Trokeo-dantzak

Katean egindako ezpata-dantzez bestalde badira beste egitura bati erantzuten dioten ezpata-dantzak. Trokeo-dantzen artean sailkatuko ditugunak dira.

Trokeo-dantzak, Berrizen (Dantzari-Dantza - 2006 - Oier Araolaza / dantzan.com - CC-BY-SA)
Trokeo-dantzak, Berrizen (Dantzari-Dantza - 2006 - Oier Araolaza / dantzan.com - CC-BY-SA)
Zortzi dantzari, bi lerrotan antolatuta eta makila, ezpata, brokel, uztai edo dantzarako tresnaren bat eskuan dutela egiten diren dantzek osatzen dute trokeo-dantzen multzoa. Talde osaketa horretatik abiatuta, dantzariek postuak elkarren artean trukatuko dituzte dantzan zehar. Toki aldaketa edo truke horrek ematen dio izena sortari, trokeo-dantzari. Truke horietan, urrats bereziak dantzatu, edo eskuetan dituzten tresnak elkar-kolpatuz aritzen dira.

Durangaldeko dantzari-dantza edo ezpata-dantza da multzo honetako dantza sorta ezagunenetakoa. Ezpatak eta makilak txandakatzen dituzte, eta artazi edo ostiko indartsuek, eta gurpil edo grabileta biziek eman dituzte ezagutzera. Agintarienarekin hasi eta zortzinangoa, banangoa, binangoa, launangoa, ezpata joko txikia, ezpata joko nagusia, makil-dantza eta txotxongiloarekin osatzen da Durangaldeko dantzari-dantza. Berrizen San Pedro jaietan, Iurretan San Migeletan, Garain Santiago jaietan edo Abadiñon San Trokazetan ikusi ahal izaten dira herriko dantzarien emanaldietan dantza hauek.

Gipuzkoan, brokel-dantzaren zikloan zortzikoak urrats neurtu eta garbiekin dantzatzen dira, eta ondoren makil handi, makil txiki, uztai handi, uztai txiki, brokel eta zinta-makila erabiltzen dira tresnen jokoak egiteko.

Goierriko dantza-maisuek herrialde osora zabaldu zuten brokel-dantza, baina badira zenbait herri sorta bereziak egiten dituztenak, Antzuolan Mairuaren alardean edo Berastegin San Juan Iantzetan adibidez. Arabako Errioxan Eltziego edo Guardian trokeo-dantzak egiten dira, eta Villabuenan eta Oyon-en XX. menderarte egin izan dira.