Esperantzarik gabeko amodioa
Amodioa gauza tristea, bihotzen higatzailea,
guziz enea bezala bada esperantzarik gabea.
Gizonarentzat hau baino malur handiagorik badea ?
Ikusten eta ezin eskura maitatzen duen lorea !...
Hunela bizi baino aunitzez hobe litaike hiltzea !
O, Jainko ona, zendako bada egin nauzu hoin maluros,
begien bixtan izar eder bat ezarri dautazulakotz,
ikus orduko maite nuena nik ditutan indar oroz ?
Harek ordainez ez du enetzat ez begi eta ez bihotz...
Nehoiz ikusi izan ez banu hobeko nuen ondikotz!
Oi, ene maite ezin ukana, zoin zaren xarmegarria !
Maite dut zure begitartea, maite zure boz eztia,
halaber zure irri gozoa, zure izaite guzia ;
zuretzat baizik ez dut begirik, zare ene iguzkia,
gau eta egun zuri pentsatzen deramat ene bizia.
Martxoko hormak galduko duen lore pollit goiztiarra,
ta eihartzerat bortxatua den aizeak hautsi abarra :
ene bihotza ez ditaikea gauza horier konpara ?
Nehoiz enea ez da izanen maitatzen dutan izarra,
hortaz oroituz maiz etortzen zaut nigarra begietara.
Aitortzen dautzut, ene maitea, goiz aski banakiela
etzintaizkela enea izan, bertze batentzat zinela ;
bainan halere maitatu zaitut, ez bainezaken bertzela ;
ene bihotza, bizi naizeno, izanen zaizu fidela,
zuretzat bizi ez banitaike, zuretzat hil nadiela !