1960ko hamarkadatik hona

60ko hamarkadan euskal kulturaren zuzperraldia eragin zuen Jorge Oteizak akuilatutako Arte Garaikidearen Euskal Eskolak, eta haren ondotik musikan Ez dok hamairuk lurrikara eragin zuen bezala, dantza jarduerak errotik irauli zituen Argia dantzari taldeak.

Argia taldea (1971 - Javier Garayalde)
Argia taldea (1971 - Javier Garayalde)
Juan Antonio Urbeltzen gidaritzapean, dantza tradizionalen erroak ikertu, tokian tokiko folklore bilketa lana abiatu, eta ondare koreografiko tradizionala balioztatu, berreskuratu eta birsortzeko olatu handi bati eragin zitzaion.

Euskal kulturaren erroak bilatu eta horietan oinarrituz dantzak eta musikak berriztatu eta birsortzeari heldu zitzazkion hainbat talde. Adibidez, Bizkaiko eta Nafarroako folklorea zorrotz ikertu zuen Galdakaoko Andra Marik edo Nafarroa goitik behera korritu zuen Iruñeko Ortzadarrek. Euskal Dantzarien Biltzarrak tokian-tokiko dantzak babestu eta bultzatzeko irizpidea bere egin zuen, herri eta hirietako dantza taldeei pizgarriak ematearekin batera.

Aldi berean, dantza tradizionala balletarekin uztartzeko ahaleginek aurrera segi dute, eta euskal dantzak eszenaratze eredu erromantiko eta estilizatuen bidez antzokiratzen segi dute zenbait taldek Olaeta, Oldarra, Schola Cantorum eta Etorkiren ereduei jarraituz. Aipatzekoak dira multzo honetan Felipe Oihanburu, Koldo Zabala edo Gene Yurre, hurrenez hurren Etorki, Oldarra eta Kresala taldeekin lan egin dutenak. Dantzakera estilizatu horren gaur egungo aldaera Edu Muruamendiaraz eta Aukera taldeak ekarri du, eta bide beretsutik etorri da Jon Mayaren Kukai taldea, biek ere euskal dantza eta dantza garaikidearen arteko loturak enseiatzen ari direnak, aurretik besteak beste Mizel Theret-ek jorratua duen eremuan.

Nekazari eta herrietako gizon-emakume arrunten dantzakera eredu hartuta, dantza estilo indartsu bezain xaloa, eta plazaren eta eszenatokiaren arteko hurbilketa bilatzen du Argia dantzari taldeak abiatu, eta besteak beste Elai-Alai, Andra Mari, Maritzuli, Ortzadar edo Duguna taldeek lantzen duten bideak. Pierre Betelu eta Claude Iruretagoienak egindako ekarpenak lan hildo honetan kokatzen dira.