Erritualetatik dantza taldeetara
Ezpata-dantzak, trokeo-dantzak, borobileko-dantzak eta soka-dantzak dantza-molde zabalduak izan dira XVI. mendetik aurrera Euskal Herrian. Erritual, protokolo, ospakizun berezi, Corpus Christi, San Joan eta tokian tokiko santutegiaren araberako jai egun handienetan ezpata-dantzak izar distiratsuak usu egin dira.
Erritualaren ondoko festan zein iganderoko olgetan, soka-dantzak eta borobileko dantzak, dantza-jauziak adibidez, dantzatzeko zaletasuna izan dute euskaldunek.
Mugimendu erromantikoak lehenengo, eta nazionalismoak ondoren, nekazal gizartearen krisiaren ondorioz bertan behera geratzen ari ziren musika eta dantza moldeak sustatzeko joera hartu zuten. XIX. mende bukaeran eta XX.aren hasieran Euskal Festek desagertze bidean antzematen zen kultura tradizionalaren ale batzuk apartatu eta ez-ohizko ospakizun programa batean aurkezten zituzten. Lehiaketak edo primakak ugaritu ziren, eta Zuberoako aitzindariek edo Lapurdi eta Nafarroa Behereko dantzari trebeek beren gaitasunak jendaurrean erakutsi eta ohoratuak izateko aukera zuten.
Europa osoa korritu berri zuten Errusiar Ballet folklorikoek harridura eta emozio arrasto sakonak utziak zituzten. Euskal musika eta dantzak lehengai bikainak izanik, eszenaratze eta balletizazio joerak baliatuz beste horrenbeste egiteko batu ziren hainbat ekintzaile. Segundo Olaetak Elai-alai taldea sortu zuen Gernikan 1927an, eta urtebete beranduago, Saski Naski ikuskizuna aurkeztu zen Donostian, Orfeoiko kantariak, Orkestra sinfonikoa, eta Donostia, Berriz, Izpura eta Atharratzeko dantzariek parte hartu zutelarik.
Gerlek (I eta II. Mundu Gerlak, eta Espainiako Gerla zibila) gogor kolpatu zuten Euskal Herria XX. Mendean, eta dantzari aunitzek bizitza galtzeaz gain, dantzarako bizi-poza ere leundu zuten. Espainiako Gerra Zibilak erdian, Eusko Jaurlaritzak enbaxada koreografiko eta musikala antolatu zuen: Eresoinka. Gerra zelai kultural eta komunikatiboan jokatzeko asmoarekin, euskal kantari, musikari, sortzaile eta dantzari talde handi bat bildu zuen Jaurlaritzak, eta Saran prestaketa lanak burututa besteak beste Paris, Brussela, Amsterdam, La Haya, Rotterdam edo Londres-en eskaini zituen emanaldiak.
Gerra galduta, hegoaldera itzuli ezinda aurkitu ziren Eresoinka eta Elai-Alaiko dantzariak, eta batzuk Lapurdin ezarrita, eta beste batzuk artista-nomada bihurtuta Hego Ameriketan birak eginez segi zioten euskal kultura eta dantza lau haizetara zabaltzeko lanari. Dantza klasikoan trebatu eta euskal dantza tradizionalak eszenaratzeko eredu akademiko-errusiarra jorratzen jarraitu zuten. Hazi horretatik ernaldu ziren ondoko hamarkadetan XX. mendeko euskal dantzaren hainbat ekimen. Schola Cantorum eta Kresala Donostian, edo Oldarra eta Etorki Lapurdin besteak beste.