Xiberoa
Zuberoak ere, bere bertsulariak edo koblakariak ukan ditu eta ez nolanahikoak.
Herri berekoa, Pierre Topet- Etxahun (1786-1862) orduko "olerkari madarikatua", Euskal Herriko bertsulari-olerkari kantatuena dugu. Kondairetako pertsonaia horren bertsuek gaitzeko samintasuna dakarte.
Jan Battitt Constantin Bordaxar "Joanes Garaztarra" (1847-1922) erakaslea zen. Lapurdin Lehuntzen sortua, Donibane Garazi aldean egona, bere biziki zati handiena Xiberoan iragan du. Euskaraz gain, lau hizkuntza menperatzen zituen: frantsesa, latina, espainola eta okzitanoa. Bertsutako lanik handiena xiberotar mintzairan egin du. Jean Elissalde "Zerbitzari"-k honela aurkezten du:
Xuberotik ari da Joanes Garaztarra
Mende zaharretako euskaldun zaharra
Herria kantatzeko horrek duen karra
Ote da bertsulari Xuberon bakarra
Luzien Villeneuve "Soholuztarra" (Atharratzeko auzo baten izenez deitua) (1852-1934) atharraztarra, familia noble baten semea, bertsu idazle bezala ezagutua zen.
Larraineko Louis Ligueix, goiz zendua, arrunt bestelakoa zen. Goxoa eta jendakina, "Kantuz, kanta, kantore" liburuttoan agertu kantuek haren sendimenduen berri ematen digute.
XX. mendearen hastapenean, Ohitx eta Borthiri-Sala bertsutan ari ziren oraino Xiberuan. Iruriko Pierre Bordaçarre-Etxahun (1905-1979), bederatzi pastoralen eta kantu anitzen egilea, koblakaria ere zen.