Ezpata-dantzak
Maiatzaren 3an, Santa Kurutz egunean, herriko jai egun handian, ezpata-dantzak erakartzen du legazpiarren atentzioa. Ezpata-dantzen aroa hasten da Legazpian, eta ondoko asteetan hainbat herritan izango dira ezpata-dantzak: Donostian, Zumarragan, Tolosan, Markina-Xemeinen, Deban, Lesakan, Beran.
Azken urteotan beste zenbait herritan hasi dira beren ezpata-dantzak egiten aipatutakoen egiturak imitatuz, eta beraz, Elgoibarren, Eibarren, Beasainen, Iruñean, Añorgan edo Andoainen ere egiten dira ezpata-dantzak gaur egun.
Ezpatak darabiltzate dantzariek, baina ez elkarrekin borroka egiteko. Europako beste hainbat eskualdetan ezaguna den hilt and point edo helduleku eta punta ezpata-dantza estiloan aritzen dira. Horrek esan nahi du, dantzari bakoitzak ezpata bat kirtenetik hartzen duela eta beste ezpata bat puntatik. Horrela, dantzariek, ezpaten muturrak elkarri emanez kate bat osatzen dute. Ezpata-dantzariak izenarekin ezagutzen dira gehienak, baina zenbaitek ez darabilte benetako ezpatarik ere. Deban eta Lesakan koloretako xingolaz apaindutako makilak darabiltzate, Tolosan alabardak, eta Beran sokak.
Ezpatak metro-betetik gorako luzerakoak izan ohi dira. Euskaraz bi eskuko ezpatak direla esaten da, haien pisu eta tamainagatik bi eskuak erabili behar izaten baitira. Taldea ezpata horien bidez elkarlotuta, bi edo lau lerrotan antolatu eta buruzagi batek lotzen ditu aurrean lerro guztiak. Buruzagia, dantza-maisua, gidaria edo maisu zaharraren aginduetara mugitzen da taldea, eta zenbait figura koreografiko egiten dira ezpatak askatu gabe. Zubiak egiterakoan buruzagiak bira erdi egin eta atzeranzko norabidea hartzen du, berarekin aurrealdeko dantzariak eramanez, ezpatak altxatu eta gainontzeko dantzarien buru gainetik pasaz. Atzetik datozenek gauza bera egiten dute, talde osoa zubitik pasa eta atzera begira geratzen den arte. Zubi hauek lerroak txandakatuz edo denak batera egin daitezke, eta zenbait tokitan, Deban adibidez, azpitik ere egiten dira, dantzari guztiak ezpaten gainetik salto egitera behartuz.
Zubiak dira euskal ezpata-dantzetan ageri zaizkigun egitura koreografiko arruntenak. Ganbaradun arkuak ere egiten dira, ohorezko pasabidea eskainiz agintari eta omenduei. Arrosak ere egiten dira bi ezpata-dantzatan, Xemeinen eta Legazpian. Dantzariek ezpatak elkar-gurutzatuz izar erako egitura borobila osatzen dute eta maisu zaharra altxatzen dute bertan.
Aipatutako egitura koreografikoak arruntak dira Espainia, Frantzia, Ingalaterra, Austria, Italia edo Alemaniako ezpata-dantzetan, baina bada ezaugarri bat euskal ezpata-dantzak bereizten dituena. Bakarlariak elkar-lotuta dagoen taldetik aske izaten dira eta bina ezpata txikirekin beraien erakustaldia egiten dute taldearen aurrean.
Ezpata-dantzari hauen dantzetan jauziak, muriskak, oin-altxatzeak eta bestelako urrats indartsuak izaten dira. Ezpatak batera eta bestera biraraziz egindako mugimendu bihurrekin borobiltzen dituzte beraien emanaldiak.