Euskal dantza
Euskaldunok gure kulturarekiko erakutsi dugun maitasunari esker, ohiturazko dantza errepertorio aberats eta ikusgarria gorde dugu, eta gizarte aldaketei egokitu ahal izateko bere burua berritzen asmatu du.
Ohiko festa egutegian txertatuta, ikuskizun programazioan integratuta edo gizarte mediatikoaren protokolo beharrei erantzunez, dantza bizi-bizi dago euskal kulturaren egunerokoan.
Kultura guztietan dantzatzen dira emakume eta gizonak, eta euskaldunek ere badute dantzarako sena, gorputza musikarekin astintzeko premia.
Gizarte guztietan, ahozko hizkuntzarekin batera, bada beste lengoaia bat komunikatzeko, sentitzeko, adierazteko, konpartitzeko, bizitzeko azken batean, erabiltzen duguna: dantza.
Gorputza patroi erritmikoen arabera mugimenduan jarri eta, hitz egiteko beharrik gabe, komunikazioaren txinparta pizten da.
Dantzarako zaletasun horrek tokian tokiko festak, ospakizunak eta erritoak dantzaz betetzen ditu gaur egun ere.
Oier Araolaza Arrieta antropologoak lagundu gaitu ohiko euskal dantzaren txosten hau osatzen. Honen gehigarri gisa beste hainbat baliabide eskuragarri daude.
Txostenaren zati nagusiak
- Ohiko dantzaren inguruko galdera eta erantzunak
- Euskal dantzaren historia laburra
- Dantza egutegian
- Ohiko dantzaren hitzordu nagusiak Euskal Herrian, hilabetez hilabete
Baliabide osagarriak
Euskal dantza
Etxepare Institutuak Oier Araolazak idatzitako "Euskal dantza"liburuxka argitaratu du bertsio numeriko elebidun batean, euskaraz eta frantsesez. Edizio berezi hau dohainik deskarga daiteke PDF formatuan.
Dantzaz ele
Euskal dantzaren Ipar Euskal Herriko hainbat eragile elkarrizketatu ditugu. Elkarrizketen artxiboak kontsultagarri dira. Bestalde, anitz dira Mintzoak ahozko memoriaren atarian gorderik diren dantzari buruzko lekukotasunak (EKE-k 2012tik 2017ra, Eleketa programaren baitan bilduak).
SOKA erakusketaren datu-basea
Euskal kultur erakundeak 2015ean ekoiztu zuen "SOKA, euskal dantzaren urratsetan" erakusketa ibiltarian erakutsi 440 dokumentuen datu-basea (irudiak, testuak, bideoak, soinuak) kontsultagarri dago.