Bertsularia
Izan zadin emazte ala gizon, jatorri sozial ezberdinekoa, bertsulariak arrakasta biltzen du izpiritu zorrotz batekin gizarte-bizitzaren alderdi guziak kantatzen dituelako.
Plazako edo oholtza gaineko haren agerpenetan itxura naturalean agertzen segitzen du. Soineko berezirik gabe, eguneroko jantziekin, efekturik gabe, eskuak bizkarrean edo sakeletan. Ez laiteke haien maila soziala zein den jakin!
Estatutu soziala
Lehen, bertsulari gehienak jatorri xumekoak ziren, laborantza mundukoa.
Horrela, anitzetan baserriaren edo sorterriaren izena hartzen zuten : Juan-Francisco Petriarena "Xenpelar" Oreretako "Xenpelarre" etxekoa zen, Fernando Aire "Xalbador" Urepeleko "Xalbadorrenea" etxekoa zen ; Pernando Bengoetxea "Fernando Amezketarra" Gipuzkoako Amezketa herrikoa zen, Mattin Trecu "Ahetzeko Mattin" Ahetzekoa zen, etab.
Ostatuak ziren bertsutan aritzeko lekurik aproposenak. Ardura eskolatu gabea, edan ondoan jendea dibertitzen zuen. Egunkaririk, irratirik eta telebistarik ez baitzegoen, pertsonaia laiko harrigarriena zen. Gizarteko gai guziak jorratzen zituen eta komentatzen.
Gaurko jendartea eta bertsugintza aurpegiz aldatu den bezala, bertsulariaren jatorria eta izaera ezaugarriak aldatu dira. Geroz eta gehiagotan gune urbanoetan bizi da, goi mailako ikasketak segitua ditu, geroz eta gazteago da bertsu hezkuntzaren eraginez.
Gizon ala emazte
Bertsularitzaren historia luzean protagonista nagusia gizona izan da. Herriko plazan, ostatuetan, saioetan eta txapelketetan, gizonak baizik ez ziren bertsutan ari.
Ezagutu dugun aldaketarik eta berritasunik handiena emaztearen parte hartzearena izan da. Orohar espazio eta eremu publikoan sartu den heinean. Fenomeno berri honi behako bat emanen diogu emaztearen lekua bertsularitzan aztertuz.
Gaitasun intelektuala
Analfabetoa ala guti eskolatua izan, bertsulariak dohain handiak erakusten ditu: izpiritu ernea, argia eta zorrotza, memorio harrigarria, bere buruaz segur, hots aparteko gaitasunak.
Bertsulari baten ondoan edo bertsu saio batean gaudelarik, gehien harritzen gaituena bertsuen egiteko bizitasuna da. Gaia ez du aitzinetik ezagutzen eta beraz ezin du landu. Hainbeste irudi pasaraztea hain denbora laburrez, erritmoa eta doinua errespetatuz, errima bilatuz gaia borobiltzea, zinez gauza miresgarria!
Sekulako memoria dauka. Memoria horretan bermatzen da hitzen ez errepikatzeko baita errimen atxemaiteko. Errimen bilatzeko errextasuna, bertsulariaren baitezpadazko dohaina!
Posible da bertsulari sortzea, ezinbesteko kalitateen ukaitea, baina bertsulari on baten izateko... lana eskatzen du.
Xalbador-ek ''Odolaren mintzoa'' bere liburuan zion: "Ez dakit baden ofizio errexik, bainan etzaut iduri hau baino zailagoko aunitz baden munduan. Ez litaike ez hala! Oraino ere zonbaitek, eta nihaurek haur denboran uste bezala, dohain hutsez egiten balitz!''