XILABA 2008

Gertakari historikoa 2008ko udazkenean iragan zen hura, lehen aldikoz Iparraldeko bertsulariek beren lurraldeko xapelketa batean kantatzeko parada ukan baitzuten.

2008ko Xilaba - Finalaren afitxa
2008ko Xilaba - Finalaren afitxa
Ahaztezina askorentzat, izan  antolakuntzan Bertsularien Lagunak elkartearekin parte hartu zuten guztientzat, ala 16 bertsularientzat: Gillen Hiribarren, Kristiñe Txoperena, Xumai Murua, Xan Alkhat, Sustrai Colina, Maddalen Arzallus, Patxi Iriart, Mixel Aire "Xalbador II", Odei Barroso, Amets Arzallus, Mizel Mateo, Karlos Aizpurua, Miren Artetxe, Ekhi Erremundegi, Eneritz Zabaleta eta Egoitz Zelaia.

Apustu bat

Kanporaketak hiru lurralde historikoetan jokatu ziren: Donibane Garazin, Luhuson, Urdiñarben eta finala Donibane Lohizuneko Jai-Alaian. Kanporaketetan 200 eta 300tik gora bertsuzale bildu ziren, finalean aldiz 1500 inguru. Joana Itzaina Bertsularien Lagunak elkarteburuak dio: "Arrakasta handia ukan zuen Donibane Lohizuneko finalak... Bertsuzale anitz bildu zen, baita bertsuzale berriak ere... Bertsulariek maila ona erakutsi zuten eta Ipar Euskal Herrian bertsularitza indartsu dagoela frogatu zen. Apustu bat zen Ipar Euskal Herriko lehen bertsulari txapelketa. Eta lehen aldiak beldurra sor badezake ere , ezin hobeki iragan da dena".

Txapeldun Amets Arzallus, txapeldunorde Sustrai Colina. Santi Iparragirrek Amets Arzallusi txapela jantzi ziolarik erran zion "zortziek merezi zutela xapela baina krisi garaian zeudela".