Neurria
Bertsulariek nagusiki bost neurri mota baliatzen dituzte.
- Zortziko handia
- Zortziko ttikia
- Hamarreko handia
- Hamarreko ttikia
- Bederatzi puntukoa
Bestalde, hain klasikoak ez diren beste erritmika mota batzu badira, gutti baliatzen direnak.
Zortziko handia eta Zortziko txikia
Gehienik erabiliak diren neurriak dira, bertsuak 4 neurtitz dituelarik.
Zortziko handia
Zortziko handiak 18 silaba eta bi etenaldi baditu: lehena, bosgarren silabaren ondotik, bigarrena, hamargarrenaren ondotik. Azken zortzi silabak nahi bezala uztartzen dira.
Manex gaztea lerden ederra eskuan mizpir makila
Ma-nex gaz-te-a / ler-den e-de-rra / es-ku-an miz-pir ma-ki-la
1 2 3 4 5 / 6 7 8 9 10 / 1 2 3 4 5 6 7 8
Manex gaztea, lerden ederra, eskuan mizpir makila,
Zuberoako mendi mendian dabil kasko goren bila...
Leize zilorat lerratu eta, gelditu da seko hila!
Horra zergatik, pena dolorez, mintzatu zaigun ezkila.
Zortziko txikia
Zortziko txikiak aldiz 13 silaba ditu eta etenaldi bakar bat zazpigarren silabaren ondotik.
Zer-ga-tik a-ri zai-gun / ni-ga-rrez ez-ki-la
1 2 3 4 5 6 7 / 1 2 3 4 5 6
Zergatik ari zaigun, nigarrez ezkila?
Manex gazte lerdena, eskuan makila
Mendiz mendi dabil, kasko goren bila
Zilorat eroririk, gelditu da hila!
Hamarreko handia eta Hamarreko txikia
Neurri hauek ere biziki erabiliak dira. Lehenak 18 silaba ditu eta bigarrenak 13.
Hamarrekoak bost lerro ditu eta Zortzikoak lau.
Adibidez :
Xabier Amurizaren bertsu bat (" Aita izena")
Aita nuen nik umoretsua, inoiz, geza ta gazia,
Harek agertu zidan bidea, baitzen bertsoz ikasia;
Oi ene aita, nire egunak ere aurrera doaz ia,
Baina zugandik hartua baitut bertsutarako grazia,
Nik egingo dut arbola haundi zuk emandako hazia!
Mattin-en bertsu bat (Martin Trecu)
Bestakari izan naiz Arbonan bazkaltzen,
Ate leihoak hetsirik, trankil joana nintzen...
Kantu zahar ta bertsu, orotarik bazen;
Ordu hartan ez nuen, ez segur pentsatzen,
Norbait ari zaitzala etxe arroatzen!
Bederatzi puntukoa
Egitura honen eredu dagon bat hartzerakoan, Xalbadorren "Mattin nigarrez ikusi dut" aipagarrian dauden 8 bederatzi puntukoetatik bi hautatu dugu :
1/ Mattin, zu atzo arte irriaren giltza,
gaur euskal mingainean kurri zabiltza;
izpiritua duzu argi ta zorrotza,
jendartean omore pitzarazle gaitza;
gainerako gauza, ginaukazun hotza,
zure nigar-otsa, ginuen arrotza;
atzo ikusi dugu zure bihotza.
7/ Euskal haurrak etxetik urrun joaitea
da mendeak dakarren ezin-bestea;
jakinik baduela zorion-partea,
hura ezin bilatuz dabila gaztea;
gure gizartea, herria, etxea,
semetaz hustea, Zer gauza tristea!
Urrikal zakizkigu, Jainko maitea!
Punttuka eta hitz muturrak
Bertsulariek punttuka aritzea biziki gustoko dute. Izan ere, ariketa horrek hatsa hartzeko parada ematen die. Bertsu bat edo gehiago osatu behar da 2, 3 eta 4 bertsulariren artean, bakoitzak lerro bat aldian kantatzen duelarik. Aldiz, hitz muturrekin askoz konplikatuago da. Gai-jartzaileak berdin bukatzen diren lau hitz proposatzen die bertsulari bakoitzari.
Adibidez : indar - oldar - abar - lapar
Bertsulariak bertsu bat sortu behar du bat-batean lau hitz horiek errespetatuz eta arrazoinamendu koherente bat ukanez.
Batzutan, gai-jartzaileak lehen bertsua ematen du eta bertsulariak ondoko hiruzpalau bertsuak inprobisatzen ditu bertsuaren osatzeko.
Hona horren adibide bat :
Xalbadorren bertsuak, Xabier Amurizak emanik
Gai-jartzaileak eman lehen bertsu-lerroa : "Gauaz eta egunaz beti ametsetan..."
Realplayer (174 ko)