Enbeita dinastia eta Amuriza txapelduna
Bizkaian, aspaldikoenetarik bat Durangon bizi zen Juan Krutz de la Fuente dugu. Besteak beste gaur egun oraino abestua den "Ator, ator mutil etxera" kantuaren sortzailea da. Baina bereziki Enbeita familia aipatu behar dugu, egiazko "dinastia" horrek, herrialde arras industrializatu horretan, bertsularitza berpiztu baitu : Kepa Enbeita (1878-1942), haren semea Balendin (1906-1986), eta biloba Jon (1950).
Euskal Herri osoa elkarrekin kurritu dutenak eta bertsugintzan toki berezi bat dutenak : Jon Lopategi (1934-2019) eta Jon Azpillaga (1935-2017). Beren iritzi politikoengatik Francoren presondegietan egonak dira. Mugartegi eta Mañukorta ahantzi gabe, Bizkaia harro izaten ahal da bertsularitza errotik modernizatzen jakin duen Xabier Amuriza sortarazirik.
- Irakur eta entzun Xabier Amurizaren bertsu bat
Beste apez batzuekin, Eliza batean itxialdi bat egiten zuten, Euskal Herria zapaltzen zuen Francoren errepresioa errazegi onartzen zuen hierarkiaren aurka protesta egiteko. Gogorki zigortua izan da horregatik. Sei urte pasatu ditu elizgizonen zigortzeko antolatu Zamorako monastegi-presondegi batean. Izan ere, Elizitunaren arabera, elizgizonak ez ziren kartzelarazten ahal. Amuriza parada horretaz baliatu da bertsularitzaren aztertzeko eta ikusteko nola egin zitekeen modernizatzeko eta gazteen biltzeko.
Kartzelatik ateratzean, apezgoa utzi eta jende aitzinean kantatzen hasi zen.
Estiloaren dotoreziari eta arrazoinamenduaren fintasunari esker, Amurizak ukitu berri bat eman dio bertsularitzari. Berehala, ezinbesteko errefentzia bilakatu da gazteentzat, baina aldaketak gustoko ez zituzten tradizionalistek gorroto zuten.
Bertsularitzari buruzko hainbat liburu idatzi ditu eta bi aldiz Euskal Herriko txapelduna izan da 1980 eta 1982an.