Olerkari madarikatua eta besteak...
Zuberoak ere, bere bertsulariak ukan ditu eta ez nolanahikoak. XVIII. mendean Beñat Mardo, gaur egun oraino famatuak diren bederen hiru kanturen asmatzailea izan da. Zorigaitzez bere sortze eta heriotz egunak ez ditugu ezagutzen.
Ohar bat : Mardok, garai bereko beste bertsulari bat, Museña izenekoa, aipatzen du bere kopletan. Biak Barkoxtarrak ziren.
Herri berekoa, Pierre Topet- Etxahun (1786-1862) orduko "olerkari madarikatua", Euskal Herriko bertsulari-olerkari kantatuena dugu. Kondairetako pertsonaia horren bertsuek gaitzeko samintasuna dakarte.
Larraineko Louis Ligueix, goiz zendua, arrunt bestelakoa zen. Goxoa eta jendakina, "Kantuz, kanta, kantore" liburuttoan agertu kantuek haren sendimenduen berri ematen digute.
XX. mendearen hastapenean, Ohitx eta Borthiri-Sala bertsutan ari ziren oraino Xiberuan. Iruriko Pierre Bordaçarre-Etxahun (1905-1979), hamalau pastoralen eta kantu anitzen egilea, koblakaria ere zen.
Gaurko egoerari behatuz, 2010ko XI - LA - BA Iparraldeko Bertsulari Xapelketaren finalean xiberutar batek parte hartu du lehen aldiz, Joanes Etxebarria-k. Honekin, Xan Alkhat eta Ramuntxo Christy-ren inguruan dinamika berri bat ari da sortzen Xiberuan eta bertsu eskola bat badago. Bestalde, saioak ugaritu dira, besteak beste urtero 2001az geroz, maiatzean Urdiñarben egiten den Musikaren Eguna kari antolatzen den lehiaketa bezala.