Historia laburra
Euskaldunak Auñamendien bi alboetara kantuz eta dantzaz bizi den herria, dantza klasikoaren sortzaileak, eta euskaldunon dantzarako zaletasuna erakusten duten zenbait aipu, erabiliaren erabiliaz, topiko bihurtu ditugu.
Europako dantza tradizionalen testuinguru aberatsean, ezaugarri komunak eta bereizleak ditu euskal dantzak. Festa-egutegia, neguko eske errondak, mozorroen arketipoak, inauterien ospakizun egiturak edo genero koreografikoak aintzat hartuz, Europako mendebalde osoa hartzen duen dantza, musika, festa eta tradizioen familia handi baten lehengusu-lehengusinak garela ohar gaitezke. Kultura tradizional zabal eta aberats bat konpartitzen dugu, nahiz eta nork bere ezaugarri propioak ere baditugun. Bereizgarri horietako batzuk asko indartu ditu euskal dantzak XX. mendean eta ondorioz, erabat desberdinak garela sinestera iritsi gara.
Gizarte mediatiko eta globalizatuan, moda eta periferia konplexuen eraginez, berdintzeko, homogeneizatzeko indarrak nagusi dira. Horien aurrean, desberdintasunak, bereizle markak, nortasunari eusteko defentsak bilakatzen dira. Tradiziozko dantzek herrien nortasun bereziak irudikatzeko funtzioa bereganatu dute. Berritzearen zoroak liluratzen gaitu, baina sustraietara itzultzen gara behin eta berriz, uniformitatearen itsasoan bereiztuko gaituen ezaugarrien bila.