Piarres Larzabalen ikerketa (1955)

Piarres Larzabal (1915-1988) © DR
Piarres Larzabal (1915-1988) © DR
Piarres Larzabal idazleak 1955ean egin mintzaldi batean, 1922tik eta 1955a arte ikertu zuen garaiaz argibide interesgarri hauek ematen zizkigun (ikus Piarres Larzabal, Idazlanak VI, Etnografia solas eta mintzaldi, Elkar, 1996):

  •  150 bat komedia labur eta luze bildu zituen
  •  30 bat idazlek eginak
  • Iparraldeko 68 herritan emanak, eta bat edo beste Bordelen eta Parisen.

Honela aipatzen du bere ikerlana: "Aitor dut, uste ez nituen traba batzuek ene lana zaildu dautatela… Beha ba: obra berak kausitu ditut bi titrekin, edo bi obra titre batekin. Obrak kausitu ditut laburtuak, luzatuak edo nahastekatuak. Obra berarentzat agertu zaizkit bi izkiriatzaile, bata bertzea bezain zintzo eta zorrotz. […]
Teatro obra izkiriatzaileetarik erditsuak apezak ditugu. Gainerakotan, hiruentzat bi gizon eta emazte bat."

Hazparneko adibidea

Pierre Duhour, Hazparneko berriketariak horrelaxe aipatzen zuen garai hura 1954ean Herria astekarian (Herria, 1954/04/04, 220. zenbakia):

"Lehen ere, hogoita hamar-hamabi urte hotan, Haritz-Barnen, agertu dira eskuarazko ikusgarri batzu mami handikoak, irringarri eta funtsezko, denetarik, baitzuten arrakasta. Gehienak, Mgr Justin Mirande gure jaun erretor ohiak moldatuak, laguntzaile batzuekin. Hogoita hamar komedia bederen badira hor gaindi.
Urte guziez mutiko eta neskek emaiten zuten ihauterian beren komedia, beti bazen bientzat komedia berria eskuaraz. Ez ziren "Etxahun" eta "Bordaxuri" bezen luzeak; bainan, zonbaitek, hala nola "Bettiri Miliunera" eta "Tentazionea" eta beste zonbaiten funtsa, berdin balio handiko edo… handiagoko zuten.

Bakarrik ez zuten hoinbeste harrabots eta etxekoz-etxeko ari ginen. Nehun komedia guti zen eskuaraz duela hogoita zonbait urte; Hazparnen lehen gerla ondoan hasi ginen, Mirande gure jaun erretor maitea denen akulatzaile eta Pierre Harozteguy jaun bikario zena haxean emaile."