Ahozkotik idatzira
XVIII. mende bukaerako, XIX. mendeko eta XX. mende hastapeneko bertsulari gehienak xumeak eta analfabetoak ziren. Bizkitartean, beren bertsuetarik batzu denen gogoan gelditu dira.
Garai batean, jende jakintsuen ekimenez, idazten bazekiten pertsona batzuek maitasuna, natura, familia edo herria aipatzen zuten bertsu batzu kopiatzen zituzten.
Esku idatziak Eliza atarietan saltzen ziren edo baserri bakoitzeko ate aitzinean uzten. Berantago, bertsuak orrialde batzuetan inprimatu ziren eta toki publikoetan hedatu. Batzuetan bertsulariak berak hedatzen zituen, beste batzuetan herrietan zehar ibiltzen zen "profesional" batek, bertsuak kantatzen zituelarik horien errexago saltzeko.
Idazki horiei esker, bertsulari batzu ez dira ahantziak izan. Ohidura horrek berantago segitu du. Bankako Felix Iriartek metodo bera baliatu du "Hitlerren amentsa" deitu olerkien hedatzeko (1946).
XIX. mende bukaeran eta XX. mende hasieran, lehen egunkariak eta aldizkariak agertu zirelarik, batzuek beren bertsuen argitaratzea onartu edo proposatu zuten. Ondorioz, orrialdeak pixkanaka desagertu ziren.
Urte batez (1931-1932) Bertsulariya deitu astekari berezitua argitaratu zen. Bertan, bertsuak eta bertsularien biografiak agertzen ziren. Zenbaki horiek guziak Sendoa argitaletxeak argitaratu liburu batean bilduak dira.
Gaur egun, Argia eta Herria astekariak, Berria egunkariak eta beste anitzek bertsuz lagundu artikuluak argitaratzen dituzte erregularki.
Prentsa idatziaz gain, bertsugintzak lekua dauka irrati eta telebistan bai eta internet sarean. Bi webgune besterik aipatzekotan, bdb.bertsozale.com Xenpelar dokumentazio zentroaren katalogoa, eta www.armiarma.com/urkiza Bertso eta olerkien hemeroteka , Julen Urkizaren Euskal bertso eta olerkien bibliografia liburuan oinarritua.