Errima
Bertsuaren ardatz nagusia. Ez daiteke bertsurik izan errimarik gabe. Bertsulari baten zailtasunik handiena errima-hitz bilaketan dago, bakar bat errepikatu gabe edo poto egin gabe.
Bertsuak ukan ditzan lau, bost edo bederatzi lerro, denak berdin bururatu behar dira: gainera ez letra edo hizki bakar batekin baizik eta gutienez bi hizki berdinekin. Adibidez: umila, sekula, arbola, zabala. Hiru hizkirekin bururatzen bada, askoz hobeki da: ezkila, hila, bila, makila. Urrunago joanez, hobe!
Aberatsa edo pobrea
Errima pobreak eta aberatsak bereizten dira. Bat edo bi bokale berdinekin bururatzen diren errimak pobreak dira. Adibidez: lekua, hiria, pilota, meza edo burua, ordua.
Kasu honetan: hitza, giltza, zorrotza, esperantza errima aberatsa da eta honetan oraino gehiago: elizan, gerizan, (an) atzizkia errima-kide izatez gain, aitzineko kontsonantea (z) eta honen aitzineko bokalea (i) eta hasierakoa (e) ere bat egiten baitute.
Errimaren bilaketa
Gai bat aurkeztua zaiolarik, bertsulariak errima aberatsak behar ditu berehala atxeman. Adibidez hitz hauek gogora heldu zaizkio:
- ezkila
- makila
- etxola
- arbola
- autoa
Autoa baztertuko du errima pobrea baitu, berdin etxola eta arbola, ILA errimarekin bururatzen direnak atxikiz, bila eta hila hitzekin ordezkatuz. Bertsuari egokitasun eta ontasun maila emango dio gogoan atxikiz beti errimaren aberastasuna bertsuaren edukiaren zerbitzuko dagola.
Poto egitea
Bertsu batean, bi aldiz hitz berdina erabiltzea lerro mutur bezala, erranahi berarekin, Poto egitea deitzen da. Balioa kentzen dio bertsuari eta kaltea eragiten bertsu-saioan lehiatzen ari den bertsulariari.