Lapurdi
Hazparne, Sara, Senpere eta Urruña, hala nola Kanbo, Ezpeleta eta Luhuso maiz aipatuak dira Lapurdiko bertsularitzaren historian.
Jean-Pierre Larralde "Panpale" (1886-1945) arotza zen Luhuson. Bertsulari nekaezin eta emankor honek desagertzear zegoen ohidura hori berpiztu du. Iparraldeko plazetan asko ibili den koblaria (herriko bestak, toberak, azokak, etab.). Kantukide izan zituen Goienetxe, Matxin eta berantago Liguex xiberotarra. Berantago oraino, Mattin aheztarraren maisuetarik bat izan zen.
Martin Larralde "Bordaxuri", 1815eko Galerianoaren kantua-ren egilea, hazpandarra zen. Bere osaba Bernard Larralde (1771-1853) eta honen semea, Jean-Baptiste Larralde medikua (1804-1870) bertsulariak ziren ere.
Hazparne inguruan, XIX. mendean, bertsularitzak garrantzi handia zuen. Bertsuak jende aitzinean ematen ziren eta idazten. Bestalde, Hazparnen gizon eta emazte bertsulari bat baino gehiago baziren.
Iribarnegaray "Xetre"-ren izena denen gogoan gelditua da. Bertsulari hori agertzen zen maiz bikain ari zen Bidarraiko Otxalderekin. Bestalde, Durruty-Xuberri, Katxo, Joanes Urruna-Daguerre, Gaxte Leon, Amespil-Patrun, Larramendy- Ebasun, Iriart-Iturrilo eta Munonborda hor ziren; denek bertsuak baino zirtoak ematen zituzten jendarteko gaietan inspirazioa hartuz, bereziki gizon-emazteen arteko harremanetan.
Jose Mendiague-k, Hazparnen egon zen aldudarrak, Montevideora joan behar izan zuen biziaren irabazteko. Haren bertsuak ederki idatziak dira, bere kantuetan arrakastatsuena Kantuz sortu naiz delarik. 2012an, Arrokiagan eman pastorala Mendiague eta euskal emigrazioa du aipagai.
Bestalde, bi emazte anitz aipatu dira: Kanboko Marie Hargain eta Hazparneko Mariana Etchegaray, ''Aña Debrua'' deitua. Marie Hargain-ek ez zekien ez irakurtzen ez idazten. Alta, bertsuak idazten zizkion lagun batekin lehiaketa ezberdinetan parte hartu zuen. Lehen saria irabazi zuen Ezpeletan. Gaia honako hau zen : "senar-emazte eguneroko bizian". Bi emazteak ainitzetan galdetuak ziren ezkontzen, bataioen eta herriko besten alaitzeko.
Urruñan, Jolimon de Haraneder eta Halsouet ''Tipi'' ezagutzen ditugu, azken hau Dama gazte xarmant bat-en idazlea.
Saran, aipatzekoak dira sari batzu eraman dituen Bergez eta bereziki Jean-Baptiste Elissanburu Ikusten duzu goizean kantu ospetsuaren egilea. Haatik, Elissanburuk ez du sekulan bertsurik eskaini publiko aitzinean. Baina pertsonalki ezagutu duen Jean Ithurriague-ren arabera Lapurdiko bertsularietan hoberena Martin Irabola "Matxin" senpertarra zen. Ez zekien ez irakurtzen ez idazten baina olerkari paregabea zen. Matxin biziki bertsulari ospetsua zen, ez bakarrik Ipar Euskal Herrian, baina hegoaldean ere. Handik deitua zen besta garrantzitsu bat egiten zen aldi guziz : hala nola, Panpale Larralderekin lehian ikusi dugu Donostiako txapelketan, 1935ean. (...). Bigarren saria lortu zuen Basarri-ren ondotik.
Beste bertsulari ospetsu bat, 1981ean zendua, Mattin Trecu aheztarra zen. Tipia, aurpegi alaia, jostakina, bere so zorrotzak ñirñir egiten zuen "arerioak" nagusitu nahi zituelarik. Hitz-jario agortezina zuen eta Xalbador handiarekin bikote perfektua osatzen zuten.
Luzaz, Manuel Sein "Xanpun" sortzez senpertarra, Dominique Ezponda (Ahetzen bizi den baxenabartarra), eta Fermin Mihura azkaindarra Lapurdiko ordezkari bakarrak izan dira 1980-1990 urteetan.
Zorionez, Bertsularien Lagunak elkartearen eraginez, bertsu eskolak sortu dira eta loratu. 2013an Euskal Herriko Txapelketa Nagusian Amets Arzallus hendaiarrak lehen aldikoz historian Txapela irabazi du, Iparraldeko bertsularitzaren artizarra bilakatuz.