Mespretxuak, gaitzespenak eta debekuak
Ez zituzten denek bertsulariak gustuko, bereziki apezek eta herriko jauntto handiek.
Auzapez batzuek bertsu saio guziak debekatu zituzten, Eliza Katolikoaren baimena osoarekin.
Bizkitartean, euskal kulturak bezala, bertsularitzak bere historiako garai ilunenak Espainiako gerla zibilaren (1936-1939) eta Francoren diktadurapean bizi izan zituen.
Camoussarry apezaren erruztapena (XIX. mendea)
J.B. Camoussarry (1815-1842) apezak bertsulari bati bertsu bortitz hau zuzendu zion:
Tripa arnoaren suaz duenian berotua
Ergelkeriak kantatuz hausten dautzute burua !
Ikara hadi trixtea, laster bahoa hobirat...
Ikusak hire zortea, kantuz hoa ifernurat !
Egia da, gizarte guzia bezala, bertsulariak ez direla sekulan akatsik gabeak izan.
Hona Jean Ithurriague-k (Baionako Euskal Museoko Zaintzale ohia, "Un peuple qui chante : les Basques" liburuaren idazlea. 1947, Edimpress argitaletxea, Paris - agortua) , kontatzen diguna :
"Bankako "Bildostegia" etxeko Manex Apezena, nahi zena zen, gizon zintzoa salbu. Bere bertsuak saltzen zituen eta salaketan berezitu zen.Hamar bat urte preso egon zen ebasteagatik. Bere ilobak bera salatzea susmaturik, haren buruaz ederki trufatu zen. Bizkitartean, Manex biziki ernea eta adimentsua zen ; erasialdiak ezin habilki egiten zituen".
Legez arautu bertsularitza (1850)
1850ean argitaratu "Eracusaldiac" liburuan, Asteasuko Agirrek ondoko agindua aipatzen du :
"Espainiar legeak hitz gordinen erabiltzea edo kantu lizunen kantatzea debekatzen du, ez gauez ez egunez, izan karrikan, plaza publikoan edo bidean, bestela ehun azote kolpez zigortua izateko eta herritik joan behar izateko arriskua bada."
Dudarik ez da debeku hori lehen-lehenik gure bertsulariei zuzendua zela !
Horietarik anitzek gogoetatu eta beren kemena eztitu behar izan dute !
Bertsularitza eta frankismoa (1936-1975)
Espainiako gerla zibilaren (1936-1939) eta Franco-ren garaipenaren ondotik, bertsularitzak euskal kultura guziak bezala, bere historiako garairik izigarrienetarik bat bizi izan du.
Hasieran, jendea ez zen menturatzen karrikan euskaraz mintzatzera ! Berantago, kultura ekitaldi bat antolatu nahi zen aldiro, herriko auzapezarengana joan behar izaten zen eta honek erabakitzen zuen lurraldeko Gobernadore Zibilarengana joatea balio zuenez. Azken honek erabakitzen zuen ekitaldia egitea ala ez, Zentsura Komiteari aipatu ondoren.
Horrela, milaka ekitaldi zentsuratuak edo debekatuak izan dira azken momentuan. Bertsulariak gobernumolde nazkagarri honen lehen biktimak izan dira. Galdetzen zitzaien erranen zutena idatziz ematea... Bat-batekotasunaren munduan, ezinezkoa zen ! Bertsulariek berek gaiak azken momentuan baizik ez zituzten ukaiten.
Halere, jakin behar da hautetsi batzuen ulermenari edo/ta eskumenari esker, hala nola Gipuzkoan, bertsu saioak aski erregularki antolatuak izan zirela 1942tik goiti. Bainan gauzak ez ziren errazak, bertsulariak etengabe zainduak baitziren kantatzen ari zirelarik.
Batzu behin baino gehiagotan kartzelaratuak izan dira "Euskaldun" sentitzen zirela eta beren aberria maite zutela erran zutelako.