta halako dantza sinpletzat ere har dezakeguna. Jokalariak trostan aitzinatzen eta gibeltzen dira, aldeetako batek bataila irabazten duen arte.
  • 04:37 - Beste satan-dantza baten irudiak ikus ditzakegu orain, kasu honetan aurretik hartuak. Herrestan egindako antrixatekin aurreratzen dira dantzariak. Lehenago, atzekaldetik hartutako satan-dantza baten (01:40) aldaera bera da.
  • 04:56 - Pastoraleko koloretako irudiak ikusten ditugu oraingoan - Ez dugu argi egun berean bigarren kamera batekin grabatutako irudiak ote diren edo bigarren pastoral eguneko irudiak izan daitezkeen. Pastoral aitzineko desfile edo kabalkadaren irudiak ikus ditzakegu aurrenik. Arnaud Lougarot da zaldi gainean, lehena. Ondotik lerro banatan arizale kristauak (urdinez) eta turkoak (gorriz). Herri barneko eta errepide nagusitik doazeneko irudiak ikus ditzakegu. Karroxa batean doaz apaiz eta aingeruak eta artzainen ardi saldoa ere ikus dezakegu ondotik.
  • 05:43 - Pastorala hasten deneko irudiak. Bi bandoak eszenara sartzen, eta elkar agurtzen ageri dira. Aitzin predikuko irudiak ere ikusten ahal ditugu, urrun samarretik hartuak.
  • 06:49 - Hiru satanak agertzen zaizkigu, galtza horiz eta jaka gorriz jantziak, lehen satan-dantza bat emanez. Irudiak moztuak dira eta ezin puntu segidari arrastorik hartu, bukaerako bi frijat dobleei ez bada. Hemendik aurrera, pastoral jokoa, satan puntuen plano laburrekin tartekatuz doaz hainbat minutuz.
  • 07:52 - Kristien eta Turkoen arteko bataila ikus dezakegu, ez osorik baina zuri beltzezko irudietan baino xehetasun handiagoz. Ondotik, berriz ere hainbat jelkadietako jokoak satan-dantzen pasarte laburrekin tartekatuz doaz.
  • 09:33 - Satan-dantza baten plano luzexeagoa eskaintzen digu oraingoan filmak.
    Hiru satanek honako segida egiten dute:

    - Pas mignon eta moucheté
    - Tombé - entrexat eta moucheté

Satanaren irudiak moztu eta jelkaldietakoek hartzen dute segida. 

  • 12:02 Satan-dantza berriz ere. 

    - Pas français - moucheté eta entrexat
    - Bi entrexat + tombé (x4)

Irudiak salto egiten du.

- Pas français gibelera - moucheté eta bi entrexat
- Frijat dobleak

Pastoral jokoak jarraitzen du. Makilaren kolpez neurturako promenatzeak eta batailak ageri dira pasarte honetan. 

  • 13:29 - Kristau eta turkuen arteko bataila ia bere osotasunean ageri da.
  • 15:05 - Pastorala bukatzen ari da eta oraindik ere satan-dantza baten irudi laburrak ikusten ahalko ditugu. Zuri beltzezko irudietan ikusi dugunez, antrexat herrestanekin aurreratzen dira oraingoan ere eta ondotik, moucheté, antrexat eta frijat bakuna egiten dute aldeetara. Irudia mozten da une batez eta lehenago ere ikusi dugun barrikada hausteko urratsa eta farusak eginez, —dagozkion bi frijat dobleekin—amaitzen dute haien azken agerpena.
  • 15:29 - Pastoraleko sortida edo amaierako irteeraren eta azken predikuaren irudiekin bukatzen da dokumentu luze hau. 

Gehiago jakin

  • Guilcher bilduma 015. "Zantxo Azkarra" pastorala - Gotaine (1963)
  • Ikus ere "Zantxo azkarra" pastorala (1963) - Kanaldude.eus
  • Irudien azterketa eta testuaren erredakzioa: Aritz Ibañez - Euskokultur fundazioa

Guilcher familiak haien gurasoak bildutako ondarea Euskal kultur erakundearen eta Dantzan elkartearen esku uzteari esker altxor eder hau euskal dantzaren maitaleen esku jartzeko aukera izan da. Irudien ikerketa, erredakzioa eta sareratzeko prestaketa-lanak Euskal Kultur Erakundeak eta Dantzan elkarteak finantzatuak izan dira.