Nafarroako inauteriak
Ihoteak, inauteak, inauteriak, karnabalak edo aratusteak non, dantzak han izaten dira neguan. Nafarroako iparraldean inauteriak bizi-bizi dira gaur egun ere, eta eskean ateratzen diren gazte taldeak ugari dira eta dantzarako prest gehienetan.
Euskal inauteriaren beraren sinboloetako bat bihurtu da Lantzekoa, eta ez alperrik, mozorro festa eta konpartsaren aberastasuna ez-ohikoak baitira. Errementariek edonor izutu eta ferratuko dute oharkabean, txatxoen oihu eta joan-etorriak batetik, zaldikoaren jauzi eta ostikoak bestetik, ziripot handiaren oreka arazoak, eta Miel Otxin, epaitua eta heriotzera kondenatua den gaizkilearen trajeria, dena nahasian ageri da Lantzen. Plazara iritsi eta zortzikoa dantzatuko dute guztiek txistulariaren doinura.
Inaute asteartea dantzan bizi da urtero, bai Lantzen eta bai beste hainbat herritan (adibidez Iturengo eta Zubietako inauterietan).