Soka-dantzak
Ezpata-dantzen eta trokeo-dantzen emanaldien bukaeran, ohikoa izaten da aurreskua edo soka-dantza egitea. Beste dantzaren beharrik gabe ere, bere baitan, ematen da maiz.
Garai batean erromeria eta dantzaldi irekietan ohikoak ziren soka-dantzak erritualizatuta ageri zaizkigu gehienetan gaur egun. Aurreskua, dantza-soka, gizon-dantza, karrika-dantza, esku-dantza, erregelak eta tokian-tokiko beste hainbat izenekin izendatzen da soka-dantza. Mediterraniar isuraldian ingurutxoak dira soka-dantzen baliokideak, bikoteka dantzatzen diren zirkulo irekiko dantzak.
Soka-dantzan, dantzariek elkarri eskuak emanda kate edo soka bat osatzen dute eta horrela plazaratzen dira, ordulariaren kontrako norabidean biratuz. Sokaren buru egiten duen dantzaria, aurreskua –aurreko eskua– izenekoak garrantzia berezia izaten du soka-dantzan. Sokaren beste muturrean, azken tokian, atzeskua izaten da. Bien artean gidatzen dituzte taldearen joan-etorriak, eta aurreskuak eta atzeskuak dantzatzen dituzte dantzaren bakarkako erakustaldi gehienak. Hain zuzen ere, aurreskuak soka-dantzan egiten dituen dantza horiek dira testuinguru horretatik atera, eta XX. mendeko azken herenean, edozein ekitaldi, omenaldi, protokolo, ongietorri edo inaugurazioetan ohorezko dantza bezala zabaldu direnak.
Aurreskua ohorezko agerpen indibidual bezala hedatu bada ere, soka-dantzak bere izaera kolektiboari eutsi dio. Bakarlariek gidatzen eta dantzatzen dute nagusiki, baina taldea da dantza esanahiz betetzen duena. Elkarri eskutik emanda plazaratzen den dantzari multzoak batasun irudia, elkartzeko eta eskutik helduta dantza egiteko gaitasuna transmititzen du. Luzaroan erromerietan agintarien ohoretarako zein herritarren olgetarako dantzatzen ziren soka-dantzak, baina XXI. mendera iritsitako soka-dantza gehienak testuinguru erritual eta protokolarioetan dantzatzen dira.
Dantza tradizionalen tokian-tokiko emanaldi gehienak soka-dantzekin borobiltzeko ohitura zabaldua dago. Ezpata-dantzak, trokeo-dantzak eta baita inauteri dantzetan ere ohikoak izaten dira soka-dantzak. San Joan egunaren inguruko ospakizunetan ere ohikoak dira soka-dantzak, bezperan suaren aurretik edo ondoren, eta egunean bertan festa egun handiko ohoreekin. Tokian tokiko jai egun handietan dantza taldeek, udal agintariek, auzo elkarteetako ordezkariek, gazteek edo ezkonduek beren soka-dantzak plazaratzeko ohitura dute herri askotan.
Gizonezkoek plazaratzen dituzte soka-dantza gehienak gaur egun, baina garai bateko dokumentazioak erakusten duenez, ohikoa zen emakumeek beren sokak plazaratzea, eta Garai edo Lekeitio moduko eredu zaharrei jarraituz, zenbait herritan emakumeen soka-dantzak berreskuratzen ari dira.